Amaren bularra

Amaren bularra

Aurrekoan, bizikletan etxera bidean nindoala, bikote gazte batekin eta euren alaba txikiarekin gurutzatu nintzen. Haurra, amaren besoetan zihoan, etxean bezala sentituz-edo. Halako batean, ni ia euren parean nengoela, amak, oinez zihoan bezala, kamiseta mugitu, bularra atera, eta haurra bularrean kokatu zuen. Ez zidan gehiago ikusteko denborarik eman, baina eurak begien bistatik galdu aurretik, amari irribarre egin nion, babesa adierazteko intentzioz-edo.

Irribarrea aurpegitik erantzi aurretik iritsi nintzen etxera, eta pentsakor egon nintzen hainbat denboraz. Hain natural sentitu nuen ama hura haurrari bularra ematen, hain normal… Arraroa eta dena iruditu zitzaidan hainbeste polemikadun gai bat izatea; ama haren keinu sinple hark, horretara eraman baininduen, normaltasun edo normaltasun ez horretan pentsatzera.

Amaren bularraAzken hilabeteek zeresan handia eman dute publikoan bularra ematearen inguruan, zeresan handiegia nire ustetan. Kafetegietatik bota dituzten amen kontakizunak entzun ditugu, baita bularra ematea hainbat tokitan praktika ilegal bat bihurtuko denaren zurrumurrua ere.

Beste alde batetik, askotan ikusi ditugu hainbat argazki (Facebooken hala nola), bularra ematea ilegalizatzearen aurka; edo-eta toki publikoetan amei euren haurrak elikatzeko tokia uztearen alde. Izan ere, argazki horietan, irrigarritzat salatzen zuten bularra ematea lizuntzat izatea, iragarkietan (telebistan, aldizkarietan zein kalean) edozein produktu iragartzeko emakumeak ia-ia bilutsik agertzen diren bitartean.

Kritika izugarri entzun ostean, bestalde, entzun dira amei ezer kontsumitu gabe euren lokalera sartu eta bularra emateko gonbita luzatzen dieten ostalarien hitzak ere; eskerrak.

Ama bat bere haurrari bularra ematen ikustea lizuntzat daukan gizarte honek, arazo handi bat daukalakoan nago. Ez baita berdin gertatzen ama batek bere haurrari biberoia emateko hautua egiten duenean. Haurra elikatzen ari da kasu horretan ere, baina ez da inongo arazorik izaten. Gainera, Facebooken ikusiak ditudan kritika horien alde, galdetu beharra daukat bularra ematea ekintza lizun bat iruditzen zaien horiei, zergatik ez zaien berdina iruditzen perfumeen iragarkietako irudi ia bilutsia. Zergatik daukagun oraindik ere hain estereotipatuta gizartea. Zergatik.

Etxerako bidean irribarre egin nion ama hari. Ez dakit egiten ari zenean babesten nuela esan nahi nion. Ez dakit onartua sentarazi nahi nuen. Ez dakit bere haurra hain natural elikatzen ikusteak ilusioa egin zidala transmititu nahi ote nion. Kontua da, irribarre haren zergatia oso ondo ez badakit ere, beste behin halakorik gertatzen bazait, beste ama bati ere berdin-berdin egingo diodala irribarre.

.

Argazkia: Barbara Bertrand (Irriargi elkartearen blogetik hartua).
Amaren bularra

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

2 pentsamendu “Amaren bularra”-ri buruz

  • Alazne Etxezarreta 2016-11-03 10:33

    Kaixo Maddi!

    Ados zurekin ume baterei bularra ematea ez dela lizuna eta normala dela eta askatasun osoz egin beharreko kontua dela. Baina : “ama batek bere haurrari biberoia emateko hautua egiten duenean. Haurra elikatzen ari da kasu horretan ere, baina ez da inongo arazorik izaten” horrekin ez nago ados. Hautua denean (eta ez beste erremediorik gelditzen ez denean) munduko amarik txarrena zara gizartearentzat eta gehien bat emakumeentzat. Nola ez diozula zure haurrari bularra emango? Amaren esnea hoberena da haurrarentzat! Eta amarentzat zer da hoberena?
    Hemendik aldarrikatu nahi dut biberoia emateko hautua askea eta errespetatua izan dadin!
    Eskerrik asko!

    • Maddi Etxeberria 2016-11-30 23:16

      Aupa Alazne!
      Bai, arrazoi duzu ama txar moduan ikusten direla maiz; baina nire esaldia ez zihoan hortik. Kalean biberoia ematea ez dela gaizki begiratzen eta bularra ematea baietz esan nahi nuen; biberoiarekin ez baitzara zure gorputza “erakusten” ari.