Feminismoa eta etika

Feminismoa eta etika –

Elixabete Garmendia Lasak Berria egunkarian.

Kontu zaharrekin nator; kontu xaharrekin ere esan nezake. Ekainean izan zen zalaparta, gogoan izango duzue askok. Iruñean, Katakrak liburudendako aurkezpen batean, Lucía Baskaran idazleak Hasier Etxeberria zenarengatik bota zuenean «…que está muerto y bien muerto que está». Santi Leonék ekainaren 23an kontatu zuen, Zuzeu agerkari digitalean argitaratutako Erraietatik idatzia artikuluan, bederatzi egun lehenagoko arratsalde hartan Katakraken jazotakoa. Ez hori bakarrik, Baskaranen hitzak eragin zituen gertakaria ere jaso zuen Leonék, Hasier Etxeberriak 2014an, ETB1eko Sautrela programan, Danele Sarriugarte idazleari egin zion elkarrizketaren zati «polemikoa» transkribatuta.

Feminismoa eta etikaLeonérena argitaratu eta segidan etorri zen mezu jarioa Zuzeu-ra. Ekainaren 25ean, Lander Arretxeak BERRIAn Kosta egiten zait artikulua idatzi zuen gaiaren inguruan; segidan, Argia-n, Gorka Bereziartuak izenburu luze eta iradokitzailea jarri zion bereari: «Judith Butler berrirakurtzen eztabaida ilun baten erdian». Egon da besterik ere: Txema Arinasek Euskal Idazleen Elkartearen Hitzen Ubera-n, Lucía Baskaranen ahoberokeria zantarraz eta beste dauka eskegita.

Zuzeu-ra mezua bidali zutenen artean, ageri dira andrazko bat edo beste. Han-hemenka argitaratu diren artikuluetan, ordea, ez dut emakumeen idatzirik aurkitu. Nola interpretatu isiltasun hori? Gaia, zalantzarik ez, deserosoa eta desatsegina da. Baina hortik aurrera eginez, ados ote gaude —itxuraz behintzat— jarrera feminista batetik, Hasier Etxeberria zenaren kontra jaurtitako sententzia iraingarri horrekin? Ala gaizki ulertutako sororitateak —ahizpatasunak— jo gaitu euskal munduko emakumeok?

Bai Lander Arretxeak eta baita Gorka Bereziartuak ere, gertakaria alderdi moraletik epaitzeari uko egiten diote. Moraletik, ez dakit, baina etikatik bai, etikatik aztertu beharra daude halako jarrerak. Morala, arauak dira; etika, berriz, moralari buruzko hausnarketa. Ez daude hain urruti, ala?

Feminismoak ez dio etikari ihes egiten; aitzitik, bizirik dauka bere baitan etikaren kezka, hausnarketa eta eztabaida; areago, etika feministaren garapenean dihardute hainbat pentsalarik, orain arteko etika kuestionatzetik abiatuta. Alison Jagger filosofo ingeles-amerikarrarena da aipua: «Feminista batzuek etika modernoa salatzen dute, azken batean, maskulinoa delako, emakumeei eta esperientzia femeninoari egiten zaien gutxiespena proiektatzen duelako». Francesca Gargallo, idazle italiar mexikartuak: «Feminismoa ez da bukatzen emakumeen askapenarekin […] feminismoa etika bat da, ez baitu bere arrazoiketatik kanpora uzten gizatiarra den elementu bakar bat ere».

Pikara Magazine aldizkarian, Paloma Uria Ríos feminista asturiarrak El largo camino del feminismo: dogmas y disensos artikulua argitaratu zuen iazko uztailean. Izenburuak adierazten duen bidetik, feminismoaren barnean gaur egun ikusten dituen dinamika batzuei buruzko kezka azaltzen du. Feminismoaren korronte batzuek darabiltzaten bi ardatz seinalatzen ditu: egiturazko planoa eta indibiduala nahastea, eta feminismoa mugimendu identitario bihurtzea. Lehenengotik ondorioztatzen du norbanakoak erruduntzeko joera, «baina ez bakarrik legeak hautsi edo portaera larriki matxistak erakusten dituzten gizabanako jakinak, genero maskulinoa oro har baizik». Bigarren ardatzak dakar «genero femeninoa —emakumea— biktima eternal gisa ikustea, menpean, azpiratua, gaizki tratatua eta erasotua, edozein dela ere bere egoera soziala, estatusa, lanbidea eta etnia». Azkar esanda, gizona zapaltzaile beti, andrazkoa beti biktima.

Iazko eta aurtengo Martxoaren 8ko mobilizazioek olatu morea irudikatu zuten kalean. Zorionez. Arrakastaren bitsetan egoteak baditu, ordea, bere arriskuak: gaizki liseritutako ideiak —manikeismoan oinarrituak— eta lainezak bultzatutako jokabideak —inpunitatez elikatuak—.

Feminismoa eta etika

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.