Hooksen irakaspenak Arrazakeriaren Kontrako Egunean

Hooksen irakaspenak Arrazakeriaren Kontrako Egunean –

Iaz zendu zen bell hooks, ezinbesteko akademiako kidea, idazlea eta aktibista feminista zein antiarrazista, beste gauza askoren artean, zapalkuntza desberdinen arteko loturen inguruko teoriei egindako ekarpenengatik ezaguna dena. Ez dira ausazkoak edo akats izen-abizenak letra txikiz idatzi izana: berak hala egitea hautatu zuen – Bell Blair Hooks birramonaren omenez-, garrantzitsuagoa zelako esatekoa zeukana bera zinez nor zen baino, zioenez. Askotarikoak dira berak egindako ekarpenak, eta hala ere, harrigarria da zenbateraino izan den nekeza bere literatura gurera iristea, beste autoreekin konparatuta -badakigu ahots guztiak ez direla berdin legitimatzen, eta horra adibide garbi bat-.
Hooksen irakaspenak Arrazakeriaren Kontrako Egunean

Bada, Nazioarteko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako egunaren harira (martxoaren 21a), Hooksen irakaspenen artean, honako hau ekarri nahiko genuke gogora: sarri egungo mugimendu feministaren aitzindaritzat jo izan direnek emakumeen zapalkuntzaz hitz egiten zuten, garaiko Ameriketako Estatu Batuetako emakume sektore konkretu baten bizipenetan oinarrituta guztiek egoera berberak pairatuko balituzte bezala; hau da, emakume arrazializatu edota pobreak existituko ez balira bezala, Mendebaldeko erdi mailako klase zuriak guztientzako hitz egin baitu denbora luzez, baita feminismoan ere.

Horrek erakusten digu badagoela zapalduari zapalkuntzak berak baino amorrazio gehiago sortu diezaiokeen elementu bat: zapaltzailearen pribilegioen ukazioa, edo bestela esateko, desberdinkeria eta diskriminazioa existitzen denaren ukoa. Izan ere, zapalkuntzaren aitortza ezak esponentzialki biderkatzen du jasandako bidegabekeriak eragindako amorrua. Azken finean, zapalkuntzak aitortu ezean edota emakumeon behar eta egoerak homogeneizatzen ditugunean, besteak beste, klasismoa eta arrazakeria ukatzen dira, eta, ondorioz, milaka eta milaka emakumeen bizipenak.

Hooksek adierazi bezala, beraz, ezinbestekoa da arrazakeriak eta horrek jendarte kapitalistetan betetzen duen funtzioa aintzat hartzea klaseen arteko harremanak osotasunean ulertzeko. Izan ere, paradoxikoki, zapaltzen dituen horien gainean eraiki da egungo sistema, eta aldi berean, sistema horrek berak kanpo utzi nahi ditu etengabe: sistemak irauteko behar dituen lanik prekarioenak euren esku uzten ditu, baina aldi berean bizkar ematen die.

Gainera, hemen arrazializazioa atzerritartasunaren eskutik dator kasu askotan, eta horri dagokionez, ezin dugu aipatu gabe utzi estatu espainiarrak Atzerritartasun Legearen bitartez modu larrian urratzen dituela pertsona migratuen eskubideak; mugikortasun askerako eskubideaz gain, bestelako eskubide sozial eta politikoak ere ukatzen ditu. Eta paperik gabe egoteak, gainera, baldintza ezin hobeak sortzen ditu prekarietatea eta esplotazioren modurik larrienean gertatzeko.

Baliteke atzerritarrak eskubide osoko pertsona gisa aitortzen ez dituen lege hori izatea administrazio publikoetako arrazakeriaren ispilu larrienetakoa, baina ez bakarra: Ukrainako gerrak agerian utzi du zenbateraino arrazak edota jatorriak baldintzatzen duen gerra bateko edo besteko biktimen bizitzen balioa. Hori onartezina da.

Errealitate hori elikatzen duten tokiko zein kanpoko administrazioak gogor interpelatzeaz gain, eta arrazakeriaren kontrako egunaren harira, galdu diezaiogun beldurra pribilegiatu gisa seinalatuak izateari, landu dezagun gehiago aitortza, izan ere, feminismoa antiarrazista izango da edo ez da izango; eskubide guztiak pertsona guztiontzat orain!

Hooksen irakaspenak Arrazakeriaren Kontrako Egunean  Hooksen irakaspenak Arrazakeriaren Kontrako Egunean

ELAko Gizarte Ekintzako taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude