UEMA, gure territorio libre bakarra (II)

UEMA, gure territorio libre bakarra –

Pasa den astean UEMAren inguruan idatzi nuen, mankomunitatearen inguruko azalpen labur bat emanez eta euskarak behar duen batasuna azpimarratuz. Abenduaren 3an izango da Euskararen Eguna, eta data garrantzitsu horri begira, behin Josu Labaka azpeitiarrari egindako elkarrizketa dakart hona.

UEMA, gure territorio libre bakarraJosu Labaka (Azpeitia, 1978) da UEMAko lehendakaria 2015eko urriaz geroztik. Lehendik ere barrutik ederki ezagutzen zuen erakundea da UEMA, udalerri euskaldunetan fokua jarrita aritu baita lanean azken urteotan. Herri mugimenduetan ibilbide luzea egin ondoren, gaur egun, Azpeitiko udal gobernuko kidea da. Zehazki, Euskara, Kultura, Zerbitzu Orokorrak eta Parte-Hartzea sailetako zinegotzi arduraduna da. UEMAren erronkak eta aurrera begirako bidea aipatzen dituen bakoitzean, “hitz hutsez harago, benetako elkarlanaren garrantzia” nabarmentzen du.

Maren Belastegiri hartu zenion erreleboa. Ze egoerarekin egin zenuen topo?

Aurreko agintaldiko UEMAren zuzendaritza batzordekideek lan handia egin zuten, mankomunitatearen norabideaz hausnartzeko eta aurrera begirako erronkak argi izateko. UEMAk 20 urte bete zituenean hausnarketa sakona egin zuen ordura arteko lanaz eta aurrera begirakoaz, eta ondorio batzuk nabarmenak izan ziren. Nabarmenena, udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla, eta egoera iraultzea ezinbestekoa dela. Horri erantzuteko egin beharrekoa landu eta adostu zuten eta, beraz, guk lekukoa hartu genuenean, ildo estrategikoak eta UEMAk egin beharreko bidea zehaztuta aurkitu genituen: udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzea eta sendotzea, udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarrak sentsibilizatzea, eta udalerri euskaldunak zaintzea, berezko izaera galdu ez dezaten.

EH BILDU-k, EAJ-k eta independenteek osatutako batzorde bat zuzentzea egokitu zaizu, eta elkarlanerako deia zabaldu zenuen hasieratik. Nola baloratzen duzu egindako bidea zentzu horretan?

Lanerako ildoak zehazteaz gain, elkarlanaren kulturan ere sakondu zuen aurreko zuzendaritzak, eta horri eusten ez ezik, areagotzen ere ahalegindu gara hasieratik, bide emankorrena dela sinetsita. Euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken mendean egon gabe, subjektu gisa antolatutako erakundea da UEMA, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik, batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin. Benetan aurrera egin nahi badugu, bai alderdien artean, eta baita erakunde publikoen eta gizarte eragileen artean ere, elkarri eskua luzatu eta konfiantzan aritu behar dugu, herritarren eskubideak bermatzea erakunde publikoon ardura baita.

Zu egon zaren tartean bajak egon dira (Lesaka), baita proiektura batu diren herriak ere (Mendaro, Errezil, Ataun, Larrabetzu). Ze irakurketa egiten duzu?

Agintaldi honetan, areagotu egin dugu udalerri euskaldunetako hizkuntza politika lehia eta liskar politikotik babesteko ahalegina, beti ere, ohi bezala, tokian tokiko errealitate politikoa errespetatuz. Errealitate horiek anitzak dira, eta ez da erraza ika-mika guztiak konpontzea. Lesaka ateratzea albiste mingarria izan zen, baina agintaldi honetan Ea, Dima, Legorreta, Ziortza-Bolibar, Mendaro, Errezil, Ataun eta Larrabetzu sartu dira. Zortzi herri berri. Eta gehiago datoz bidean. Gainera, zalantzan egon diren hainbat herrik ere UEMAn segitzea erabaki dute.

Azken batean, zuzendaritza batzordeak gorabeherak kudeatzen eta oreka politikoari eusten asmatu izanaren ondorioa dela esango nuke. Aurrera begira, UEMA erakunde gero eta anitzagoa eta zabalagoa izatea da erronka, eta horretan ari gara lanean. Ez da kasualitatea, sartu diren azken herriek aho batez hartu izana erabakia udal osoko bilkuran, alderdi guztien aldeko botoekin.

UEMA, gure territorio libre bakarra

Alarma gorria piztu duzue. Udalerririk euskaldunenetan lau mediku eta pediatretatik bat ez da gai euskaraz aritzeko. Zer egin dezake mankomunitateak honen aurrean?

Eskubide kontua da, eta administrazioari herritarren eskubideak bermatzea dagokio. Zertarako dira bestela euskararen aldeko kanpaina guztiak eredu izatea dagokionak eta herritarren eskubideak bermatu behar dituenak huts egiten baldin badu? Udalerri batzuetan bereziki larria da egoera, eta hau onartezina da. Gainerako administrazio publikoekin harremanak estutzea dagokigu guri, dagokien ardurari benetan heltzea eskatzeko. Normalizazioari epea jarri behar zaio, ezinbestean, eta horren arabera egin urratsak. Osasungintzan, esaterako, kontratazio berri guztietan behintzat profesional euskaldunak kontratatzea eskatu dugu.

Behin eta berriro gogorarazi diogu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu. Beraz, mediku euskaldunak bermatzeko lanean jarraituko dugu, gure esku dagoen guztia eginez. Aurrera egiteko, erabaki aurrerakoiak eta ausartak hartu behar dira, eta horretarako borondate politikoa behar da. Baina eskubide eta bizikidetza kontua denez, gai hau borondate kontua baino gehiago da: administrazioari, legez dagokio herritarren hizkuntza ofizialak bermatzea zerbitzu publikoetan. Ez da borondate kontua bakarrik, beraz. Legea betetzeko eskatzen ari gara.

Zein dira mankomunitatearen erronka nagusiak aurrera begira?

Udalerri euskaldunen lurgunea handitzea da erronketako bat, udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lurgunea osatuz. UEMA zabaltzeko lan egin beharko dugu, beraz. Udalerrien erabateko euskalduntzea da beste bat. Udalak euskaldundu arren, udalerri euskaldunak gero eta erdaldunagoak dira, eta bertako biztanle askok ez dute euskararen arnasgune batean bizi diren kontzientziarik. Herritarrak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko lan handia dago egiteko, eta horretan ahaleginak biderkatu beharko ditugu. Beste erakunde publikoekin ere harremanak estutu beharko ditugu, beraien eskumeneko eremuetan euskaraz aritzea bermatu diezaieten herritarrei. Azkenik, udalerri euskaldunen zaintzari ere garrantzi handia ematen diogu, erdalduntzen jarraitu ez dezaten. Udalerri euskaldunak bizirik eta euskaldun izaten jarraitzeko politikak martxan jartzea beharrezkoa izango da. Zentzu horretan, UEMAtik, prebentzioaren ikuspuntua txertatzea eta euskara zeharlerrotasunean lantzea dagokigu.

UEMA, gure territorio libre bakarra
arnasguneak, euskara, josu labaka, UEMA
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude