Euskara Nafarroan: XVII. mendeko elizetatik XXI. mendeko eskoletara

XVII. mendeko elizetatik XXI. mendeko eskoletara –

Bazen behin, behin bazen, Nafarroan euskara jakitea beharrezkoa zena zenbait zereginetarako, eta ez gara edozein herritar xumek burutu zitzakeen ofizioez kalakan. Ez, ez. Euskal hedabideek erreportaje oso interesgarriak argitaratu zituzten pasa den astean, euskara nafarron hizkuntza dela egiaztatzen duten frogei buruz. Erreportajean agertzen ziren objetuen lekukotzak bikainak iruditu zitzaizkidan. Harribitxi hauek Nafarroako Artxibategi Orokorrean, Iruñean, bisitatu ditzakezue, abenduaren 31 artio, 10:00-14:00 eta 17:00-20:00 tartean.

Lergako hilarria. Lerga Zangozako merindadeko herri txiki bat da, 60 biztanle ingurukoa. 150. urtekoa da bertako hilarria, eta ummesahar eta abisunharri hitzak irakurri litezke. Ummesahar, premua alegia. Hauxe da, dakigunez, euskaraz idatzitako lekukotzarik zaharrena.

XVII. mendeko elizetatik XXI. mendeko eskoletara
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Lakubegi jainkoa aipatzen da aldare batean, Erromatar garaian Pirineotako jainkoa, Uxue aldean. Rawd al-Mitar arabiarrak azaltzen digu, 950. urteko konika batean, iruindarrak ulergaitzak direla “denak euskaraz egiten dutelako”. Hizkuntza “al-baskiya” bezala definitu zuen. 1167an, Aralarko pergaminoan, euskara “linguae navarrorum” gisa aipatzen da.

Objektu historikoetatik badaude arreta berezia piztu didaten batzuk, tartean XVII. mendeko tertzio nafarren dokumentu bat, ordurako espainiarren agindupean. 1653an argi mintzatzen zaizkie militarrak beren agintariei: euskaraz ez dakiten apaizak bidalduz gero, ez dira hauei soldata ordaintzeaz arduratuko, ez eta soldataren parte bat ere. Bestalde, Iruñeko artzapezpikuak 1676an Espainiako erregeari bidalitako gutun batean, garbi uzten dio Uxueko priorea izateko euskaraz mintzatzen jakin behar dela.

Eta elizgizon euskaldunak bidali ziren, bakoitza zegokion tokira. Agian, garai hartan munduak ezagutu zuen tirano odolzale eta genozida handienari  ez zitzaiolako bere garaikideen arrapostu zoragarria otu: baina zuk zer nahi dituzu, apaiz onak ala apaiz euskaldunak?

Tesi hori ez al da jenialitate hutsa? Pentsa, errazagoa zen XVII. mendeko monarka espainiar bati elizgizon euskaldunak eskatzea (eta lortzea), Osakidetzan mediku euskaldunak erdiestea baino; zer esanik ez Osasunbidean. 

Gaur, aldiz, Nafarroan bertan, ez dizute uzten klase ematen toki batzuetan. Ez gaztelaniaz ez jakiteagatik, noski. Euskaraz jakiteagatik baizik. Galanta mauka.

XVII. mendeko elizetatik XXI. mendeko eskoletara
elebitasuna, euskara, Osakidetza, XVII. mendeko elizetatik XXI. mendeko eskoletara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude