Emakume Artzainak Argira

Emakume Artzainak Argira –

Emakume Artzainak Argira

Ia urtebete blog honetan idazten hasi nintzela, eta lehendabiziko paragrafoan halaxe nioen:

Ez dakit erabat ausartzen naizen esatera… artzaina naiz. Ez da lotsa, inondik ere. Harro nago orain dela bi urte hartu nuen lanbideaz, baina hain da zaila artzaina izatea, hainbeste jakin behar da, hainbeste dut ikasteko… non umiltasunak agintzen baitit aho txikiarekin esateko, xuxurlatzeko kasik. Bada, horixe, irudikatu ahots xume bat: artzaina naiz eta gazta egiten dut.”

Emakume Artzainak ArgiraOrduko umiltasunak alboan jarraitzen du, fidel. Aldi berean, ziurtasunak gero eta toki handiagoa hartu du, zuhurtasunaren begiradapean, beti ere. Hiru zutabe horiek, denboran zehar ez dute indar bera izan. Batzuetan, umiltasuna jaun eta jabe; bestetan, ziurtasuna ere toki eske; eta gehienetan, zuhurtasuna oreka bila. Alabaina, zenbait unetan, indar oreka desoreka bilakatu da nire baitan, hemen, gure lantokian –gure etxean–, eta kaosak eztanda egin du.

Eztanda horren iturburuan nire ikusezintasuna izan da. Besteentzat ikusezina lanean –nire kasuan, etxean–; ikusezina nirekin bizi den eta lan egiten duen horrentzat –ikasle, wwoofer, bisitari…–. Irudikatu hurrengo egoera: edozein otordu, mahai baten bueltan, ardiei buruzko elkarrizketa bat, edo gaztari buruzkoa… Etengabeko “zure artaldea”, “zure gazta”, “zuk jezten duzu”, “zuk saltzen duzu”, “zu belarretara”… zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu, zu… Eta inoiz ez ni, Josebe; beti, gizona, Exkerra. Zuek ere existitu ez, ezta zuek ere: mixeria. Irudikatu hitz sorta bera kalean, azokan, mendian…

Hitz sorta gaiztoa ia beti sortzen da gizon baten ahotik –gutxiagotan emakume batek esanak–, gizon baten belarriak dira helmuga eta helburu, eta gizona hizketaldiaren protagonista. Berdin dio hamar minutu lehenago jezten ikasten egon izanak nirekin –emakume batekin–; berdin dio ikusi izanak nik –emakumeak– bizkarrean neramatzala belar-zakuak, bete-beteak. Berdin dio; izan ere, bere barruan nire lanak inoiz ez du lekurik topatzen, galbahetik behera doa –errefusara edo–. Galbahean lore –arantzadun– sorta izugarria gordetzen du, hori bai; emakumeen artean zabaltzen diren horietakoak, badakizue.

Ikusezintasuna, hasiera batean, ulertzen nuen –azken finean, ni hasi berria nintzen orduan–; mina sentitzen nuen, baina umiltasunak zuen agintea, eta zuhurtasuna ere adi zegoen. Hasieran, isilean egiten nuen negar, isilik oihu. Denborarekin, ordea, egindako lanetik, esfortzutik, eskarmentutik… ziurtasuna hartu egin dut, ahotsa goratu egin dut. Hitz sorta gaizto horien aurrean mina are handiagoa bada ere, umiltasunak iraultza aldarrikatzen du gogor, garrasika.

Azken boladan, umiltasunak badu indarra umiliazioa ostikoz jotzeko, haizea hartzera bidaltzeko.

Aspaldi honetan ez dut halakorik onartzen, nahiz eta egoera deserosoak sortu –egian esan, ordurako sortuak dira, baina nik neuk bakarrik pairatu–; eta moztu ere moztu egiten dut, moztu egin behar dut, ezinbestean. Bada denbora ez dudala jasaten beste etxe bat –edo artaldea, edo…– aipatzean, gizonaren izena bakarrik entzutea; “Mikelen etxaldean” edo“Alberten etxean” aditu orduko, solaskideari euren bikoteak eta euren lana gogora ekartzen dizkiot, eta badakit eurekiko errespetua eskatzean, neure burua errespetatzen ari naizela. Badakit, euren izenak argira ekartzean, neurea ere argitzen dela.

Nik uste nuen egoera horiek neuk bakarri bizi nituela, eta esperientzia falta zela horren arrazoia. Baina deskubritu dut ezetz, arrazoia ez dagoela hor, baizik eta beste horren buruan eta galbahean. Jarraian duzuen bideoen segidak ireki zizkidan begiak. Izan ere, bideotan artzain bera azaltzen da –Eli Arrillaga–: lehenengoan berak du ahotsa; bigarrenean, ordea, ikusezin bilakatu du kazetariak, baita bideoari izenburua jarri dionak ere.

Azken sarreran Ganaderas en Red izeneko mugimendua ekarri nizuen, eta emakume horiek, ni bezala, nazkatu egin dira ikusezinak izateaz.

Horixe bada, nazkatu egin naiz! Emakumea izan arren, artzaina naiz? Eeeez! Emakumea naiz eta artzaina naiz! Eta ni bezala, Yas, Eli, Kamila, Carmen, Martina, Aiora, Marina, Maite, Agnes, Marion, Maina, Claire, Nagore…

Artaldeak ere geureak direlako.

Artaldeak geureak ere badirelako.

Emakume Artzainak Argira

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN