Ze beldur ematen didan!

Ze beldur ematen didan! –
Ze beldur ematen didan!Soziolinguistika Albistariaren 92. zenbakiak gogorarazi dit Naizen urtarrilaren 14ko berria: “Euskalgintza arnasberritzeaz gogoeta egingo da Sorturen Plaza Hutsa jardunaldian”. Eta gaur bertan irakurri dut Lander Arbelaitzen azken Argiako artikulua “Euskalgintza eraldatzailea, den-dena irabazteko”.

Eta pozten naiz Sortuk ere adarretatik heldu nahi badio berriro euskalgintzari, nahiz ez dudan uste inoiz utzi dionik zorionez.

Beldur ematen didana da mugimendu berriaren helburua ote den euskalgintza indartzea baino areago, euskalgintza, dagoena eta areagotu litekeena, bideratu nahi izatea eta aprobetxatu nahi izatea beste helburuetarako. Mugimendu, zeinak indartu litzakeen beste helburu horiek, baina aldi berean areagotu ere euskalgintzaren sektarizazioa soilik sektore ‘fededunei’, ezker anti-sistemaren postulatu paradisugileko tribu ‘fededunei’.

Ezen hori da diotena ideologikoki ‘aterkirik gabe’ Naizeko artikuluan (nonbait “Gogoeta hori jasotzen duen dokumentuaren arabera”):

«Hizkuntza-eskubideen aldeko borroka botere harremanak eraldatzearekin lotzen da beraz, eta justizia sozialean eta demokrazian oinarritzen den beste jendarte eredu baten aldeko ekimena da».

Eta horrela Lander Arbelaitzen artikuluan:

«beste borrokekin zubiak eraiki, etengabeko analisi politikoa landu, bizitza eta zaintzak erdigunean jarri… eta horrekin guztiarekin batera, teoriek lur hartzen duten borroka konkretuak aukeratu. Azken puntu honi dagokionez, ezin aipatu gabe utzi euskara doan ikasteko eskubide unibertsalaren aldeko borroka estrategikoa eta potentzial handikoa dela. Sektore sozial ugari inplikatzeko ematen duen aukeragatik–euskaltzale militanteak eta euskaltegietako ikasle eta irakasleak, adibidez–, baita klase eta genero irakurketa begibistakoak egin daitezkeelako edo tokian toki borrokatzeko aukera ematen duelako ere, udaletako diru-laguntzen harira. Baina batez ere, euskara ikastea doan behar duelako utopia marrazteaz gain, leku askotan lor daiteke eta jende askoren bizitzak goitik behera alda ditzakeelako.»

Euskaldunon aldeko euskalgintza biziberritu nahi da, ala euskaldunon euskalgintza erabili nahi da ezker abertzale anti-sistema idilikoaren beste helburuak azkartzeko? Euskalgintza bultzatu nahi da, ala are areago kontrolatu nahi da?

Bihar bide dute bigarren ekitaldia. Nahi nuke halako zalantzak argituko balizkidate / balizkigute… Ikusiko dugu. Oxala…

Ze beldur ematen didan!

7 pentsamendu “Ze beldur ematen didan!”-ri buruz

  • gogoeta egiteko... 2021-01-28 12:14

    Nik ez dut uste txarra denik Ezker Abertzaleak berezko edo propio egitea euskararen aldeko borroka. Benetako kontraesana da euskararen alde egotea eta euskaltzaleen natalitatearen alde ez egitea eta ordea, ordezkapen demografiokoaren alde egitea (erdaldunak EHra erakarri itsu-itsuan). Hori bai dela lazgarria.

    Gainontzeko ideologia (EAJ nagusiki) ez da oso euskaltzale. Eta haiei presio egin behar zaie, bertan dauden euskaltzaleak (egon badaude) mugi daitezen. Berdin ezker espainolistarekin.

  • Graziana Goienetxe 2021-01-28 12:37

    Zurekin bat nator, Bittor.
    “…beste jendarte eredu baten aldeko ekimena da”
    Esalditxo hau gehi “jendarte” hitza erabiltzea nahikoa da susmo txarrak hartzeko ekimen honi.

  • Beldurra? Ezker Abertzalea Euskalgintzaren arnasberritzeaz gogoetatan hasi eta beldurra?

    Beldurgarria dena, benetan beldurgarria, batzuen susmo eta mesfidantzaren praktika sistematiko hori da.

    Hori da beldurgarria.

    Printzipioz, beldur handiago eman beharko luke ezer egiten ez duten alderdien ustezko neutraltasun ideologikoak eta hizkuntz apatiak eta geldotasunak, baina ez, Ezker Abertzalearen dinamika eragilea da izua sorrarazten duena.

    Susmoak zabaltzen dituzten horietako inor ez da oroitzen, antza, euskaltzale edo den EAJk betidanik eraman izan duen politika kontrolatzaileaz (Egunkaria, euskaltegiak…). Horietako inori ez zaio burutik pasatzen noraino iritsi den EAJren politika kontrolatzaile hori alor guztietan eta baita Hizkuntz Politika guztietan ere, azken orduko Euskaraldiak barne.
    Ez. Badaezpada, Ezker Abertzalea da berriz ere “Euskalgintza erabili” eta “Euskalgintza kontrolatu” ideiekin lotu behar dena. Eta betidanik erakutsi duen euskaltzaletasun koherentea, partiduen artean zalantzarik gabe koherenteena, ahaztu eta susmopean jarri behar da.

    Eta hori ere argitu behar du Ezker Abertzaleak, borondate on-ona eta zintzoa duela argitu behar du. Alegia, mugitzen ez dakien euskalgintza elbarriari mugitzeko gurpildun aulkitxoa ipiniko diola hanken artean, bera bakarrik eta inoren bultzadarik jaso gabe mugi dadin, zeren eta bultzadaren bat ematen zaiola atzemango balitzaio, agur Ezker Abertzalearen sinesgarritasuna!

    Eta beti berdin, eta beti igual!

  • Bittor Hidalgo 2021-01-29 10:57

    Bai, Meredith, ni ere sentitzen naiz hainbatetan gehiegi eztabaidatuz ‘ezker abertzalea’ bere ‘ezkerkeriagatik’ eta gutxiegi ‘eskuin abertzalea’ bere euskaltasun ahulagatik. Gertatzen zait euskal munduaren gaineko informazioa euskaraz jasotzen dudala batez ere, eta hor egunero egiten dudala topo ‘ezkerrarekin’, bere ezkerkerian gustatzen ez zaidana, eta oso gutxi berriz ‘eskuinarekin edo’, EAJrekin edo, ez duelako nahikoa ahalegin egiten euskaraz euskal munduan, zer nik ere uste dudan egia dela, eta salagarria.
    Nik nahi nuke denok ere, ezker/eskuin politika erradikalagoa, sustraikoagoa egingo bagenu euskaldunon alde, eta aldi berean toleranteagoa, eskuzabalagoa euskaldun mota desberdin guzien alde.
    Eta politika erradikalagoaren helburu ezin liteke besterik izan euskaldunontzako ‘demokrazia linguistikoa’ baino Euskal Herrian: euskal herritar izateko eskubide osoz euskara ezinbestean ezagutu beharra ezarrita, gutxienez gaur egun espainolaren eta frantsesaren jakin beharra inposatzen diguten neurrian. Eta hori da Euskal Herriko ‘erdal komunitateek’ eta komunitate ‘erdalzaleek’ aitortu, onartu, eskatu eta borrokatu behar dutena gorekin batera, demokrata baldin badira.
    Kontua hor aurrean dauzkagun etsaiak indartsuagoak eta armatuagoak direla Sortu edo EAJ baino, eta horiei aurre egiteko orduan eta beharrezkoago, mesedegarriago dugula euskaldunon lan bateratua…
    Eta abar, eta abar…
    Goiz on!

  • Bittor Hidalgo 2021-01-30 09:56

    Gaurko Berrian kontatzen da atzoko Plaza Hutsa saioa euskalgintzaz. Kazetariaren ikuspuntua izango da, baina izenburuko galdera argigarria da, saioetako kezkaz: “Aliatu bai; baina nola, norekin eta zertarako?”

    Are argigarriagoa azpimarraturiko lehen sarrera, Ernaiko kide hizlariaren ondoko adierazpena: “Antikapitalismoan oinarritutako herri gogo bat behar da, euskaraz ari dena; euskara izan dadin hari eroalea.”

    Izango ahal dira bestelako iritziak ere!

    Argitu beharrekoa dute / dugu gure helburua: Zer nahi da / nahi dugu Euskal Herria osoa euskaldundu (ezker abertzalekoa ez dena ere) ala jada euskaldun euskaltzale garenak doktrinatu antisistema (eta bide berean anti-sistema ez garenak uxatu)?

    Eguneroko Berria, Hamaika, asteroko Argia… ikusita badirudi garbi dutela / duzuela helburua bigarrena dutela / duzuela. Eta nire ustean, hori ez da euskalgintza indartzeko biderik azkarrena. Hitz egin genezake horretaz? Nola indartu euskaldun guztion aldeko elkarlaneko euskalgintza? Aliatu bai, guztiekin euskaldun guztion aldeko elkarlaneko euskalgintza bultzatzeko, ez?

  • Ezker abertzalea hain da desgraziatua, ezer ez duela inoiz ondo egingo! Euskara bultzatzeko ekimenetan hasi orduko berehala gizarte eredu, etorkinak, eraldatzailea, demokrazia, ekologia (zergatik ez?), feminismoa… dena zaku berean nahastu, nahas-nahas egin, inork ulertzen ez duen diskurtsoa egin, begira dagoen jende guztia nazka-nazka egin, kiratsa alde guztietatik dariola. Hori da ezker abertzaleak egiten duena. Emaitza: jendeak nazka-nazka eginda alde egiten duela.

  • Benat Castorene 2021-01-31 11:38

    Hau ez da EAEkoarena eta ezkerrarena bakarrik partidu gehiena baino. Horrela esplika liteke beharbada:
    Klase politikoak “boterera” iritsi nahi du gostarik gosta. Bere helburua da. Bere estrategia elektoralista da. Merkatu azterketak iradokitzen dion araberan, bazter guziak arrastalatu nahi ditu.
    Ezinezkoa zaio prioritateak ezartzea, zektore guziek imaginatu behar baitute berauek direla prioritatea.
    Hau oligarki liberalenpeko estatuen joera naturala omen da. Zorigaitzez ez dugu momentuz besterik ezagutzen eta Errusian edo Turkian ez da hobeto.