20. Korrikan ere, euskararen alde

20. Korrikan ere, euskararen alde –

Orain dela 37 urte Oñatin hasi zen lehenengo Korrika, “Zuk ere esan bai euskarari” lelopean, hainbat lagunek korrika egin zuten euskararen alde. Bederatzi egun iraun zuen korrika hau Bilbon amaitu zen 1980ko abenduaren 7an. AEK-k antolatzen duen ekitaldi hau bi urtetik behin egiten da, aurten hogeigarren edizioa, “BatZuk” goiburuarekin. Asier Amondo koordinatzaileak azaldu zuena laburbilduz, BAT gu gara, euskaldunok; ZUK, inguruan erdaraz hitz egiten dutenak. Elkarrengandik aldendu beharrean, bil gaitezen BATZUK sortuz eta elkar ezagutuz, kultura partekatuz.

20. Korrikan ere, euskararen aldeAurtengo korrika biribila dela aprobetxatuz, hainbat omenaldi prestatu dute antolatzaileek, besteak beste, lehen korrika prestatu zuten ero-heroi horiei lehen kilometroa eskaini diete, tartean Joseba Kanpo zenari. Kanporen senideek eta lagunek lekukoa eraman dute lehen kilometroan. Haiekin, esan bezala, korrikaren beste hainbat sustatzailek ere parte hartu dute. Bigarren kilometroa ere berezia izan da. Euskal Herriko zenbait hiriburutako alkateak hurbildu dira euskararen alde korrika egitera; Bilbokoa eta Donostiakoa ez, plenoa baitzuten, baina ordezkariak bidali dituzte.

Euskal Herria euskaldunon herria izanik, 20. Korrika hau hamaika aldarrikapenekin dator, euskara gehiago sustatzeko asmoz. Hasteko, Euskal Herria euskalduntzeko, hiriburuak euskaldundu ez ezik, euskal arnasgune ere bihurtu behar dira. Harrigarria dirudien arren, Bilbo euskaldun gehien duen hiriburua da; hala eta guztiz ere, euskaraz hitz egiteko traba handiak daude. Euskal Herrian euskaraz dakitenen herenak, Bilbo Handian bizi dira, baina euskaraz hitz egiteko toki gutxi batzuk baino ez daude.

Euskararen ofizialtasuna ere sustatu nahi du 20. Korrika honek, izan ere, Ipar Euskal Herrian ez du ofizialtasunik eta Nafarroan euskararekin gatazka anitz daude. Ofizialtasunarekin lotuta dagoen gai politikoa, elebitasuna da. Askotan esan digute euskarak gaztelaniak beste eskubide dituela, baina ez da horrela. Gaztelania, Konstituzioak ezartzen du, guztiok hitz egin behar dugun hizkuntza baita. Euskarak, aldiz, koofizialtasuna dauka, baina euskal herritarrok ez gaude behartuak euskara jakitera.

20. Korrika honetan euskararen doakotasuna ere aldarrikatuko da. Gasteizen, Baionan, Donostian, Bilbon eta Iruñean, kilometro bana prest dute hori eskatzeko. Adituek uste dute, euskara ikastea doakoa jarriz gero, Euskal Herria euskaldundu egingo dela, beste hizkuntz batzuekin egin duten bezala, hala nola, flandrierarekin.

Korrikak jendea lotzen du eta lekukoak herriak josten ditu. Euskarak bizirik jarrai dezan, zuk ere, bat egin dezakezu euskararen alde, euskara gure komunikatzeko tresna nagusia bilaka dadin.

20. Korrikan ere, euskararen alde
batzuk, Bilbo, Euskal Herria, euskara, Gaztea, korrika, Zuzeu Gaztea Saria
Mikel Herce

Ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea Mondragon Unibertsitatea

6 pentsamendu “20. Korrikan ere, euskararen alde”-ri buruz

  • Nik ez dut ulertzen zegatik izan behar den Korrika etengabekoa, gauez gelditu gabe. Ze zentzu dauka gaueko 3:00etan ia inor bizi ez den lekuen artean korrika ibiltzeak??? (eta euria+hotza bada gainera??)
    Ez dauka ez hanka ez buru.

    Zegatik ez dute etapatan egiten? Adibidez, egunero goizeko 8:00etatik gaueko 24:00etara.
    Korrikak meritu handia dauka, baina are gehiago aprobetxatu daiteke.

    • Mikel Herce

      Uste dut horrela egiten dela, gure hizkuntza eta gure herria aldarrikatzeko, berdin zaigula zenbat traba jartzen diguten, aurrera jarraitzeko prest gaude. Baina, egia da, hainbat herritatik gau-gauean igarotzean, bakardadea nabaritu ahal dela, baina horrek ere, gure gizartearen erreflexua da, batzuetan euskaraz hitz egiteko nahia eta ezina, azkenean bakardadea.

      • Ba neri ere tontakeria iruditzen jata ordu horietan korrikan ibiltzea. Hamaika telebistan ikusi nuen behin eta flipatu nun. Orduan enterau nintzen gauez ere korrikan jarraitzen zutela.

        Aldarrikapena egitearen aldekua naz, baina zentzuz. Herri batetik pasatu behar baduzu, hobe ahalik eta jende gehien jakin dezala (egunean zehar). Gainera, norbait gauez zaratarekin esnatzea, astean zehar, ez dut uste atsegina danik (espero dut langile asko ez esnatzea gaueko ordu txikitan).

        • Mikel Herce

          Egia da, korrikako antolatzaileek beti diote onena dela ahalik eta jende gehien egotea, baina gauetan ez dago ea inor prest kilometroak egiteko, beraz ideia ona izan liteke gauean korrika etetea, edo behintzat hori buruz hitz egitea.

          • euskaldun bat 2017-04-08 08:08

            Gauean ez dagoela ia inor korrika egiteko?! Ba gaur gauean nire herritik igaro da eta zelako jendetza! Korrikak xarma badu eta izaten jarraituko badu orain arte egin den bezala eginez izango da. Beraz niri orain ez hasi gauzak deskafeinatu nahian, gauza batek arrakasta badu ez ukitu! Nola nabaritzen den Korrika beste garai batekoek sortu zutela. Gauean lo dagoen jendea molesta dezakeela etb entzun behar… eta edozein aitzaki tarteko antolatzen diren alkohol festek gau guztian ez dute molestatzen?! Bi urtez behin 15 segundoz bi oihuk molestatu egiten dute? Mesedez, ez nahastu bazterrak!

          • Egia da batzuetan jendea falta dela, baina ez dut uste egokia denik korrika etetea, ezin da euskaldunon artean batzuetan euskaraz hitz egin eta beste batzuetan erdaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude