Aldaketa hemen da

Aldaketa hemen da –

Aldaketa hemen da“Mundua esnatzen ari da, eta aldaketa badator, gustoko izan ala ez”. Hauxe da denbora gutxian hain ezaguna egin den 16 urteko neskatxa suediarrak Klimaren inguruko Gailurrean botatako hitzaldiari amaiera eman zion esaldia. Hitzaldi hunkigarri bezain indartsua. Greta Thunberg ikur handi bat bihurtu da.

Batzuk modu kontzienteago batean, eta beste batzuk entzungorrarenak egiten, baina guztiok gara arazoaren jabedun. Jadanik hasiak gara nabaritzen gure Euskal Herri berde eta hezean ere. Baserritarrei behin baino gehiagotan entzun diet euria egiteko modua aldatu egin dela; orain, “sirimiri”-dun egunak askoz urriagoak direla, eta egiten duen euri guztia egun gutxi batzuetan pilatzen dela. Hemen, momentuz, ez da antzematen ur faltarik urtegiei erreparatuz gero, baina horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik. Duela pare bat aste Artibai ibaia, Kontserbazio Bereziko Eremua dena, bere ur-emari ekologikotik behera zegoen, horrek ibaiei loturiko faunarentzat dakartzan ondorioekin. Artibai ibarreko udalek, beraz, neurriak hartu behar izan zituzten ur kontsumoa eta ibaiaren osasuna orekatzeko. Orain, berriz, lehorte horretatik euriengatiko alerta laranjara pasatu gara.

Ingurumenarekin kontaktuan bizi direnek badakite zertaz ari naizen. Hiritik atera gabe bizi direnak, aldiz, ez dira hainbeste ohartzen gauza hauetaz, hemen oraindik ez baikaitu hain gogor astindu aldaketa klimatikoak. Baina urrutira joan gabe Mediterranean Experts on Climate and Environmental Change (MedECC) sareak argitaratutako azken ikerketaren arabera, bataz besteko globala baino ehuneko 20 azkarrago ari da berotzen Mediterraneoa. Ez dago esan beharrik ere horrek zer nolako ondorio larriak dakartzan, baina agian ekologista eta naturzale amorratuak soilik arduratzen dira biodibertsitatearen galeraz. Ezberdina izango litzateke, ordea, aldaketa klimatikoak gure bizimodu erosoan eragingo balu, eta ezin izango bagina, esaterako, Mediterraneora oporretan joan. Beharbada, momentu horretan gizarte osoa hasiko litzateke mobilizatzen, gure apeta ezin daitekeenean ase urduri jartzen baikara.

Baina klima aldaketa hemen da, eta guztiok daukagu eginbeharra. Politikari eta ekonomialariek ez dute zirkinik egingo herritarrok mugitzen ez baldin bagara. Eguneroko ekintza txikiek eragin handia dute, kontsumitzeko modutik hasita. Gure lurra eta bere mugak errespetatzen dituen bizimoduranzko bidea hartu behar dugu, eta hori, hura baloratzen eta maitatzen soilik lortu dezakegu. Ohar gaitezen behingoz arazoaz, eta egin dezagun zerbait, berandu baino lehen.

Aldaketa hemen da