Soldata arrakala arazo politiko bat da

Soldata arrakala arazo politiko bat da –

Bizitza eusteko behar beharrezkoak diren lanak albo batera uzten dituzten soldata arrakalaren kontrako planek ez dute arrakala amaituko, eta arazoa betikotu egingo dute.

Generoak sortzen duen soldata arrakalean bestelako zapalketak gurutzatzen dira gainera. Jatorriak, adinak, klaseak, aniztasun funtzionalak… eragin zuzena du auzi honetan, eta hori ez bada aintzat hartzen, soldata arrakalaz orokorrean hitz egiten jarraitzen badugu, gizon eta emakume* guztien egoera parekatu egiten dugu, gizon guztiek eta emakume* guztiek aukera berdinak ditugula aditzera emanez. Eta ez da horrela. Errealitateak kontrakoa erakusten digu egunero.

Emakume migranteek eta «bertako» emakumeek ez dute sektore berdinetan lan egiten. Aniztasun funtzionala duten emakumeek «babestua» ez den enplegu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak handiak dira, eta ikaragarriak euren baldintzengatik zapalduak izateko arriskuak. Emakume heldu gehiegiri prekaritate gordina besterik ez zaie geratzen bizitzaren azken garaietan, enplegu bat aurkitu ezinik, bizitza osoa zaintza lanetan egin ondoren, lan merkatutik sartu-atera iraunkorrean, baldintza oso kaskarretan beti. Eta emakume askori, sexu langileak besteak beste, ukatu egiten zaie langileak direla gainontzekoak egiten dutena egin arren: euren lana saldu bizi ahal izateko diruaren truke.

Soldata arrakala arazo politiko bat daArazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kapazitista hau da. Lege, dekretu eta lan araudien bidez modu basatian, erregulatuan eta onartuan zapaltzen gaituen sistema hau, hain zuzen ere. Bere burua babesteko eta betikotzeko produktiboa ez den oro kanporatu eta suntsitu egiten duen sistema anker hau (berak esanez beti zer eta zein den produktiboa).

Ez diogu geure buruari ziririk sartuko. Izan generokoak, jatorriagatikoak, klasekoa edo aipatutako gainontzekoak, soldata arrakalak ez dira desagertuko. Ez sistema honetan. Sistemak ez du utziko. Zapalkuntza, diskriminazioa, bizitzari eusteko behar-beharrezkoak diren lanak ez aitortzea, extraktibismoa, nekropolitika, harrapakeria, ondasun pribatua guztiaren gainetik jartzea eta besteren usurpazioa sistema honen oinarrian daude, sistemak behar ditu, eta ez die uko egingo.

Soldata arrakalaren auzian garrantzia hartzen duena enpresetako zuzendaritza batzordeetan emakume kopuruaren auzia izatea eta kopuru hori handitzea garaipen bezala aldarrikatzea fribolitate hutsa da, emakume gehienek enplegu prekarioak dituztenean edota soldatarik gabeko lanetan ari direnean. Ez dugu goikoen berdintasunik nahi!

Zaintza lanen antolaketa soziala eta soldata arrakala bereiztea arduragabea da, zaintza lanak ez direlako bakarrik egiten. Administraziotik zaintza lanen zerbitzuak azpikontratatzen jarraitzen badira, soldata arrakala betikotu egingo da, eta arazo kolektiboei irtenbide indibidualak ematen dien bidea babesten jarraituko dugu.

Amaia Perez Orozcok esaten duenez, polita geratzen da lan merkatuan eman behar den berdintasunaz hitz egitea etxeko komuna nork garbitzen duen alde batera utziz. Berdina gertatzen da soldata arrakalaren kontrako planen kasuan, polita da planak gora eta behera aritzea, zaintza lanak musu-truk egiten dituzten emakumeen egoerari erreparatu gabe.

Hitz egin dezagun bizigarriak diren bizi proiektuak kapitalismoaren baitan eraikitzeko ezintasunez. Ikas dezagun nola eta zertarako ukatzen dituen kapitalismoak bizitza eusteko beharrezkoak diren zaintza lanak. Aztertu ditzagun sistemak egiten digun iruzurra konponbide partzialak eskaintzen dizkigunean hauek guztiengana irits daitezkeela eta sistematik askatzeko balio dutela esanez. Gaurkoz sistema emakumeon esplotazio ekonomikoan oinarritzen da, emakume etorkinak indar bereziz zapalduz gainera; eta hori ez da neurri partzialekin konpontzen.

Jar dezagun bizitza erdigunean, eta has gaitezen bizitza sostengatzen dutenak ikusgarri eginez. Egiten duten lana aitortuz, balioan jarriz eta duintasunez begiratuz. Egin dezagun bidea zaintza lanak despatriarkalizatzeko, generorik gabekoak egiteko, eremu pribatutik ateratzeko eta pribatizazioetatik aldentzeko, eta sozialki bidezkoa den moduan banatzeko. Eraiki dezagun lehen mailako arazo politiko honek eskatzen duen konponbide sozial, politiko eta ekonomikoa.

Egia da, aliantza kriminala dago patriarkatuaren eta kapitalaren artean. Hori apurtzea da gure eginkizuna. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!

Soldata arrakala arazo politiko bat da Soldata arrakala arazo politiko bat da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

9 pentsamendu “Soldata arrakala arazo politiko bat da”-ri buruz

  • Ez, ez da. Datu estatistikoen tergibertsazioa besterik ez da mugimendu feministak auspotua komenientzia politikoz, baina planteatuta dagoen moduan gezurra izaten jarraitzen du. Porlanezko aurpegia daukazue

  • Amonamantangorri 2019-03-09 02:35

    Oso iruzkin polita: Hori gezurra da. Erreferentziarik gabe, konparatzeko daturik gabe… Mikelatsen autoritate ospetsuaz fiatu beharko gara.

    Hori bai, emakumeak batez beste pobreagoak direla, soldata gabeko zaintzak (haur eta ezinduak) beren gain hartu ohi dituztela, etab, ez du oraino gezurtatu inork.

  • Gezurrik ez 2019-03-09 13:58

    Ez dago lanpostu bakar bat ere zeinean emakumeei gutxiago ordaintzen zaien. Baina dirulaguntzak enpresei emakumeak hartzeagatik? Lanpostu publikoetan emakumeen kuotak? Mota guztietako diru laguntzak? Horretaz ez dute kexarik. Ez dute kexarik ere fanatiko erlijiosoen modura soilik sexu batentzako ekimen sexistak prestatzen. Gero segregaturiko eskolei buruz arituko dira.

    Atzo Ciudadanosekin batera atera zirenek euren buruari galdetu behar diote zergatik dauden estatu inperialistak, alderdi eskuindarrak, egunkariak, sindikatuak, poliziak… haien alde. Ahotsa ematen, dirua oparitzen, arerio politikoak epaitzen… Guzti hau millonarioek finantziatutako txorakeria bat da. Eta behin txontxongilo hauetaz aspertu direla, diru iturriak amaitu direla, zer egingo dute? Ba dirua ekarriko dien moda berria babestu, politiko guztien modura.

  • Diru gutxiago irabazten badute lantegian lan ordu gutxiagoa egiten dutelako da. Bestetik esan beharra dago bikotekidearen soldata haientzat ere bideratuta dagoela, beraz ez da emakumea gutxiago irabazten duena, familia da (aipatu beharra dago familia zaintzea ere irabazi ez materialak dituela, dena ez da dirua). Azkenik, estatua edo mugimendu feministak ez du familia baten erabakia zalantzan jarri behar, zaintza nork egingo duen erabakitzea etxeko kontuak dira eta.

  • Amonamantangorriri

    Ez da ekonomista izan beharrik jakiteko feminismoak aldarrikatzen duen soldata arrakalak ez duela ez hanka ez buru. Lan beragatik ezberdin ordaintzea sexua aitzakia hartuta ilegala da okupatzen gaituzten bi estatuetako legedietan, eta salagarria da. Praktika hau existitzen bada ere, ez da inondik inora orokortua.

    Batez beste emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzen dutela egia da, baina horren arrazoia ez da sexu ezberdinetakoak izatea, makina bat faktore sartzen baitira estatistika horretan, deliberatuko ezkutatuak. Klase soziala, ikasketa-maila, sektore ekonomikoa… Horiek dute benetan zerikusia, ez sexuak, nahiz eta feminismoak nahiago duen narratiba faltsua zabaltzea komenientzia politikoz

  • Amonamantangorri 2019-03-11 16:54

    Ziraunaren bideoa ikusita, gainerakoei ere dedikatua:

    Esan behar dut UTBHren jarraitzaile nagoela Youtuben. Are gehiago, gomendatzen dut. Lehendik ere pentsatzen nituen hainbat gauza berak hainbat bideotan esaten ditu, argudio sendoak emanez. Esan dudana ia herejia da pertsona batzuentzat, baina halaxe pentsatzen dut, eta pertsona horiei bereziki gomendatzen diet.

    Hala ere, UTBH ez zait batere gustatzen gai sozio-ekonomikoen eta lan esparrukoen gainean aritzen delarik, izan ere, gero eta nabarmenagoa da UTBH jauna Ciudadanosen sokako morroi peto, porrokatu, kasik estereotipatua dela.

    Istilu nazionaletan, jakina, espainol leial zintzoa izaki, eginak ditu makina bat adierazpen Espainiaren batasun sakrosantuaren alde. Esanen nuke bi ezaugarri nabarmendu zaizkiola UTBHri azkenaldian, diru dohaintzak iritsi ahala: batetik, gero eta bizkorrago mintzatzen da eta, bestetik, egunetik egunera espainiaren batasunaren alde eta merkatu librearen alde sutsukiago mintzatzen da. O sea, Ciudadanos. Ciudadanos, Karmelo Landaren sexu-joera bezain argi.

    Parafraseatuko dut bideo horretako adierazpen bat, ahal bezainbat haren ideologia mantenduz: “O sea, diote SISTEMAREN ondorioa dela emakumeek gutxiago irabaztea etxeko zaintzaren kargua hartzen dutelako, SISTEMAREN ondorioa da emakume pobre batek “libreki” besterentzat haurra subrogatzea, eta SISTEMAREN ondorioa da norberak prostituta izatea erabakitzea, baina aldi berean, feministek diote ABORTOA norberaren erabaki libre gisa errespetatu behar dela. Nolako kontraesana, ezta?”.

    Ba, horixe da UTBH bezalakoen marko ideologikoa.

    ¿Google, ezta? Adibide paradigmatikoa, munduko eta gure herriko langile guztientzat.

    Bitartean, emakumeak batez beste pobreagoak dira eta haurren eta ezinduen zaintza beren gain hartzen dute, zeina ez bailiteke termino ekonomiko klasikoen arabera neurtu.

  • Amonamantangorri 2019-03-11 17:43

    Eta ostia, Mikelats, neronek lan egin izan diat enpresaren batean, zeinean lankide guztiok, gizon zein emakume, ez baikenuen berdin irabazten. Ea asmatzen duken: Espainiako merkataritzagune zaharrenetakoa, oso pijoa, izenean Europako gentilizio bat daukana. Han ez dituk aurkituko bi langile, soldata bera kobratzen dutenik. Hori legala duk, bai, heuk aitorturiko “faktoreak” kontuan hartuta.

    Alde horretatik, kontziliazioa (lana banatzea eta lan orduak jeistea, ezkerraren eskakizun historikoa) erabat zilegi duk.

  • Aupa Amonamantangorri!

    Alde batetik ados, UTBH espainiarzalea da, baina feminismoari krtika egokia egiten diola deritzot. UTBH-ren pasarte iruditzen zait ez duzula ongi azaldu, feminismoaren kontraesanetaz ari da pasarte horretan eta UTBH-k azaltzen du :

    “Feministek diote sistema matxista eta patriarkalagatik emakumeak baldintzatuta daude, baina gai batzuetan soilik adibidez ikasketa edo lan aukeraketan, BAINA feministen ustez emakumeak libreak dira abortatzeko (hor ez daude baldintzatuta)”.

    Kontraesana garbia da eta UTBH-k arrazoi duela iruditzen zait, kasu honetan.

    Soldata arrakalarena beste ipuin bat besterik ez da, oraindik horrekin ibiltzea ere…
    Egia esateko, ezker abertzalearekin esperantza banuen, estrategia aldaketaren ondotik beste zeozer berria izango zelakoan. Baina orain feminismo antzu honekin ari dira.