Alu baten testigantza

Alu baten testigantza –

Amarekin ari naiz telefonoz. Esaten duen guztiak azkura eragiten dit. Guzti-guztiak. Nire burua kontrolatzeko saiakerak geroz eta saiatuagoak dira. Porrota. Oihuka hasi naiz. Haserreak irabazi du partida beste behin ere.

– Hilekoa jeitsi behar zaizu, ezta?

Eta hurrengo egunean, odola.

Hemen hasiko da kontakizuna. Ongi etorri alu baten –nire aluaren– testigantzara.

Kuleroak gorritzen hasten naizenean ez naiz nire gorputzean kabitzen. Gorputz hau nirea da? Bai, nirea da. Baina ez da haragia, airea da. Haragiak alde egin du egun batzuetarako, bueltatuko da, baina momentuz gas mordoa bilakatu naiz. Nanoplaneta bat naiz. Gasa.

Munduan bizi diren 7.000 milloi eta pikuak soberan ditut. Eta soberan ere nire sabel borobila. Beti al da hain itsusia? Eta aurpegi osoa estaltzen didan pikorta hau noiztik dago hemen? Ispilua etsai aitortua da.

Ohean sartu nahi dut, desagertu. Baina ez. Iratzargailua, lana, erosketak, sukaldea garbitu, ingelera ikasi eta GAPera joan. KAKA ZAHARRA.

Oihukatzeko gogoak ditut. Norbaiten aurka joateko gogoak. Odola sua bilakatzen ari da eta eztanda egingo duen sumendia bilakatu naiz. Kontuz.

Alu baten testigantza

Baina ezinegonak erosotasunari ematen dio bidea. Odol jarioa eten da eta nire umetoki- lepoak ez du okuparik behar.

Haragiak bere tokia berreskuratu du. Gorputza naiz berriro ere. Nire gorputzean toki dut, etxea da, bizitoki eta arnasgune. Nire praka gustukoenak jantzi ditut, eta ezpainak gorriz margotu. Ispiluari musu bat emango nioke. Ez dut egin, lasai.

Bizitza zoragarria da! Zerua urdin dago eta txoriak kantari ari dira. Energiaz beterik sentitzen naiz. Mendira joateko, korrika egiteko edo poteoan joateko! Goazen poteoan. Jendez inguratuta egon nahi dut, betiko elkarrizketa monotonoak erreproduzitu eta nire orrazkera berria munduari erakutsi.

Apurka- apurka etxea gotorleku bilakatzen hasiko naiz berriro ere. Ezpainak ez ditut margotuko eta kamiseta basiko bat jantzi dut. Idazteko gogoak sartzen ari zaizkit, margotzeko. Musika jarri eta orriren baten zuritasuna apurtu nahi dut. Ideiak dantzan daude buruan, bizirik.

Baina konturatu naizenerako gaua da. Dena da iluna, dena da grisa. Hodei erraldoi bat jarri da nire mundu ikuskeraren aurrean. Ez nau inork maite eta dena dago gaizki. Dramatikoegia? Dramatikoegia. Baina hala da. Triste nago, oso triste. Izozkia jaten emango nuke eguna, baina loditzen naiz! Kirola egin? Ez, ez dut nahi. Zinema? Ez dut nahi. Irakurri? Ez dut nahi. Sukaldatu? Zer, gero jateko? Ez!

Begiak malkoz bete zaizkit. Jendearen aurrean. Ez nuen nahi, baina atera dira, tristura indartsua da. Eta nola gelditu hura jatorririk topatzen ez zaionean? Zergatik nagoen triste? Ez dakit.

Alu baten testigantza

Gaur euria ari du. Bizikletan joan behar naiz lanera eta kotxeek ez dute paradarik egiten zebra-bideetan. Haserrea dator berriro ere nigana.

– Zu, bai zu, etorri hona!

Makarrismoa agertu da oraingoan.

Eta hurrengo egunean, odola.

Alu baten testigantza