«Trebiñu Araba izateak dena konponduko luke». Ekaitz Lotina, Argantzun Ikastola

Ekaitz Lotina –

Igandean ospatu zen Araba Euskaraz Argantzunen, Trebiñun. Eguzkia lagun milaka pertsona hurbildu ziren ikastola sustengatzera. Ekaitz Lotina Arana (Gasteiz, 1977) Argantzun Ikastolaren parte izan da hasiera-hasieratik, eskola eraikineko  adreiluak baino are lehenago. Irakaslea izan da bertan 2003an sortu zenez geroztik, zuzendaria da egun, eta bere ahotik entzun ditugu ikastolak aurrean dauzkan aukera itxaropentsuak; baita hodei beltzen berri jaso ere.

Ekaitz Lotina

 

Aurtengo ikasturtean ez zineten batere aspertuko… 

Hemen ez da inor aspertzen! Inoiz! Ikastola txikia gara baina askotan gainontzeko ikastolek egin behar dituzten gauza berberetara iritsi behar izaten dugu, baliabide pertsonal eta material murritzagoekin.

Ikastolaren egonkortasun ezak ere markatu egiten du gure jarduna, administraziorako pertsonalik ez izateak, jantokiaz gu geu arduratzeak, zuzendaritzarako liberaziorik ez izateak,…eta horri guztiari Araba Euskaraz gehitzen baldin badiogu…pentsa. 7 irakasle gara guztira eta 30 familia inguru, Haur Hezkuntzako haurrak dituzten familiak…Hemen aspertzen dena nahi duelako da.

Ikastola berezia da Argantzunekoa: “Gaztela eta Leongo” ikastola bakarra…

Hala dio legeak; eta bihotzak eta buruak Araban gaudela esaten badigute ere, zama handia daukagu gainean. Burgoseko administraziopean egoteak lehendabiziko egunetik markatu gaitu. Finantzaketa da arazo nagusietakoa, Burgosek ez duelako diruz laguntzen, eta EAEko Hezkuntza Sailetik Burgoseko ikastola bat ezin omen da finantzatu. EAEtik gurera iristen den diru laguntza bakarra Trebiñuko Udaletxeek euskara sustatzeagatik jasotzen dutenetik datorkigu. Eta hori, noski, ez da nahikoa. Hortaz, Ikastoletako Elkartasun Kutxa da gure diru iturri nagusia. Iparraldeko eta Nafarroa hegoaldeko zenbait ikastolen antzeko egoeran gaude, gure lurraldean Euskara ez delako ofiziala.

Horretaz gain, ez gara EAEko ikastetxeen zerrendetan agertzen, beraz, ez dagozkigu haiei dagozkien baliabide material edo pertsonalak. Aplikazioek ez dute “Argantzun” ezagutzen, eta norbaiten inplikazio pertsonalagatik ez bada, ez zaizkigu iristen logopeda, psikologoa…

Lehenbiziko urteetan, ikastolak modu alegalean funtzionatu zuen. Urte horietan egindako lanagatik ez dugu inongo aitortzarik jaso Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, eta beste edozein zentrotan jaso izango genituzkeen puntuak ez ditugu jaso.

“Iparraldeko eta Nafarroa hegoaldeko zenbait ikastolaren antzeko egoeran gaude, gure lurraldean euskara ez delako ofiziala”.

ekaitz lotina

Nolakoa izan da zentroaren bilakaera, zuzendari izan zaren tartean, esaterako?

Ikastola handitu den heinean lan karga ezinezkoa bihurtu da liberaziorik gabeko irakasle batentzat. Hasieratik egon naiz “kargua”ri loturik, baina  denborak aurrera egin ahala, lanak partekatzen joan gara. Gaur egun zuzendaritza taldea  Saioak eta nik osatzen dugu, baina gainontzeko irakasleek ere, irakasle arruntek ez dituzten ardurak hartzen joan dira, batzuetan zuzendaritza lanetik gertukoak ere.

Zentroa handitzen joan da pixkanaka, eta egonkortzen. 11 ikasle eta 2 irakaslerekin hasi ginen eta haur hezkuntza osatu genuenetik 40-50 inguru dauzkagu eta 7 irakasle (jardun murriztuak tarteko). Inguruetako erreferenteetako bat gara hezkuntza arloan, Trebiñun euskarazko hezkuntza bermatzen duen bakarra. Metodologian aurrerapauso handiak eman ditugu, eta azkenaldian batez ere familia ugari hurbildu zaizkigu arrazoi horrengatik ere (Gasteiztik datozenak ere baditugu).

60 metro koadroko gunean hasi ginen, baina 2006tik aurrera eraikin handiagoa daukagu, haurrek espazio arazorik ez izateko modukoa. Gainera, ikastola ondoko belardia “gureganatu” dugu neguan ere, eta egunero ematen zaie haurrei jolastokira irteteko aukera, uretako botak hantxe dituzte eta nahi duenak ateratzeko aukera du. Halere, handitzera goazenez, Lehen hezkuntzarako eraikin baten beharrean gaude.

Zeintzuk dira Argantzuneko Ikastolaren behar nagusiak une honetan?

Egonkortasuna. Alde batetik ekonomikoa, eta bestetik, baliabideak behar ditugu, pertsonalak eta materialak, beste edozein ikastetxek dituztenen bezalakoak. Logopeda baten beharra baldin badugu, logopeda hori gurera iristea nahi dugu. Hezkuntza Premia Bereziak dituen haur bat baldin badugu harentzat laguntza iristea ezinbestekoa da. Euskaraz, noski. Irakasleek EAEn dituzten eskubideak izan nahi ditugu, formakuntzarako aukerak, liberazioetarako aukerak, …

Lasaitasuna behar dugu. Irakasleak gara. Irakaskuntzari begira pasa nahi dugu gure lan denbora. Eta hori gaur egun oso-oso zaila da gure ikastolan.  Ikastolaren eguneroko dinamika  eta errealitateak, aipatu ditudan ezegonkortasun giro horretan murgildurik gauzka askotan, eta egonkortasunaren bila ibiltzea nekagarria denik ez dut ukatuko. 15 urte pasa dira sortu ginenetik eta bada garaia behin betiko Ikastola txiki honetara lasaitasun pixka bat heltzekoa.

42 ikasle ditugu momentu honetan ikastolan. Baina datorren urtera begira salto handia ematera goaz. Lehen Hezkuntzarako eskaintza egitea da erronka. Baina Trebiñuko barrendegiaren egoera konpondu gabe egonik, legalitatearen barruan ezinezkoa da Lehen Hezkuntzarako eskaintza mahaigaineratzea. 15 urteko esperientziak hala erakutsi digu. Eta horregatik, Argantzundik 5 kilometrora dagoen Sagastieta herrian planteatzen dugu erronka berria: Lehen Hezkuntzako ikasleak bilduko dituen eraikina kokatu eta modu horretan proiektu osoari sostengua eman, egonkortasuna.

Ez gara EAEko ikastetxeen zerrendetan agertzen, beraz, ez dagozkigu haiei dagozkien baliabide material edo pertsonalak

Ate joka ditugu jadanik proiektuaren berri jaso eta haien seme-alabak gurera ekartzeko prest dauden familia ugari. Gure matrikulazio datuek gora egingo lukete nabarmen 55-60 ikaslera iritsiz datorren ikasturtean.

Ikastolaren geroa eta Trebiñuko konderriaren etorkizun politikoa eskutik lotuta al doaz?

Zalantzarik gabe. Ez gara politikan ari baina politikak zuzen-zuzenean eragiten digu. 15 urteren ondoren argi daukagu Ikastola modu egokian funtzionatu ahal izateko baldintzak asko hobetu daitezkeela.

Lehen Hezkuntzarako pausua ematera goazen honetan, LHko ikasleak hartuko dituen eraikina Araba Onartuan egitea izan da mahai gainean jarri den aukera bakarra, indarrean dagoen legeak ez duelako baimentzen bestelakorik. Curriculuma, finantzaketa, legea… proiektua bideraezin bihurtuko luketen oztopoak leudeke. Gainera, EAEtik ere, legearen izenean, halakorik ez litzateke babestuko.

Trebiñu Araba izateak dena konponduko luke.


Araba Euskarazeko kronikak:

ekaitz lotina  ekaitz lotina  ekaitz lotina
Araba euskaraz, argantzun, argantzun ikastola, ekaitz lotina, Ikastola, Ikastolak, trebiñu, Trebiñu Araba izateak dena konponduko luke
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “«Trebiñu Araba izateak dena konponduko luke». Ekaitz Lotina, Argantzun Ikastola”-ri buruz

  • A zer nolako lan ederra zurea, Ekaitz, eta zure lankidea. Bestalde, erabat ulertzekoa da ikastola Araba Onartua den Sagastietara mugitzea. Biba zuek!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude