Isildu zaitezte pixkat, mesedez!

Isildu zaitezte pixkat mesedez

Aurreko urtean dezepzioa izan zen nagusi egun honetan. Dezepzio honek iturri anitzak izan zituen, baina nagusiena bortxatzaile nazkagarri bati egin zitzaizkion omenaldi eta goraipamenetatik etorri zen. Maradona BORTXATZAILE, TRATU TXARREN EMAILE eta ERASOTZAILE baitzen. 

Omenaldi eta txalo horiek mundu osotik iritsi ziren bai, baina Euskal Herritik ere. Asko. Asko baino gehiago. Erokeria izan zen. Espero ez zenuen zure betiko laguntxo hori ere gaizkile hori omentzen aritu zen. Zure kuadilako jendea, inguruko ezagunak, lehengusuak, urteko 365 egunetan ahoa aldarrikapenez josten zaion hori… denak! Hori bai, omenalditxo hori argitaratu eta gero, mezutxo bat idatzi zuten #A25a omentzeko ere. Nola ez. Isildu zaitezte pixkat mesedez. 

Ez dakit zerk mindu ninduen gehiago, omenaldi zorrizto horiek egiteak, edo horiek egitean sortutako min, dezepzio eta kalteak ez ulertzeak, ez ikusteak. Batzuetan espektatiba altuegiak ditudala iruditzen zait. Nire inguruan entzun izan ditudan esaldi, hausnarketa eta galderak entzun eta gero konturatu naiz ditudanak espektatibak direla, ez errealitatea. Inguratuta baikaude. 

Biolentzia matxistaren kontrako eguna da gaur. Egunero. Aurreko urteko Maradonaren kasua susto ederra izan zen. Baina horrelakoak egunero daude. Begira, “La Audiencia de Madrid permite que el futbolista condenado por maltrato Lucas Hernández evite la cárcel”, “El futbolista Jérôme Boateng, condenado por agredir a su expareja”.

azaroak 25Benzema, Ribery, Theo Hernandez, Ruben Castro, Braulio Nóbrega. Horrela luze egon naiteke. Zigorra bete zuten? Kartzela inork ez. Zertxobait ordaindu eta kitto. Beraientzat ez da molestia hori, gero Ogasunarekin beste auzitxo bat konpondu eta aske berrio.

Guk ez dugu botere judizialik. Argi dago botere hori duenak, sistema guztia aldatu beharko lukeela goitik behera. Baina guk, iritzi publikoa sortzearen ahalmena dugu. Eta botere hori oker erabiltzen ari gara. Akaso noizbait zigortu da futbolistaren bat leporaketa hauek eta gero? Ez. Akusazio horien ostean, “joder ze ona den” bat joan da. Besterik gabe. Baina eh, ez naiz futbolistez soilik ari eh. 

Zaku honetan sartzen dira zure kuadrilako hori, gaztetxeko errege den hori, zure klasera zijoan hori, zurekin spinning egiten duen hori, zure irakasle hori, zure nagusi hori,  musika talde horretako abeslari hori, aktore hori, aurkezle hori, zure etxe pareko fruta saltzaile hori, autobus gidari hori, taxista hori, zerbitzari hori, herriko jai batzordeko kide hori, kazetari hori, idazle hori, lankide hori, zuzendari hori, txirrindulari hori, saskibalolari hori, errugbilari hori, tik toker hori, txoznako arduradun hori, kontzertukide hori, surf monitore hori, bikote hori, bikote-ohi hori, senar hori, senar ohi hori. Eta ziurrenik zu. 

Konplize izatea erasotzen laguntzea da, ez ahaztu. Eta modu askotara izan zaitezke konplize. Eta, beraz, erasotzaile eta “maltratatzaile”.

Isildu zaitezte pixkat mesedez

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Isildu zaitezte pixkat, mesedez!”-ri buruz

  • Ay ama! Ze beldurra! Artikulu hori irakurri ondoren seinalatua sentitzen naiz eta erruduna, gizona izateagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude