Artxoak 8

Artxoak 8 –

Estitxu Garai Artetxek, Argia aldizkarian.

Artxoak 8Gu. Isildutako ahotsen jabe. Historia eta zientzia liburuetatik ezabatutakook. Gu. Erabaki guneetatik baztertutakook. Eremu pribatuan giltzapetuok. Prekarietatera kondenatuok. Lan berdinaren truke gutxiago kobratzen dugunok. Gu. Kontsumitu daitekeen objektu sexualtzat hartuok. Begirada lizun eta iruzkin zikinen xede. Gu. Bigarren planora baztertuok. Beldurrean heziok. Gau eta egun musu-truk lanean aritzera bultzatuok. Gu irainduok, jipoituok, bortxatuok, erailok. Gu… Gu, emakumeok.

Gu, nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude haizeak daramatzan hitz politez. Nazkatuta gaude egun bakarreko itxurakeriaz. Nazkatuta haietaz. Haiek, gure gorputz eta sexualitatearen gaineko erabakiak ukatzen dizkigutenak. Haiek. Argazkia. Haiek. Dirua. Gure lanari esker aberastuak. Haiek. Boterea.

Eta zer demontre, nazkatuta geunden martxoaren 8az ere. Borroka eguna behar zuena ekimen eta ekintza eza zuritzeko egun sinboliko hutsa izan da aspaldion. Baina aurtengoa ezberdina izan da. Zenbakiak zenbaki eta grebaren jarraipena gorabehera, deialdia ezin arrakastatsuagoa izan da. Agintari eta politika alorreko ordezkari asko eroso baino erosoago zeuden Nazioarteko Emakumeen Egunari lotutako ekitaldi eta abarrekin. Urtero-urtero, otsaila bukatzearen batera, berdintasunaren alorrean egiten den lana irudikatzeko unea iristen zen. Egunean bertan pare bat adierazpen egin eta kontzentraziora gerturatzearekin, kito, gai honetako urteko egitekoak beteta. Gero martxoak 9, 10, apirila, maiatza, ekaina… Egun batez martxoak 8 eta gainerako urte guztian artxoak zortzi, alkandora zuri eta gorbatarekin, kamerari begira irribarrez eta emakumeen etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzeko bileran. Greba deialdiaren arrakastetako bat hori izan, da, egonean eta eroso zeuden horiek deseroso sentitu dira berriro. Martxoaren 8a ez da makillajerako eguna.

Grebak irabazi du egunaren esanahia leheneratu duelako, lehen lerroan jarri dituelako aldarrikapen feministak, patriarkatuaren eta kapitalismoaren batura zikoitzak dakartzan diskriminazio mota guztiak azaleratuta. Protagonismo osoa mugimendu feministak hartu du, ekitaldi eta egitarau instituzionalen gainetik, berdintasun aldarrikapen orokor eta zehaztu gabeen gainetik. Eta guztiak, guzti-guztiak, sentitu dira interpelatuta eta posizionatzera behartuta. Jarreretan garbi ikusi dugu gaur gaurkoz zeintzuk diren oraindik feministon aurkariak. Eta baita zeintzuk diren ardi larruz jantzitako otsoak, patriarkatuaren zaindari finak ere. Inkisizioaren oihartzunak eta deabruak ere egin dute agerpena, atera kontuak.

Bestalde, greba deialdia berezia eta bakarra izan da. Nazioartekoa izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ikusgarritasuna ere tamainakoa izan du. Emakumeek emakumeentzat eraikitako proposamenak gure egoera izan du abiapuntu: lan etena ez ezik, zaintza eta etxeko lanak eta kontsumoa ere grebaren parte izan dira. Bakoitzak, bere errealitate eta eguneroko jakinetik egin beharreko ahalduntze prozesua oinarri hartuta, alegia.

Ez dago zalantzarik, feminismoak ez badu eraldaketa gidatzen, normaltasunez mozorrotutako patriarkatuak gidatzen du. Aurtengo martxoak 8a urrats garrantzitsua izan da horretan, baina guk eta barruan dugun deabrutxoak, planto egiten jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere.

Artxoak 8

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.