Alkate, Zinegotzi eta bestelako kargu publikoei euskararen ezagutza exijitu behar zaie?

Alkate, Zinegotzi eta bestelako kargu publikoei euskararen ezagutza – 

Gure gizartean eztabaida izan ohi da administrazioa publikoan lan egiteko eskatzen diren Hizkuntza Eskakizunen inguruan. Batzuen ustez, gehiegi eskatzen dute eta beste batzuen ustez, gutxiegi. Noizean behin, politikariek horren inguruko ika-mika pizten dute, batez ere alderdi zehatz batzuen aldetik. Bada, politikariei eurei, hain zuzen, exijitu ahal zaie Hizkuntza Eskakizunen bat, kargu publiko bat eduki eta bertatik kobratzeko?

Hasteko, egin diezaiogun galdera bat geure buruari: euskara esparru guztietara benetan zabaltzea ala paperean utzi normalizazio planak? Gizarte digitalizatuan bizi gara gaur egun, inoiz baino aukera gehiago dauzkagu euskara ikasteko eta erabiltzeko. Administrazioko hainbat langilek euskara maila egiaztatu behar dute haien lanpostuetan aritzeko. Kargu publikoentzat, ordea, ez da beharrezkoa euskara profila izatea..

Baina, zer dira kargu publikoak?

Alde batetik hauteskundeetan hautatzen diren hautagaiak edo kargu politikoak daude: legebiltzarkide (parlamentario), udalbatzarreko partaideak, zinegotziak, alkateak, sailburuak, ahaldun nagusiak, Lehendakaria eta abar. Baina horietaz gain, badira haien menpeko hainbat kargu ere. Normalean, kargu politikoek “konfiantzazko karguak” aukeratzen dituzte, hala nola, alkate ordeak, zuzendariak, idazkariak, saileko arduradunak eta enpresa publikoetako nagusiak, besteak beste. 

Hori da, hain zuzen ere, Euskal Herriko biztanleriaren ehuneko handi batek hausnartu duena. Bertokoak izanda euskara erabili behar dugu. Ezin da zabaldu “gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” leloa segituan muzin egiteko, politikari ugarik egiten duten bezala. Tamalez, horrela izan ohi da. Dena den, gure esku dago egoera hori aldatzea. Administrazioko langileek euskara hizkuntz-eskakizunak bete behar dituzte maila altuena egiaztatzen, alegia, B1, B2, C1 eta C2 mailak. Azken batean, haiek dira eguneroko izapideak egiten dituztenak herritarrekin. Bada, funtzionarioei ez bezala, kargu publikoei ez diete euskara titulurik eskatzen. Are gehiago, ez diete inolako formakuntza edo titulurik eskatzen (ezta DBH edo Batxilergoa ere). Ikasketak ez eskatzea, aspaldiko arrazoia da. Garai batean aberatsek zuten soilik ikasteko baliabideak eta mugak jartzeak, hortaz, sufragio pasiboa -hautatua izateko eskubidea- oztopatzen zuen, gizarte-mailen arteko arrakala sakonduz. Gaur egun, ordea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo DBH -izenak dioen bezala- derrigorrezkoa da. Eta ikastetarako sarbidea askoz egingarriago da.

Zein karguri eta nola eskatu titulua?

Zilegi ikusten dut kargu hauei (politiko zein konfiantzazkoak) euskara eskatzea. Eta ez soilik euskara, baitagutxieneko formakuntza eskatzea. Ez da bidezkoa funtzionari bati titulu pilo bat eskatzea eta politikari bat bera ere ez eskatzea, ezta?

Hala ere,  euskara titulua modu gradualean izan beharko litzateke. Hasieran, soilik 35 urtetik beherakoei  eta B2 maila baino ez. Eta jakina,  tokian tokiko errealitate sozio linguistikora doituz. Adibidez, Legazpi bezalako herri batean ezin da eskatu Barakaldon eskatzen dena. Eta agian, langa, biztanle kopuruaren arabera ere ezarri daiteke; 1.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, esate baterako. Urteek aurrera egin ahala, maila handiago eta nagusiagoei eskatu beharko liekete. Alegia, funtzionarioei bezala azken hamarkadetan, non gutxinaka handitzen joan diren. Adibide moduan, hau: Ertzaintzan, lehen, B1 edo B2 izateagatik puntuak ematen ziren. Orain, B2 izateagatik soilik.

Eta zuk, irakurle, zer diozu?

Alkate, Zinegotzi eta bestelako kargu publikoei euskararen ezagutza exijitu behar zaie?

9 pentsamendu “Alkate, Zinegotzi eta bestelako kargu publikoei euskararen ezagutza exijitu behar zaie?”-ri buruz

  • Ez da derrigorrezkoa, baina gutxienez alderdi euskaltzaleen barne-betekizuna izan beharko litzateke. Ez da zilegia funtzionarioei euskararen ezagutza exijitzea eta alderkideei gauza bera ez eskatzea.

  • Espainieraz edo frantsesez derrigor jakin behar dute administrazioko langileek? Bai. Espainieraz edo frantsesez derrigor jakin behar dute politikariek? Bai.
    Beraz, parekidetasuna. Ala?

  • Amonamantangorri 2022-04-21 01:00

    Legalki ez. Sufragiorako oinarri-oinarrizko eskubide zibila urratuko luke. Alderdiek bai, bere kidei behintzat ikasteko konpromisoa harraraztea ongi legoke.

  • Derrigortuz gero, PSOE eta Podemos berehala B2 ziurtagiriaren maila jaisteko eta urardotzeko akordioa lortuko zuten norekin eta EAJrekin, eta politika (eta ondoren funtzio publikoa) erdaldun elebakar ziurtagiridunez beteko lukete.

  • Akatsak akats, “PSOEk eta Podemosek” idatzi nahi nuen.

  • Euskararen erabilera.

  • Ez dakit bertako hiritar izatea legalki derrigorrezkoa den ala ez hauteskundeetara aurkezteko, baina EUskal Herriko hiritar guztientzat izan behar du derrigorrezkoa euskara jakiteak, erabiltzeko eskubidea egitate bat izan dadin.
    Espainiera eta frantsesa jakitea derrigorrezkoak dira, eta inork ez du hori salatzen. Baina euskara jakiteak derrigorrezkoa behar duen ala ez zalantzan jartzen dugu.
    Espainierak eta frantsesak hemen duten estatusa edukitzea dagokio euskarari, bestela ez dago justiziarik.

  • Alderdi abertzaleek, koherentziagatik, beren kargudunei eskatu beharko liekete.
    Eta abertzale ez, baina legeetan normalizazioaren alde botoa ematen badute, ba gauza bera: koherentziagatik ere, nola edo hala kargudunei tituluren bat edo gutxieneko zerbait eskatu behar diete.

  • Abertzale orok eskuratu beharko luke euskara maila ona ziurtatzen duen titulua.