Unibertso paraleloak

Unibertso paraleloak –

Lehengo batean euskaltegiko ikasleekin solasean batek galdetu zidan ea Alfred Hitchcock-en zalea ote nintzen. Hasieran harritu egin nintzen bere kezkaz, baina berehala jabetu nintzen kamisetako paparrean serigrafiatuta neraman Mikel Laboaren erretratuaz itauntzen ari zitzaidala. Galdetzaileak ez zuen, nonbait, arrastorik Donostiako bardoa nor zen; elementu erabat arrotza baitzen bere erdal ekosisteman. Ordura arte uste nuen tarte handi batek banatzen zituela bere mundua eta nirea, baina ditxosozko hanka sartzetik aurrera ohartu nintzen mundu ez, unibertso ezberdinetan bizi ginela, espazioa eta denbora partekatzen duten bi unibertso ezberdinetan.

Baliteke, baina, bi unibertso horiek banatzen dituen muga, nolabait, iragazkorra izatea; baina, hala bada, norabide bakarrean baino ez da; izan ere; euskararen mikrokosmoseko biztanleok, elebidunak garenez, erdal makroespazioan gertatzen denaren berri ere badaukagu. Aldrebesko interesa, ordea, nekezago gertatzen da.

Unibertso paraleloak

Hala ere, gutxitan, baina batzuetan, gerta daiteke unibertso paralelo horietako konstalazioetan biraka dabiltzan argizagien arteko elkarreragina. Iragan igandean ikusi ahal izan genuen. Anoetako futbol zelai gainean, une batez, bi astrok bat egin zuten. Batetik, erdal makrokosmoseko izen argitsuena, Leo Messi; bestetik, euskal unibertso txikiko izar disdiratsuenetako bat, Maialen Lujanbio. Lehena, galtza motzetan baloi baten atzetik korrika ibiltzeagatik planeta osoan ezaguna; bigarrena, hitzak maisutasunez josteagatik euskaldunon artean mirestua. Hernaniarra Erreala eta Bartzelonaren arteko norgehiagokan ohorezko sakea egitera gonbidatu zuten. Orduantxe eman zion bostekoa jokalari argentinarrak, adeitasun hutsagatik, bertsolari txapelduna nor zen ere jakin gabe, ia segurtasun osoz. Anekdotaren lekuko izan diren euskaldunen artean ez da izango aurrelari blaugrana nor den ez dakienik; aitzitik, ikusle erdaldun askok harriduraz galdetuko zioten euren buruari nor ote zen Messiren ondoan kantari ari zen neska hori.

Erruki diet erreferente bakartzat esfinterren kontrola galdu gabe bi hitz nekez lotu zitzakeen futbolaria daukatenei, eurena baino askoz unibertso aberasgarriagoa ari dira galtzen oharkabean.

 

Koldo Alzola – Hala Bedi

Maialen Lujanbiok, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleak, Anoetan bota zuen bertsoa. Finalera ziren bertsolariak izan zituen ondoan (Sustrai Colina izan ezik).

Unibertso paraleloak
Barça, bertsolaritza, futbola, komunitatea, leo messi, lujanbio, maialen, Maialen Lujanbio, Messi, Reala, Unibertso paraleloak

4 pentsamendu “Unibertso paraleloak”-ri buruz

  • Unibertso paraleloak! Arrazoia. Eta errespetu kontua ezagutzen ez dugunaren aitzinean…
    Erreparatu diezue Errealeko eta Barçako jokalarien jarrerari Maialen Lujambio bertsoa kantatzen ari zen bitartean? Batetik, Illarramendiren alde banatan zeudenek erakutsi zuten begirune falta (bietako bat donostiar peto-petoa, oker ez banaiz; ote zekien nor ziren berdegunera sartu ziren zortzi gonbidatu bereziak?); bertzetik, konparazio batera, Barçako atzelari katalan ospetsua nola hurbildu zen eta nolako interesa adierazi zuen, argentinar izarra bezalaxe, ulertu gabe ere aditzen ari zena…
    Bertsoa merezi dute, batzuek eta bertzeek

  • Bada, ez zait batere fin iruditzen bi mundutan egindako banaketa hori. Lar xiplea ez ote den beldur naiz. Maialen Lujanbio ” euskaldunen artean mirestua”? Denok mirestua? Miresten ez dutenak ez ote dira euskaldun? Ez da zilegi euskaldun peto-petoa izan eta bertsolaritzari matraka lehorra iriztea? Modu berean, futbolari denbora pasa atorrantea deritzon eta euskal jokalari baten izena esaten ere ez dakien euskaldunak zer zor dio inori? Euskaldunak bietatik behar du derrigor? Zenbat unibertso paralelo? Hainbat kontu berton eta euskaraz eginak direlako nireak dira derrigor? Eta beste hainbat kanpotik etorriak, arrotz? Edo nire libertatearen arabera aukeratuko dut zerez nahi dudan neure burua jantzi eta zer arbuiatu? Laburtuz, Messi eta Lujanbio nor diren ere ez dakien enegarren unibertsoan bizi daiteke euskaratik eta euskaraz. Eskerrak!

  • Izenak ez du axola 2018-01-21 13:59

    Donostiar peto-petoarekin badut aste honetan anekdota kurioso bat:
    Gerturatu ziren aste honetan Juanmi eta bera Tolosako Euskaltel dendara sinadura batzuk egitera eta han gerturatu nintzen semearekin. Zain zintzo egon eta gero gure txanda heldu zenean ez dakit besteak euskaraz jakingo ez zuelako edo nekatuta nengoelako edo nik zer dakit …zera esan nien: “Ánimo, que ya os queda poco!”.

    Eta donostiar petoak, Donostiako PPkoekin ondo eramaten den horrek, ez dakit Maialenenen bertsoarengatik, nire gaztelania Illaramendirenaren antza daukalako edo zergaitik erantzun zidan: “Lasai, horretarako gaude!!”. Eta gero semeari, “Nola izena duzu?”. Sinadura, argazkia… Han atera ginen, semea gustora ta nik zaplastekoa jasota.

    Noski, garrantzitsuagoa izaten da batzuentzat partidu atarian postureoa mantenduz Maialenen bertsoa adi-adi eta geldi entzutea. Kontuz aurrejuzgu ta postureoarekin.

    Portzierto, kameralaria eta errealizazioa bikaina. Plano berean Piqué, Messi eta Maialen; bertsoa kantatzen ari zela. Eta bertsoa bukatzean emakume irrifartsuaren planoa ere oso polita.

    Kuriositatea daukat…. zer esan ote zion Ametsek (errealzale eta futbolzale amorratua) Messiri?

    • To, egia galanta. Postureorako zaletasuna duten horietako asko gero ez dira gai egunerokoan hizkuntz hautuarekiko (edo nazio ikuspegitik) koherente izateko. Gero inor baino euskaldunago izango balira bezala azalduko dute euren burua gainera. Bertso baten aurrean konpostura mantendu behar dela uste dutenetakoa naiz, baina gehiago balio dit futbolari horren jokabideak ez eta postureoarekin kunplitu eta abertzale bozkatzeagatik inori euskalduntasunaren inguruko lezioak ematen dabiltzan horiek

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude