“Subnormal!”… “en español!”…

“Subnormal!”… “en español!”… –

Katalanez mintzatzen ari zen taxi-gidariak, barretina eta preso politikoen aldeko txapak zeramatzan. Garraxika eta irainka hasi zaizkio grebalarietako batzuk. Supremazista espainiarrak.

Beste taxi-gidari batek españolez jarduteko egin dio garraxi, telebista-kate espainiarrak (ugazabenak, alegia) grabatzen ari baitziren.

“Espainian ikusten ari zaizkugula? Azpitituluak jar ditzatela, bada!. Bartzelonako taxi-gidari orok katalana ulertu beharko luke, hemen lan egiteko”, erantzun dio.

Hala ere, azkenean amore eman eta españolez jarraitu behar izan du…

Zapalduak sarri zapaltzaile baitira, kolonizatutako herrialdeetan.

Asko dakigu horretaz EUSKALDUNOK ere. Ez “hemen bizi eta lan egiten duen orok”, euskaraz bizi nahi dugunok baizik. “Hemen lan egin eta bizi” den askok ere, ez baitu inongo errespeturik erakusten euskaldunokiko. Eta ez naiz ari espainiar indar armatuez soilik. Ez naiz ari PP, UPN, Izquierda-Exkerra nahiz PSOEko politikariez, edota hedabide unionistez ari bakarrik. Aipatutako horiek guztiek egunero-egunero erakusten digute, bigarren mailako herritarrak garela gure etxean. Nahita edo nahi gabeko lagunak dauzkate gure artean baina.

Ugazabak eta euren egur-banatzaileak ez dira zapaltzaile bakarrak.

Ugazabek inposatutako hizkuntzaren jabe diren asko eta askok ere, zapaldu egiten gaitu egunero, lotsagabe, eta apenas erantzunik jaso gabe.

Zanpatu egiten gaitu dendari, tabernari, taxi-gidari, mediku, erizain, abokatu, notario, epaile, kazetari eta bestelako langile ZAPALDU (edo ez) askok, eurei euskaraz zuzendutakoan erantzun txarra eman edo ezer ez ulertuarena egiten digutenean, urte luzez edo betidanik “hemen bizi eta lan egin” arren. Berbarako.

Zapaltzaileen laguntzaileak
Zangokatu egiten gaituztenek laguntzaile gehiegi dauzkate abertzaleen artean; baita euskaradunen artean baina. Ugariak dira, larregi, erdaldun zapaltzaileak (zapaltzaile diren erdaldunak, ez erdaldun guztiak) biktimatzat jotzen dituztenak.

Españolaren/frantsesaren derrigortasuna otzan-otzan onartu, baina euskarak borondatezkoa behar duela irentsi dutenak, eta Euskal Herrian bizi arren, erdaldunek euskararik batere ez ikasteko eskubidea badutela uste dutenak. Daudela lasai euren hizkuntza “unibertsalekin”! Horretarako ikasarazi digute (bortxaz) española/frantsesa euskaldunoi! Hau zortea, hau, euskaldun zibilizatuona, hots, españolizatu/frantsestuona!

Euskaradun horientzat, lehen hitza beti euskaraz egiten duten euskaldunak talibanak dira, erradikalak, are erdaldunak deseroso sentiaraziz euskarari kalte egiten diotenak!!!

“Sinpatikoak” eta zentsuratzaileak
Erdaldun euskarari-bizkar emanen lagunak dira euskaradun “zentzudun” horiek. Euskaldunok egunero-egunero jasaten dugun zapalketaren eta erasoen aurrean beste inora begiratzen dutenak. Eurak bezain otzan eta menpeko nahi gintuzketenak. Bada, nago gero eta gehiago garela isilik egoteko prest ez gaudenak. “Hemen lenean eta bizi” diren kolonoen eta haien lagunen gehiegikeriak salatzeko prest gaudenak. Batzuen gehiegikeriez eta besteen itxurakeriez txapelaraino gaudenak.

"Subnormal!"… "en español!"…

“Subnormal!”… “en español!”… “Subnormal!”… “en español!”…
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

17 pentsamendu ““Subnormal!”… “en español!”…”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-27 10:20

    Juan jose, ongi deskribatzen duzu hizkuntzarekiko posturak gure Herrian. Estimatzen dut zuk beti Herri osoa kontuan hartzea, oso gutik egiten baitu.
    Hautemangarria da tendentzia oker berberak indarrean daudela Herri guzian.
    Hala ere EAEan egia dena hamar aldiz egiagoa da gurean, eta, horrengatik onestatez aitortu beharra daukat dut itzulera gabeko puntu batera iritsi garela Iparraldean .
    Imaia bat emaitekotan erran nezake iparraldeko euskara dela hainbat mendetan bonbardaturiko eta orai alde guzietatik zilo den itsasuntzi bat
    Azken urte hauetan entseiatzen ari gara urez husten bonbardatzaileak berak, gu lasaitzeko eta bere burua xuritzeko, zuzenean finantziaturiko koila tipi batzuekin.
    Nabarmen da orai itsasuntzia hondoratuko dela, eta, bestela erranda, zazpi euskal probintzia tradizionaleetatik hiru behintzat ezabatu beharko ditugula.
    Orai kontua da asmatzea nolako urpeko bizitza asma dezaketeen itsasuntzian egon nahiko duten urriek .

  • euskaldun bat 2019-01-27 11:57

    Nik Ipar Euskal Herriaz izan dudan inpresioa beti izan da gauzak egiteko beste manera bat duzuela: beti lasai, biolentziarik gabe, emeki-emeki… hegoaldeko jende zaratatsu horiek ez bezala. Nolabait, irudi sofistikatuago bat eta esango nuke hegoaldeko horiek baino aurreratuagoak ikusten dituztela euren buruak. Nik esango nuke baita, nazio kontzientzia askorik gabe, hegoaldekoak Espainian bizi direnez, subkonszienteki bada ere, horrek eragiten diela pentsatzera eta arro egotera, beraiek “nazio” aberatsago batean bizi direla. Baina behin eta berriz azpimarratzen duzunez, irudia oso faltsua da: emeki-emeki eta politikoki xuxenak bai, baina amildegira zuzen-zuzenean.

  • JJ Agirre

    Eskerrik asko, Benat. Eta bai, nik ere egoera kritikoan ikusten dut euskara Bidasoaz bestaldean, Nafarroan bezala, eta oso osasun kaxkarrean Petronor-Euskaditxiki-Bascauntry “eredugarrian”.
    Baina ezin da halakorik adierazi, intimitatean ez bada, bestela jokabide “agonistikoa” leporatuko dizute eta. Hizkuntzpolitika-fikziozko aleekin bilduma polit askoa osa genezake EAEn…

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-27 17:24

    Optimistek zer nahi erranikan ere, hobe, egiten duzun bezala, nabarmentzat daukaguna agerian erraitea.
    Gureari dagokionez, badira Hegoaldean errealitateaz jabetzen hasten direnak , Zuzeuko testu batzu edo Odriozolaren azken liburua kasu.
    Iparraldean lehenik erran behar da gehienek ez dutela axolarik, eta besteok, Estatu frantziarreko zerbitzu paliatiboek halako morfina dosia sartu digute nun hilobiraino soraiotu gaituzten .

  • JJ Agirre

    Zaintza paliatiboen administratzaile bat bainop gehiago daukagu tamalez, nahita edo nahi gabe. Horra Euskararen Adierazle Sistemaren (EAS) adibidea berbarako. Eskutik aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Institutuko zuzendariak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteordeak, argazkian guztiak ezin kabitu, hedabide gehienetan publizitate instituzionala luze eta zabal.
    EASek ia 600.000 euroko aurrekontua du, Jaurlaritzak, Nafarroako Exekutiboak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak, foru aldundiek eta Europar Batasunak finantzatuta.
    Hainbeste erakunde elkarlanean, adierazle sistema bikaina behar luke, baina ez. Zeharo pobrea eta mugatua da, bertan murgildu nahi duen edonork ikus dezakeen legez.
    http://www.euskadi.eus/web01-apeusadi/eu/eusadierazle/temasV1.apl?idioma=e
    Alabaina, EASen ageriko gabeziez inor gutxi ohartu da euskalgintzan, itxura denez.
    Gure egoeraren adierazle argia, hori ere.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-27 21:50

    « Nik Ipar Euskal Herriaz izan dudan inpresioa beti izan da gauzak egiteko beste manera bat duzuela: beti lasai, biolentziarik gabe, emeki-emeki… hegoaldeko jende zaratatsu horiek ez bezala. »
    Egia erraiteko,euskaldunbat jauna, eznakike nola har lehenbiziko zure hiru lerro hauek.
    Zer nahi gisaz, jakin behar duzu bat laurehun kontra ari garela frantsesekin eta « zarata » egin dugun bakoitzetan urrikirik gabe lehertu gaituztela.
    Bestenaz, arrazoi duzu, lehen, zuen aurrean, iparraldeko euskaldun askok, nahiago zuten beren burua frantsestzat agertu ezen ez eta bigarren mailako euskalduntzat.
    Ezda haien portaera ergel hura desenkusazeko bainan euskaldun bezala konplexatuak izan zitezkeen
    Izan ere gu baino hogoi aldiz gehiago zinezten. Gainera luzaz gu baserritarrak ginen, zuek jada hiritartu samarrak eta, eta, hiritar guziek bezala bazinakiten diferentzia hori guri sendi arazten.
    Horretaz aparte denok umilki aitortu behar dugu gure nausiek kutsatu gintuztela eta oraindik ere kutsatzen gaituztela.
    Hala ere eti izan dira ere bi aldeetako euskaldun zintzo bakar batzuek egiazko euskal kontzientzia zaukatenak.
    Gure zorigaitzerako ez dugu denbora aski eukiko elgar ezagutu eta onartzeko.

  • Aitzol Azurtza 2019-01-28 01:06

    Beñat Castirene, hona hemen galdera bi: XVIgarren mendean euskarazko lehen liburuak argitaratzen hasi zirenean, irakurleak (gehien bat) baserritarrak ala kaletarrak ziren? Nolakoa zen irakurlearen profila? (baserritarra/kaletarra, kostaldekoa/barnekaldekoa, gizonezkoa/emakumezkoa, merkataria/arrantzalea/laboraria, elebakarra/elebiduna…)

    Eskerrik asko!

  • Ertzantza ere zapaltzaile 2019-01-28 15:52

    Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik pertsona bat identifikatu zuen Donostian Ertzaintzak maiatzean. Hilabete batzuen buruan, Mozal Legea aplikatu eta 600 euroko ISUNA jarri diote. Gutuna ESPAÑOL HUTSEZ bidali diote. Eztabaida hartan gertatu zena grabatuta geratu zen: https://twitter.com/larbelaitz/status/998625581729280000

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-28 21:40

    Nork zuen irakurtzen ?
    Entzuten ohi da apezek eta notableek beren ofizioengatik zutela gehien idazten eta irakurtzen. Egia izango da bainan ez da gutietsi behar euskaraz irakurri eta idazteko jende umilen gaitasuna.
    Zenbat aldiz ez dugu aditu astakeria hau baizik eta euskara ez zela idazten eta irakurtzen erdara bezala ?
    Begira « Le dauphin » itsasuntziak amerikara eremaiten zituen euskarazko gutunak, han zeuden euskaldun emigranteen gana!
    Nahiz iraultza denboran hasi zen euskararen pertsekuzioagatik, egoera endekatu zen, duela guti baserri isolatu askotan Euskalduna edo Herria astekariak irakurtzen ziren oraindik arratsetan familiako supazterretan.
    Nun irakurtzen zen?
    Eskualde guzietan, bainan aipatzen duzun garai hartan, beharbada Lapurdiko kostan besteetan baino piskabat gehiago.,
    Irakurri dudanez Sarako eskola deituriko eskola literario inportante bat, garatu zen Donibane eta Sara artean.
    Ordurako Donibane Lapurdiko eta Iparraldeko hiri haundiena izango zen ( Iraultza denboran bederen bigarrena zen Hazparneren ondotik).
    Izan ere hiru euskal lurraldeen zentroan ondo kokatua egonik eta portu oso aktiboa edukirik, toki aproposa izango zen idazleetzat.
    Bainan ez dira suposizioak baizik.
    Ezdakit nola aurki dezakegun zure galderi buruzko erantzun serio bat.

  • euskaldun bat 2019-01-28 21:49

    Benat, zuri irakurriz zerbait esan badaiteke, pertsona fina zarela da. Gustatuko litzaidake Iparraldea eta Hegoaldea zu bezalako euskal kontzientziadunez beteta egongo balira. “Gure zorigaitzerako ez dugu denbora aski eukiko elgar ezagutu eta onartzeko”, gogorra benetan hor goian idatzi duzuna…

  • euskaldun bat 2019-01-28 22:20

    “Ertzantza ere zapaltzaile”, ikusi dut bideoa eta izugarria da ertzaina horien prepotentzia, izugarria! Urkullu-k zuzenean esku hartu beharko luke eta isuna kendu, eta hala ez bada putakume zikin bat besterik ez da. Zelako prepotentzia: “me entiendes perfectamente, te lo digo por ultima vez”. Eta oraindik espanolez jarraitzen dugu hizketan. Noizko espanolari boikota?! Noizko?! Eta beste gauza bat: ertzaina hau ziur nago Espainiatik etorritako maketo batzuen kumea dela. 40 urte izango ditu eta oraindik ez daki euskaraz hitz egiten. Katxondeo hau bukatu behar da, baietz uste dut…

  • Aburturen udaltzainak 2019-01-29 16:25

    Bilboko udaltzain batzuk ere ez dira atzean geratzen euskaldunak zapaltzeko orduan.
    Aburto alkatearen babes osoarekin gainera.
    Salaketa hemen: https://www.argia.eus/albistea/bilboko-udaltzainen-zuzendariak-hizkuntza-eskubide-urraketa-salatu-zuen-bilbotarraren-gizalegea-zalantzan-jarri-du
    Behatokiaren txostena hemen: http://www.behatokia.eus/EU/albisteak/Bilboko_udalaren_erantzun_bidegabea_hizkuntza_eskubideak_aldarrikatzeagatik

  • Aitzol Azurtza 2019-01-30 18:34

    Mila esker, Beñat, zure azalpenarengatik.

    Orain urte asko ikastolan euskal literatura ikasi genuenean euskarazko lehen eredu idatziari buruz ikasi nuen (lapurtera klasikoari buruz). Etxepare, Axular eta Leizarragaren berri izan genuen nahiko era arinean eta nahiko azkar. Nor ziren eta zer idatzi zuten ikasi genuen baina ez genuen askorik ikasi garai hartako Lapurdiko eta Baxe-Nafarroako gizarteari buruz. Hain zuzen ere hemen aurkitzen dut gabezia handia.

    Euskarazko lehen liburuak Nafarroako errege-erreginen bultzadagatik argitaratu ziren. Nafarroako errege-erreginek garai hartan aintzindaria zen pentsamolde berria beren egin zuten: Lutherren kristau Erreforma onartu zuten eta berau beren herritarren artean zabaltzen saiatu ziren.

    Erreformak azpimarratzen zuen fededunak berak, inoren bitartekotzarik gabe eskuratu behar zuela bere salbamena eta horretarako Itun Berria irakurri behar zuela (salbamen mezua zuzenean jaso zezan). Horrek Itun Berria eta Biblia guraso hizkuntzetara itzultzeko beharra sortu zuen.

    Lutherren Itun Berriaren alemanierazko itzulpena mugarri da alemaniera mintzatzen den lurralde orotan, alemanieraren eredu idatzi jaso estandarra (=batua) sortu zuelako. Gertaera hau alemanieraren hiztun guztiek ospatzen dute.

    Euskarak izan zuen bere lehen itzulpen jaso eredugarria Leizarragaren Itun Berriaren itzulpenarekin, hala ere, itzulpen honi euskal literaturen munduan (nik somatzen dudanez) gauerdiko ahuntzaren eztulari baino garrantzia eta merezimendu txikiagoa ematen diote.

    Zalantzarik gabe Joanna Albret Nafarroako erreginak Itun Berriaren euskarazko itzulpena bultzatu zuenean argi zuen bere menpeko herritarrek euskarazko liburuaren beharra zutela beren arimak salbatzeko eta erreginari zentzuzkoa (“normala”) iruditzen zitzaion bere menpekoek salbamena euskaraz lor zezatela.

    Zentzuzkoa ez dena da gaur egun Lapurdiko eta Baxe-Nafarroako XVI. eta XVII. mendeetako loraldia hain ezkutuan izatea. Zergatik? Susmoa dut Erreformarekin duela zerikusia ixiltasun honek. Kontra-Erreformak euskara idatziaren lehen loraldia hil zuela dirudi.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-30 23:26

    Zure azken lerro interesgarri hauk ikusita, bai elizgizonek eta nobleek osatuko zuketen obra erabakigarri horien irakurlegoaren parte haundi bat.
    Egia erran, “Gero”liburuari bere inportantzia kendu gabe, ez dut ikusten nekezari edo itsaskari bat bat lan egun baten ondotik liburu horren paia baten bururaino iristen lokartu gabe.
    Etcheparentzat ez dakit bainan Axular bederen ez zen erreformaren aldekoa, alderantziz, eta alta bere liburua ere ezkutuan egon da. Zenbat horrelako?
    Idazleak euki ditugu besteek bezala, irakurleak ere bai, bakarrik faltatu zaigu behar orduan euskal zentro politiko sendo eta egonkor bat gure idazleen lan intelektuala sustengatu eta zabaltzeko botereak emaiten dituen baliabide guziekin.

  • JJ Agirre

    “Idazleak euki ditugu besteek bezala, irakurleak ere bai, bakarrik faltatu zaigu behar orduan euskal zentro politiko sendo eta egonkor bat gure idazleen lan intelektuala sustengatu eta zabaltzeko botereak emaiten dituen baliabide guziekin”.
    Guztiz bat.
    Horixe da falta duguna: euskal zentro politiko sendo eta egonkor bat, hain zuzen.

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2019-02-02 11:35

    Idazten ari naizen une honetan hogeita hamaika lagun haserre sentitzen dira JJ Agirreren artikulua irakurri eta gero. Haatik, hogeita sei lagun pozik agertzen dira. Kuriosoa da, baina, iruzkinen artean ez ditut topatzen haserraldi horiek justifikatzen dituzten argudioak.

  • Aitzol Azurtza 2019-02-02 15:26

    Aurpegitxoekin irakurleak zer esan nahi duen era ezberdinean uler daiteke.

    Susmoa dut “haserre aurpegia” aukeratu dutenek artikuluan azaltzen den gertakariarekiko haserrea erakutsi nahi dutela (hau da, ez daudela ados Bartzelonako taxista horrek katalunieraz hitzegin izanagatik bere lankideengandik jasotako irainekin).

    Bestalde, “irribarre aurpegia” hautatu dutenak iruditzen zait artikulu idazleak egindako analisiarekin ados daudela.

    Aurpegitxoen kontu hau nahasgarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude