UEMA, gure territorio libre bakarra (I)

UEMA, gure territorio libre bakarra –

Abenduaren 3a gerturatzen ari da, nafarron eta euskaldunon eguna. “Euskara da gure territorio libre bakarra”, esan zuen Joseba Sarrionandiak, euskaraz mintzo garen aldiro baikara askeak, zentzu batean. Baina ideia hori lurrera jaitsi eta espazio fisikoetan kokatu beharko bagenu, agian, akaso, UEMA litzateke territorio hori.

UEMA, gure territorio libre bakarra

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Euskal Herriko puntu ezberdinetan egon eta tamaina bera ez izan arren, antzekotasun handi batek batzen ditu ekimen honetan dauden herriak: berezko hizkuntzak. UEMAko udalerrietan, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz.

1991. urtean, 17 udalek sortu zuten mankomunitatea; 81 udalerrik osatzen dute gaur egun, eta 235.000 biztanle inguru hartzen ditu bere gain. Euskara nagusi den lur-gunea erabat euskalduntzeaz gain, lur-gune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk.

  • Gipuzkoa: 43 herri
  • Bizkaia: 24 herri.
  • Nafarroa: 13 herri
  • Araba: herri bat

Euskara hutsean funtziona daitekeela frogatu dute bertako udalek, baita Estatuak horrekiko erakusten duen jarrerak (bide batez, non dabil Urquijo?). Hainbat helegite irabazi dituzte udalerriek, eta indartuta atera dira beren bidea egiten jarraitzeko. Baina, tamalez, gainditu beharreko oztopoak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula.

Iaz mezu argia zabaldu zuen mankomunitateak: UEMAko herrietan, osasungintza publikoan, familia medikuen laurdena ez da gai euskaraz aritzeko, eta ezta pediatren herena ere. Datu horiek metodologia zorrotz bat jarraitu ostean bildu dira: UEMAko teknikariek herriz herri bildu dituzte datuak. Osakidetzako eta Osasunbideko plantillak aztertu, hizkuntza eskakizunak begiratu, osasun-etxeetako arduradunekin hitz egin, euskara teknikariei galdetu, eta azkenean, herrietako euskalgintzarekin eta herritarrekin kontrastatu dute informazioa. Beraz, zalantzarako tarte gutxi.

1981ean %95eko biztanleri euskalduna edo gehiago zeukaten EAEko udalerrietan (27 herri EUSTATen arabera) 2.000 euskaldun baino gehiago galdu dira. Ehuneko hori betetzen zuten herriak bi besterik ez ziren 2011n. Euskararen arnasguneek erdalduntze prozesu bat bizi izan dute, eta bizitzen ari dira.

UEMA, gure territorio libre bakarraEuskaltzaleok exijitu eta behartu behar ditugu erakunde publikoak, euskaraz zerbitzua eskaintzeko gai izan daitezen. Horretarako dago, besteak beste. Euskararen telefonoa. Zenbatetan gertatzen zaigu euskaraz egin nahi eta ezin izatea. Horrelako kasuetan kexak bideratu eta irtenbideak aurkitzeko, UEMAk eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hitzarmena sinatu zuten: hizkuntz eskubideak urratu dizkizutelako kexatzeko; hizkuntz eskubideei buruzko argibideak eskatzeko; baita ere, zergaitik ez, jarrera eredugarriak txalotzeko.

  • 948 146 172 (Euskararen telefonoa)

Herri bat ez da soilik aldarrikatzen, eraiki egin behar da, egunez-egun; eta ez dezagun ahaztu Euskal Herria biziko dela birika osasuntsu batzuk baldin baditu. UEMA geroz eta osasuntsuagoa bada, euskara azkartzen ari denaren seinale.

Zuzendaritza batzordeko kideak:

  • Josu Labaka, lehendakaria eta Azpeitiko zinegotzia (EH Bildu).
  • Onintze Amezaga, lehendakariordea eta Gatikako zinegotzia (EAJ).
  • Lierni Altuna, Aramaioko alkatea (EH Bildu).
  • Mikel Ansotegi, Aulestiko alkatea (EH Bildu).
  • Maider Arrieta, Lesakako zinegotzia (EH Bildu).
  • Amaia Azkue, Berastegiko alkatea (EH Bildu).
  • Andere Enbeita, Muxikako zinegotzia (EH Bildu).
  • Nekane Iribar, Zarauzko zinegotzia (EAJ).
  • Manuel Labaka, Beizamako zinegotzia (Independentea).
  • Eneka Maiz, Etxarri Aranazko alkatea (EH Bildu).
  • Josetxo Mendizabal, Zestoako alkatea (EAJ).

Alderdikeriak baztertu eta euskarak behar-beharrezkoa duen batasuna egikaritzeko markoa da UEMA. Hil ala bizikoa da batasun hori. Zaindu birikak.UEMA, gure territorio libre bakarra

UEMA, gure territorio libre bakarra (I)

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “UEMA, gure territorio libre bakarra (I)”-ri buruz

  • UEMA barruan dauden herrietan independentzia erreferenduma egingo bazen zein uste duzue izango zela erantzuna?

    Ea jendeak buruan behingoz sartzen duen. Utzi espainolez bizitzeari eta aske izango gara.