Aberaskume eta jende arruntaren egoerak

aberaskume eta jende arruntaren egoerak – 

-Ueee, ze nolako autoa hartu dek!

-Ja, txo, bai… azkenengo modelua… 300 zentimetro kubiko, 5 segundotan 100 kilometro orduan jartzen da. Ze, gustatzen zaizu, ezta?

-Ederra duk, motel! Katxarro puska, e? Zure BMW ta nire Audi! Ederto ligauko degu, oain? Aizak, jun behar gera lokal berri horretara, badakizu, esklusiboa dena, gure mailako jendeantzat! Piboiak zauzkeagu hor gure zain, jajaja!

-Bai, karkarkar! Ze pandemia ta ze ostie, guretzat ez dago halakorik, eh? Hori jendillajearen arazoa da, ez geurea, ez dutelako non sartu beren muturrak.

-Bai, nere aitak golf club horretan bazkide da, festa pribatu honetarako gonbidapenak lortuko hizkiagu.

Bi mutilak, gazteak, aberaskumeak, enpresa gizon boteretsuen semeak. Pijoak, bete-betean. Beren eguneroko kezkak, langile xumeen gainetik, langile arruntetatik oso urrun.

Aberaskume pijo mozolo bat keinuka

Beste maila batean daude, estratosferan. Bi hizkuntza hegemonikoekin paralelismoa egingo bagenu, ingelesa, frantsesa eta gaztelania lirateke. Beren kezka ez da bizirautea edo arnas hartzeko gunea topatzea. Beren kezka aitatxok emandako kontu korronteko euroak non xahutu da.

Aberaskumeok Donostiatik dabiltza, arropa berri eta cool bila, dendaz denda. Haiek ez dute, ez, Eroskiko supermerkatuko arropa erosiko, baina ezta Zara, Springfield edo H&M bezalako kate arrunt eta “zabar” horietan, “jendillaje”arekin nahastuko eta are gutxiago, “lagunek hor ibiltzen direnik jakin dezaten utziko”. Ez. Haiek Donostia eta Donibane Lohizuneko kale garestienetan ibili “beharrekoak” dira. Markazko “oihalak” eskuratu beharrean daude, iaz erositakoak dagoeneko “zaharrak” dira eta. Bitartean, beren auto eder, distiratsu eta burrunbatsuetan ibiliko dira han-hemenka. Hori, atzerrira joaten ez direnean, New York-era, Milanora edo Madrileko milla de oro-n eta “sozializatze” lokaletan ez daudenean.

Kaletik doaz, harro eta irri, beren erosketetako poltsekin. Boulevarreko taberna batean eseri dira. Txiklea murtxikatuz eta ahokada bakoitzean ezpainak mugituz eta ahoa zabalduz, harrokeria isladatuz, are gehiago bere hegalari pilotuen ray ban betaurreko horiek jantzita daramatzatela.

Tabernako terrazan eserita daudela, auto batek arazoak ditu. Kale bazterrean gelditua dago, matxura du nonbait. Mutil gazteek ikusi dute gertaera.

-Hi motel, ikusi diak Renault Clio zahar hori? Ez diat ulertzen nola ibiltzen duan jendea trasto zahar horietan. Ez da konturatzen holakuak ez dirala aldapan gora deus eiteko ezer?

-Jende hori ez dauka, besterako aukerarik, txo! Ze uste duzu, nahita duela hori?

Bitartean, Mikel, Clio zaharraren jabea garabia gidariarekin hizketan dabil. Berarentzat autoaren matxura izorratze handia da, ez baitu alternatibarik. Eta lanean Euskal Herritik ibiltzen da, ezinbestean. Patrikatik ordaindu beharko du konpondu beharreko guztia. Pandemiak gogor jo du bera ere, eta autoaren gorabeherak buruhauste berriak eragingo dizkio. Bazekien lehenago edo beranduago pott egingo zuela 14 urteko autoak. Kontua da, estutasun ekonomikoak jota, nekez egingo diola aurre. Paralelismo urruna eginez, euskararen egoera Mikelena da. Estu eta larri egunero, aurrera egin ahal izateko. Ez du ziurtasunik, baina gogor ekin behar, jo ta ke, aurrera. Aberaskumeekiko, beste maila batean dago. Lur zoru mailan. Langile mailarena. Gehiengoak hobeto ulertuko duena, alajaina.

aberaskume eta jende arruntaren egoerak