Nire bikotekideak bortxatu ninduen eta inork ez zuen deus jakin

Nire bikotekideak bortxatu ninduen eta inork ez zuen deus jakin – 

Orain dela hainbat hilabete nire mutil lagunarekin laga nuen. Harremana moztu genuen eta nire ingurukoak asko harritu ziren, batzuk tristetu ere egin ziren! Esan zidaten oso pertsona ona zela (bera, nire ohia, esan dezagun X dela bere izena), oso ondo portatu zela nirekin eta nola edo zer gertatu zen erlazioa bukatzeko. Esan beharra daukat berba horietako bakoitzak arantza bat iltzatu eta barreneraino sartzen zidala, harik eta minez lehertu arte. Baina ezin diet errua leporatu (errua, ene bada! Zeinen katolikoa naizen batzuetan!) eurek ez zekitelako ezer, ez zekiten zer jazotzen ari zen nire etxean, lau hormetatik barrurantz. Zergatik ez diegu hurbilekoei kontatzen gertatzen zaiguna marka erregistratutako harremanaren barruan?

Gainera, testuinguru apur bat jartzeko, oso politizatua nengoen (eta banago). Ordurako irakurrita neuzkan Coral Herrera, La Vasallo, Mari Luz Esteban, ez dakit zenbat artikulu, nire GRALa maitasuna eta bortizkeriari buruz egin nuen, hots, maitasun-hausnarketetan nahiko murgilduta nengoela esan dezakegu. Baina oporraldi batean X-ren lagun batzuen etxean lo-kuluxka egiten ari nintzelarik bera logelan sartu eta bortxatu ninduen. Nik ahots etenaz ezetz eskatu nion, baina hori berdin da, ez nuen nahi eta argi zegoen lotan nengoelako nahiz eta ezetz esan edo ez esan, soilik bai da baietz. X-k amaitu zuen eta igeri-lekura alde egin. Shockean geratu nintzen, ez dakit zenbat denbora, mugitu ezinik. Gero dutxara joan eta indarrez gorputz osoa igurtzi nuen lohi sentitzen nintzelako, zauritu arte marruskatu nuen. Eta deus gertatu ez balitz bezala atera nintzen mundura, malkoak atzean utzita, inori kontatu barik banekielako zer esango zuketen eta gertatutakoari hitz bat jartzea, ahoskatzea, ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Eta Ene! Heiko! Badakik X oso mutil ona dela, akats bat izango duk esaten nion neure buruari.

Judithek Holofernes lepo egiten – Caravaggio 1599

Harremana bukatuta eta denbora luze bat pasata nire lagun minei kontatzen hasi nintzaien. Halere, beti nerabilen buruan ondorengo galdera: Zergatik ez diok inori esan? Eta orain uste dut harreman afektiboak pentsamolde monogamoaren barruan eraikitzen ditugula eta horrek, modernoena edota irakurritakoena izanik ere, ez dizu lagatzen zure hurbilekoei gertatzen ari den hori kontatzen. Izan ere, aipatutako pentsamoldearen arabera, bikotearen zatia da eta bikotean gelditzen da. Gizartean bikotekideak nahiago ditugu aspaldi ezagutzen ditugun lagunak baino. Zergatik? Gauean triste egoten garenean besarkatzen gaituztelako? Zergatik lagun batek ezin du hori egin? Ez luke zentzu handiagoa izango? Erantzuna oso luzea izango litzateke baina afera horiek mahaigaineratu beharko genituzke eta bueltatxo bat (edo bi) eman. Bestela, argitara ilkitzen ez badugu nola babestuko dugu geure burua? Eurak gure isiltasunaz baliatzen dira.

Nire bikotekideak bortxatu ninduen eta inork ez zuen deus jakin

Zure konfiantzazko euskal marika zoratua naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude