Gabon feministak opa dizkizuet!

Gabon feministak opa dizkizuet! –

Esango dudana ez da berria: gabonak ez dira emakumeentzat* espazio erosoak/seguruak. Badatoz kontsumoz, janariz, iruzurrez, esplotazioz, irainez eta erasoz beteriko asteak, purpurina txuriz apaindutako egun “paregabeak”.
Gabon feministak opa dizkizuet!

Gabonetan badaude lau oinarri nagusi: lehenik eta behin, estatu akonfesional baten izenpean inposatutako erlijio katolikoa; bigarrenik, “beharrezkoak” diren bazkari zein afariak; hirugarrenik, juergak; eta laugarrenik, nola ez, kontsumo neurrigabea.

Has gaitezen erlijioarekin. Errealitatea beste bat dirudien arren, estatu akonfesional batean bizi gara, hau da, estatua ez da erlijio batekin identifikatzen ezta ofizialtasunez bat aldarrikatzen ere. Hala eta guztiz ere, egun hauetan diru publikoarekin finantzatzen diren erlijio zehatz baten aldarriak ikusten ditugu: jaiotzak, argiak eta desfileak nonahi, eta hori latzagoa bilakatzen da, erlijio katolikoak Espainian zerga gutxi ordaintzen dituela gogoratzean. Hori gutxi balitz, badirudi gizarte honetako pertsona orok erlijio horrekin bat egiten dugula, eta erlijio horrek edota horren egiturak, gizartean dauden errealitateak zein pertsona guztiak errespetatzen dituela.

Aste hauetan badirudi urte guztian zehar hitz egin ez duzun pertsona horiekin denbora partekatu behar duzula, eta hori gutxi balitz, atsegina izan behar duzula. Badirudi ere, urte guztian zehar esplotatu zaituen patroiarekin bazkaldu ez ezik koinatu matxistaren komentarioak ere entzun behar dituzula. Eta guzti hori, txintik esan gabe “aurten ez baitugu gatazkarik nahi”. Egia da, batzuk familia paregabeak izango dituzue: zaintzak eta botereak era orekatuan elkarbanatzen dituzuenak, “noizko mutila” eta “noizko umea” bezalako galdera intrusibo zein heteronormatiboak egiten ez dituztenak eta zure bizitza eredua errespetatzen dutenak, baina esan beharra dago, pertsona askorentzat eta zehazki emakume askorentzat, senideek eraikitako estruktura ez dela espazio segurua, eta egun hauetan zenbait subjekturekin mahaia partekatzea tortura antzekoa bilakatzen dela.

Egunerokotasunean erasotuak garen arren, badirudi gabonetako erasoetara ez naizela inoiz ohitzen, inoiz baino nagi handiagoa ematen baitit juergan ateratzeak, badirudi neurrigabekeria eta alkohola gabonen anai-arrebak direla eta eskutik emanda doazela. Astebururo bronkak egon daitezkeela dakizun arren, badirudi gabonetan filtro feministaren maila jeitsi behar duzula, eta onartezinak diren gauzak onetsi behar dituzula, “txo nere laguna oso mozkor dago” edo “ez da jakitun egiten dituen gauzetaz” bezalako esaldiak ere onartu behar dituzula. Badirudi gabonetan gure pazientzia areagotu behar dugula, baina ez, erasoak, erasoak dira eta zure laguna baboso bat.

Kontsumismoa eta patriarkatua kapitalismoaren lagunik hoberenak dira eta hauek, nola ez, gabonetan instalatuak daude. Anerentzat panpina, Aitorrentzat baloia, Amaiarentzat sukaldea eta Unairentzat autoa. Bai, aldatu dugu edo behintzat hori uste duzue, baina ikusi al dituzue telebistako iragarkiak? Aztertu dituzue zuen familietan egiten diren opariak? Ez dakit ba, baina nik ez dut eradalketa askorik ikusten.

Kontsumismo neugarribe honetan murgilduta gaudelarik, zerbait oparitzekotan praktikotasunean, hurbiltasunean zein ahalduntzean pentsatu. Horren harira, aukera ona izan daiteke zuen auzoko liburu dendara hurbiltzeko. Egia da Durangoko azoka pasa berri dela, eta liburu pila erosi dituzuela, baina hori ez egitekotan, zenbait gomendio ekartzen dizkizuet: Bell Hooks-en Teoria Feminista: “de los márgenes al centro”; Katixa Agirreren “Amek ez dute”; Ekhiñe Eizagirreren “Alde Erantzina nabil”; Marina Sagastizabalen “Hiruki gatazkatsua”; Chimamanda Ngozi Adichieren “Americanah”; Meritxell Feixasen “Dones valentes”; Erika Irustaren “Yo Menstruo”, María Hesseren “El Placer”; Itziar Zigaren “Malditas: una estirpe transfeminista”; Nivedita Menonen “Ver como una feminista”; Larry Mitchell eta Ned Astaren “Maricas y sus amigas entre revoluciones”, Gioconda Belliren “El país de las mujeres” eta Nuria Varelaren “Íbamos a ser reinas”. Liburu asko daude munduan eta hauek soilik artamendu batzuk dira, gainera sindikatuko liburutegian gehiago aurkituko dituzue.

Laburbilduz, gizarte honetan errealitate asko daude eta hau behintzat, nirea da. Hasieran esan bezala, idatzizko honetan esandakoa ez da berria, hala ere, noizbehinka gogoratzea ez dator gaizki. Hortaz, “opor” egun hauetan egizue nahi duzuena: tokatu zaizuen familiarekin egon, eraiki duzuen familiarekin denbora pasa edo bakarrik gozatu, bizitza nahiko zaila baita derrigortasunekin eta inposatutako kultura moldeekin bat egiteko.

Gabon feministak opa dizkizuet. Gora zuek eta animo!

Gabon feministak opa dizkizuet! Gabon feministak opa dizkizuet! Gabon feministak opa dizkizuet! Gabon feministak opa dizkizuet! Gabon feministak opa dizkizuet!

Hala Bediko zurrumurru askea

4 pentsamendu “Gabon feministak opa dizkizuet!”-ri buruz

  • Gorrotoaren diskurtsoa “feminista” coletillarekin. Ideologia bakarra: nire etsaiaren etsaia, nire laguna da. Etsaiaren etsaia bakarrik gelditzen den arte… orduan komeriak. Norbanakoaren askatasunaren erakargarritasunak lagundutako ebanjelizazioa egiten duzue, bide laburrekoa. “Feminismoa” coletillarekin edozer gelditzen da zurituta, hankerkeririk handiena ere bai. Aurrez beste coletilla batzuk erabili izan dira baina orain hau dago modan. Diskurto politikoki zuzena zeure egin duzue globalismoaren dolarrez lagunduta. Oraingoz euskara salbatzen duzue inkisizio berriaren sutan erretzetik, baina garbi daukat, oso garbi, euskara bera ere deitoratuko duzuen eguna iritsiko dela. Lehen zantzuak ikusten hasita nago. Finean, globalismo neoliberalaren txotxongiloak zarete.

  • Feminismoa da egun diru publiko gehien jasotzen duen erlijioa, zerga bat ere ordaintzen ez duena eta haren dogmekin bat egiten ez dutenak sutean erretzen dituen bakarra. Hona ZuZeu-n inkisizio-epaiaren parrokia-orri berri bat. Beste erlijioak txarrak eta gaiztoak dira, deabrua kaleko argi eta afaltzeko mahaiaren beste aldean dago. Ezabatu dezagun deabrua kaleetatik, eta ez diezaiogun gure etxeko egongelan sartzen utzi!

  • Pena ematen du emakumeentzat eroso eta seguru diren gauza oso gutxi omen daudela ikusteak.
    Eta pertsona guztientzat gomendioa: ez duzula familia edo lagunen bazkari edo afaritara joan nahi? Ba ez joan. Telebista ez duzula gustoko? Ba amatatu; eta horrela zerrenda osoa. Ez du merezi hainbeste protestatu eta haserre bizitzeak. Gure garaian behintzat “borroka” baina “martxa” ere bagenuen.
    Ba hori egin zazu behar duzuna besteek egiten dutena kontuan hartu gabe.

  • Amonamantangorri 2022-01-10 12:18

    Ikuspegi kritiko interesgarria iruditu zait, irakugai gomendio eta guzi. Niri ere aipatutako gauzak ez zaizkit gustatzen.

    “emakumeentzat*”:

    Zer ote da emakumeak*, horrela, asteriskoaz adierazita? Duela urte gutxitatik ikusten da euskal feministen paperetan. Bat saltsan sartua ez badabil, nekez jakinen du zer den asterisko hori.

    Inork ez baitzidan duda argitzen, noizbait bakarrik ohartu nintzen: “emakumeak*” da “emakumeak, modu oso-oso zabalean ulertuta”.

    Horrela, dokumentuan “emakumeak*” idatzita dagoelarik, jendaurrean bozeramaileek ahoz adierazi ohi dute “emakume, trans, marika (sic), bollera (sic), ez bitar, etc”.

    Beraz, asterisko hori darabiltzuen elkarteoi sukalderaino ideologia bat sartu zaizue, ezkerrarekiko eta feminismoarekiko erabat arrotza den ideologia bat, are gehiago, puntu nagusietan kontrakoa defendatzen duena.

    Judith Butler eta Josebe Iturriozen Eliza transanimistara bihurtu zarete. Oraintxe iruditzen zait zuen dekadentziaren onenean zaudetela.