Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera handitzeko kanpaina –

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera handitzeko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

“Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean, lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzendutako kanpaina da merkataritza sektorean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin

Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak merkataritzan euskara sustatzeko 2020ko neguan abiatu duen kanpaina da.

Jaurlaritzak kanpaina hau abiapuntu bezala ulertzen du eta etorkizunean bide honetatik jarraitzeko estrategia bateraturako oinarriak finkatzea da helburua. Zenbait udalekin elkarlanean gauzatu da: Donostiako Udala, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Bilboko Udala eta Gasteizko Udala. Merkataritzaren eta ostalaritzaren testuinguruan euskararen erabilera konfiantzarekin lotzen du kanpainak. Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak, betikotasunak eta gutasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitatearekin lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere.

Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, “Jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Halaeuskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta bereziki lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzenduta dago.

Mezu horri spot baten forma eman zaio eta hori da kanpainaren ardatza. Spot-ak hormarik gabeko herri bat irudikatzen du, tokiko merkataritzaren gertutasunaren isla, eta herria bera fikziozkoa da edozein herri irudika daitekeelako. Era berean, edozein herritan ematen den errealitate kateatua erakusten du spotak; non okindegiko eroslea, botikako saltzailea izan daitekeen; botikako eroslea, bere negozioa duen autonomoa eta era berean hori bera, tabernako bezeroa. Hala, gutako bakoitzak euskararekiko paper desberdinak betetzen ditugula irudikatzen du kanpainak; une batean eroslea eta hurrengoan saltzailea eta errealitate hori euskaraz bizitzera animatzea da kanpaina honen helburu nagusia, konfiantzaren eta gertutasunaren osagaiak kontuan izanda, horretarako daukagun aukera aprobetxatzera bultzatuz.

Spotaren zabalkundea osatzeko, kanpaina digitala abiatuko da. “Zer da betikoa zuretzat?” galdera hainbat kontsumitzaile eta establezimenduko saltzaileri luzatu zaie, spot-ean islatzen den fikzioa errealitatera ekartzeko. Bizipenak jasoko dituzten argazki horiek spot-arekin batera www.merkataritzaneuskaraz.eus webgunean jasoko dira.

Aurrera begira

Eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren (2020-2023) helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak merkataritzan euskara sustatzeko ekimen hau abiarazi nahi izan du, baina bere helburua lan-lerro honi jarraipena ematea da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak aitortza egin nahi die hainbat urtetan eremu honetan ekintzak egiten dabiltzan udal, euskara zerbitzu eta eragile desberdinei eta horiekin elkarlanean aurrera egin nahi du ahaleginak batuz. Hala, hasierako kanpaina honetan bidelagun izango dira Donostiako Udala, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Bilboko Udala eta Gasteizko Udala. Eta aurrerantzean udal gehiago batzea litzateke Jaurlaritzaren helburua.

www.merkataritzaneuskaraz.eus

merkataritzaneuskaraz.eus

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera handitzeko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude