Galdera zerrenda bat

Galdera zerrenda bat

Nerea Ibarzabalek eta Mariñe Arberok (Txakur gorria)

Begirada batzuk erradiografiak dira. Begirada batzuk urpe sakonetaraino murgiltzen diren berunezko tantak dira, ez direnak berben azalean gelditzen. Miresten ditut gauzak izendatzen dituzten ahotsak, ikusten ez nituen zokoak seinalatzen dizkidatenak, gatazkari tripetatik heltzen dioten feministak. Zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde (ere) mobilizatzera deitu gaitu Euskal Herriko Mugimendu Feministak aste honetan, eta oihartzun bat bezala itzuli dira Silvia Pirisek eta Irati Mogollonek iaz Errenteriako COVID-19aren ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioen erronkak jardunaldietan esandakoak. Zaintza berba hartu, eta urdaileraino sartu zioten eskua hauek ere, eta atera zioten makina bat mami eta zakar. Haiei lapurtutako galdera solteak berrikusi ditut martxoaren 8an.

txakur gorria
Mariñe Arbero Astigarraga

Adibidez:

Zer da zahartzea? Nola nahi dugu zahartu? Zer da zaintzea? Zergatik jaio da zaintza pribatizatuta? Zer gertatzen da erresidentzietan? Nola eten zaintzaileen esklabotza egoera, klasea, arraza eta generoa gurutzatzen diren gune horretan? Zer da zehazki publiko-komunitarioa?

Baina:

Irudikatu ote dut neure burua inoiz zaintzaile sare batean? Irudikatu al dut inoiz gizonik zaintzaile sare horretan? Ba al dakit zaintzen? Zergatik ez dakit? Zer da bakardadea eta nola egin diezaiokegu aurre? Nola jakin nor dagoen bakarrik? Nork erabakitzen du zeintzuk diren zainduaren beharrak? Zergatik ezabatzen da norbere erabakimena zahartzaroan? Zeintzuk dira zainduen eta zaintzaileen eskubideak?

Koadernoko galdera zirriborratuok erantzun ezinik nabilela irakurri dut Tamara Claveriak egunkari honetan argitaratutako artikulua, emakume ijitoen zaintzarekiko bizipena deskribatzen duena, eta galderen zerrenda handitu dit:

Zer da zuretzat familia? Nortzuk dira zure familia? Zein betebehar dituzte zurekiko, eta zuk haiekiko? Zer da komunitatea? Zein emoziorekin identifikatzen duzu zaintza? Harrotasunarekin? Erruduntasunarekin? Zein familia ereduren beharrei erantzuten diete zure eskakizunek?

Sarri begitantzen zaidalako neure buruari patxadaz galdetu gabeko kontuak aldarrikatu izan ditudala. Konponbideak nahi ditudala, behin betikoak, erradikalak, publikoak, baina larrutik pasatu gabe dauzkadala galdera asko eta asko. Begirada feministak sarri apelatu izan nau modu horretan. Esaten dit: Ulertu al duzu berba honen azpiko guztia? Non zaude zu, eta zer egiteko prest zaude egunerokoan? Esaten dit: Ez geratu hor gainean, ez dago konponbide errazik. Ikusten ez dituzun gauza asko daude. Hartu dagokizun ardura, eta jaitsi hona.

Galdera zerrenda bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.