Umorea jarrera gisa

Umorea jarrera gisa –

Joxe Mari Agirretxek ez du aurkezpen handirik behar. Lasarte-Oriakoa da (kasta kontuetan Gipuzkoako Sartaguda, bere arabera), adinari dagokionez “fase interesantean” dago, eta bere aurpegia Euskal Herriko etxe gehienetan sartu da. Batzuetan Joxe Mari bezala, eta besteetan Porrotx gisa, hitzaldia eman zuen pasa den astean Aiotzen, Deierrin (Nafarroa), Euskaraldiaren inguruan egiten ari diren ekimenen baitan.

Umorea jarrera gisa

Lasarte-Oria XX. mende erdialdean denbora oso murritzean aldaketa soziologiko izugarriak bizi izan zituen herrietako bat izan zen. Zer zegoen atzean? Ba gure auto askoren azpian dagoena: Michelin eta bere gurpilak. Etorkin espainiar ugari joan ziren Lasarten lan egitera, tartean Mertxe Rodriguez Serranoren gurasoak; hots, Marimototsen aita eta ama. Michelinen egin zuten topo egun lagun eta lankide diren pailazoen aitek.

Belaunaldi baten historia da Joxe Marirena: eskola frankistan ikasi zuen, eta etxean izan ezik, beste esparru guztietan gaztelaniaz mintzatu behar zen. Euskaraz hitz egiten bazekien (trakets, bere ustez), baina ez zegoen alfabetatuta. Behin irakasle erdaldunak esan omen zion bere osabaren izena idazteko, eta berak “Joxe Inixio” idatzi zuen; irakasleak ezetz, “Jose Ignacio” zela. Joxe Marik pentsatu omen zuen: “ze kristo, irakasle honek ni baino hobeto ezagutzen al du ba nire osaba?”. Egoeraz jabetuta, 16 urterekin AEKn eman zuen izena, eta bost urte igaro zituen bertan; Marimototsek, ordea, zerotik ikasi behar izan zuen. Irakaskuntza ikasketak ere euskaraz egin zituen.

80ko hamarkada hartan Takolo bihurtuko zenik usaindu ere egiten ez zuen Agustin Mujika izeneko zaldibiar bat zebilen irakasle lanetan Lasarten. Urte haietan umeen %80a A ereduan matrikulatua zegoen. Erabaki zuten ume horiei begira hasi behar zutela lanean, euskarazko erreferentzia indartsu eta alai bat izan zezaten: Olentzeroren inguruko jaialdi bat egiten hasi ziren. Beste toki batzuetatik deitu zieten ikuskizun hura egiteko, gero abesti batzuk grabatu zituzten kasetean, eta konturatzerako aurreikusi ez zuten bide bati ekin zioten.

Umorea jarrera gisaBalio ezberdinak landu zitzaketela ohartu ziren berehala, eta lanketa oso handia egin dute, beti euskara ardatz hartuta: baserria, Nikaragua, familia ereduak, gaixotasun ezberdinak dituzten umeak…

Joxe Marik kontatu zuenez, urteen poderioz ohartu ziren bazirela lanketa oso interesgarriak egiten zituzten hamaika elkarte Euskal Herrian; baina nola elkarte horien xede nagusia ez den hizkuntza, baizik eta lanketa espezifiko bakoitza, azkenean gehienetan gaztelaniaz egiten zen (da). Irrien Lagunak ekimenarekin “Bizipoza” sortu zuten, eta pailazoek elkarte bakoitzarekin lanketa bat egiteaz gain, gero elkarte horien artean sinergiak ematen dira. Elkarlanerako esparru hori euskaratik eta euskaraz ematen da, eta beraz, daukan balio sozial eztabaidaezinaz gaindi, hizkuntzak ere erdigunea hartzen du. 34 elkarte daude gaur egun. Euskaldunak errekan gora saltoka goazen izokinak garela esan zuen Joxe Marik, eta ondorioz, enpatia handia daukagula korrontearen aurka igeri egitera behartuta dauden beste arrain batzuekin.

Interesgarria da euskara eremu ezberdinetara zabaltzeko garatu duten begirada Lasarten; adibidez, gaur egun 150 kide baino gehiago dituen Ipar Martxa (nordic walking) taldea dago herrian, euskaraz funtzionatzen duena. Hau da, ohartu zerbait modan jartzen ari dela, eta erreflexu aski izan hizkuntza aintzat hartuko ez duen talde bat sortu baino lehen, euskalgintzak pausoa eman dezan. Joxe Mariren iritziz tendentzia handia daukagu euskara kultur eremuan soilik zabaltzeko (literatura, musika, bertsoak, antzerkia…), baina ohartarazten du bestelako eremuak ez direla begi bistatik galdu behar.

Umorea jarrera gisaAiotz herria Deierriko udalerrian dago, Estellerrian. Joxe Marik eredu bezala jarri zuen inguru hori, eta beranduago euskara teknikariak eman zituen datuak ikusita, ez da gutxiagorako. 1986an %3ak mintzo zen ongi euskaraz Deierrin; 2011n zifra hori %19 inguruan zebilen (neurketak egiteko metodologia aldatu zen, joera baten isla litzateke); 2018an, ehunekoak handiagoa izan behar du derrigor. Hots, 30 urtetan zazpi, edo zortzi, edo bederatzi aldiz biderkatu da euskaldun komunitatea osatzen dutenen kide kopurua. Izugarria da, eta nahiz eta testuingurua zaila izan, badago aski oinarri eta balio handiko jende etorkizuna irribarretsu ikusteko.

Horretara kondenatuta gaude, baikortasunera, eta Joxe Marik umorea jarrera bezala aldarrikatu zuen. Kontseiluko Paul Bilbaok esaten du hizkuntza bat normalizatzeko lau zutabe daudela: corpus juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa. Bilbaok uste du Nafarroan oraindik ez dagoela corpus juridiko egokirik, eta horrek behar luke egungo gobernuaren lehentasunetako bat. Hori aldarrikatzeari ezin zaio utzi, baina bitartean herri gogoa hauspotzen jarraitu behar da.

Euskaraldiak Euskal Herri osoko 400 plaza hartuko ditu, eta aukera bikaina eskaintzen du horretarako. Aukera itzela da “belarri prest” guztiak, euskararekiko jarrera ez engaiatu bat izan dutenak, euskarara hurbildu eta jada euskaraz dakigunon artean erabilerari astindu bat emateko.

Kanta tristeak maite ditugu, eta oso gurea da “ondo esan beharko” erantzutea. Ataka zailean dago gure herria, hala geunden atzo eta biharko erronkak ez dira errazak izango. Baina demonio, egin dezagun umoreaz jarrera politiko bat, instintoz jende goibelarengandik ihes egiten dugu eta.

Umorea jarrera gisa

 

Umorea jarrera gisa
Umorea jarrera gisa
Umorea jarrera gisa

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.