UEMAko eta Tolosaldeko herrietako kale erabilera datuak: bostetik hiru, euskaraz

UEMAko eta Tolosaldeko herrietako kale erabilera datuak – 

Bigarren aldiz neurtu da 2021ean Udalerri Euskaldunen Mankumonitateko herrietako kale erabilera. Denera, 93 udalerritan: UEMAko 87 udalerritan eta Tolosaldeko beste seitan. Udal horietako batzuek urteak daramate neurketak egiten, baina bigarren aldia da mankomunitate mailako neurketa egiten dela, eta modua jarri du horrek lehen bilakaerak ikusteko.

2017an egin zen mankomunitate mailako lehen neurketa, eta orduko hartan baino hamazazpi udalerri gehiagotan egin da oraingoan. Gainera, neurketetan izandako errefortzuei esker, elkarrizketa kopuru handiagoa jaso da 2021ean, nahiz eta COVID-19aren eraginez kalean jende gutxiago ibili. 190.000 solaskide behatu dira, 2017an baino 34.000 gehiago.

Laburpen gisa, ondorio nagusiak hemen:

· 2021eko kale neurketak: ondorio nagusiak (PDFa, 1,7 Mb)

Hemen txostena osorik, bere horretan:
· Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa. UEMAko udalerriak eta Tolosaldea, 2021 (PDFa, 4,7 Mb)

Erabilera orokorrari begiratuta, antzeko emaitza eman dute 2017ko eta 2021eko neurketek: bostetik hiru euskaraz -%61,1-. Bi neurketetan sartutako 74 udalerriak hartu dira kontuan konparazioak egiteko, eta datua zerbait handiago da lagin horretan: %61,5. Datu bera eman zuen 2017ko neurketak ere. Beraz, ez da aldatu erabilera orokorra, baina horren azpian izan dira mugimenduak.

Horra ondorio nagusiak, bestelako aldagai batzuk kontuan hartuta:

  • Udalerria tipologiaren arabera: 25 puntuko aldea dago euskaldun portzentajea %80tik gorakoa edo beherako izan. Bilakaera, ordea, negatiboa da arnasguneetan: 2017tik, jaitsi egin da kaleko erabilera, hiru puntu.
  • Adinaren arabera: zenbat eta helduago, euskararen erabilera txikiagoa. Umeek egiten dute euskaraz gehien (%75 inguru). Gazteen eta heldu gazteen artean %65ekoa da erabilera, eta %50 pasatxokoa heldu nagusietan eta adinekoetan.
  • Haurren presentziaren arabera: Haurrak eta gainerako adin tarteetako hiztunak aparte daudenean, %57koa da azke horien erabilera. Batera daudenean, berriz, %73ra igotzen da.
  • Sexuaren arabera: Emakumeen erabilera zerbait handiagoa da. Adin talde guztietan gertatzen da, adinekoetan izan ezik. Alderik handiena gazteetan (%6,6) eta umeetan (%4,1) dago.

Aritz Abaroa UEMAko jarduneko lehendakariaren balorazioa: Euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko”

UEMAko eta Tolosaldeko herrietako kale erabilera datuak: bostetik hiru, euskaraz

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

2 pentsamendu “UEMAko eta Tolosaldeko herrietako kale erabilera datuak: bostetik hiru, euskaraz”-ri buruz

  • UEMA, Eusko Jaurlaritza bezala, gezurretan eta itxurakerian dabil. Datu horiek puztuta daude. Ez dute kaleko errealitatea islatzen. Euskara atzeraka doa abiadura bizian. Kudeaketa txarra ezin da ezkutatu, kalera ateratzearekin nahikoa da.

  • Hori da, ez fidatu UEMAren datuez, fidatu Txikiterok esaten dizunaz