Txillardegi, euskara batuaren aita

Txillardegi, euskara batuaren aita –

Txillardegiri etiketa bat jartzekotan, poliaintzindaria zela erran nezake, zeren aitzindaria izan zen lauzpabost alorretan: frankismo denborako abertzale berria, sozialista librea, Iparraldekoen lagun goiztiarra, idazle polifazetikoa, bide berrien urratzailea.

Txillardegi, euskara batuaren aita

Halere niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia. Baina helburu hori aitzinetik bazuen, oraino bere Donostian zegoen denboratik. Euskaltziandiari bi aldiz adierazi zion izkirioz. Haatik momentoan Euskaltzaindia ez zegoen batere holako berrikuntzen onartzeko prestik.

Ondorioz, 1963an, Txillardegik Hazparnetiko gutunez urgazle karguari uko egin zuen, Piarres Xarriton / Charrittonekin batera, baina Euskatzainburuak horien dimisioak ez zituen onartu. Hor Txillardegik hasi zuen benetan eta egiazki euskara baturako bidea.

1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, zortzi hilabetez, euskaltzale batzuk astero bildu ginen Txillardegiren inguruan, euskara batuari buruzki lehen urratzen finkatzeko, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzari Enbatak prestaturiko gelan. Lehenik argitu dezadan zer zen Euskal Idazkaritza. Kultura elkarte hori mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte batzuek hirurogeiko hamarkada hastean sortu genuen euskararen zerbitzuko.

Beraz Euskal Idazkaritzaren egoitzan eta babesean elkarlanean genbiltzan usaian zortzi lagun Txillardegiren inguruan: Hegoaldeko lau eta Iparraldeko beste lau. Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako berrogei bat euskaltzale gazterekin.

Hor onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia, deklinabidea eta bi aditz laguntzaileen lau denbora beharrenak, baita H letrarekiko hitzen oinarrizko hiztegi labur bat.

Baionako Biltzarraren ondotik, horko proposamenak Euskaltzaindiari helarazi genizkion Piarres Lafitte apaiz euskaltzainaren bitartez, eta gehiengoak, 1968ko udan, Arantzazuko Biltzarrean beretu zituen, nahiz Txillardegi ezin zen etorri egoera politikoagatik. Horren txostena kasik osorik onartu zen, bereziki Koldo Mitxelenaren itzal handiari esker. Gero honek gure ibilbidea markatu zuen, baina beti aitortuz Txillardegiri zor geniona. Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina bururaino !

Badakigu, aita batek ez du haurra osorik egiten, hasten du eta gero amari dagokio lan luzea, baina zinezko aita beti hor dauka laguntzaile. Txillardegiri biak zor dizkiogu: lehenbiziko pindarra, hura gabe haurrik ez baita, eta gero bere lanez ama Euskatzaindiari ekarri zion hazkurri kritikoa, nahiz bien arteko ezkontza gutiz hutsegin genuen 1980an.

Orain, lehengoak joanik, salbu ni, beste kide batzuk daude Akademian, eta Txillardegiri diogun zorra kitatzera lehiatzen dira. Ber urratsa egin behar lukete, nik uste, gainerako euskal instituzio eta erakunde publikoek. Hala bedi!

Txillardegi, euskara batuaren aita
Txillardegi, euskara batuaren aita

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

3 pentsamendu “Txillardegi, euskara batuaren aita”-ri buruz

  • Eta Euskal Idazkaritza delako hori bizirik al da oraino? Hala ez bada, merezi luke bere kanborretatik arrapiztea, hain egiteko historikoa burutu zuen erakundea.

  • Joannes Leiçarraga da euscara batuaren aita.

  • Ados aldarrikapenarekin, Txillardegik egindako lanak ez neurriko aitorpenik jaso.

    Baina gaia etxeko eremura eramandakoan egindako paralelismo batek sortu dit zalantza, azken paragrafoan esandako honek: “Amari dagokio (haurra egiteko [hazteko/hezteko?]) lan luzea”.

    Euskara batua elkarlanean egin zen, ezinezkoa zatekeen bestela. Bada, haurrak egitea ere denon lana da, bai gizonena eta bai emakumeona.