Sokatira linguistikoa

Sokatira linguistikoa –

Gogora ditzagun Moreno Cabrera Madrilgo katedradunak BERRIA egunkarian esandako hitz hauek: “Gaztelaniaren inposizioa eta ingelesa ikasteko beharra «espainiar supremazismo etnozentriko eta kolonialistaren» ondorio zuzenak” dira.

Sokatira linguistikoa
Argazkia: Xabi Zalbidek.

Ados nago ezinbestean adierazpen horrekin, baina, aldi berean, zalantza batzuk pizten zaizkit hizkuntza horiek gurean izan behar duten lekuaz.

Alde batetik, ukaezina da ingelesaren premia gero eta nabariagoa dela gaur egun, eta ez soilik maila profesional gorenetan edo munduan barna mugitzen diren pertsonentzat. Edozein herritar xumeri ere lagungarri zaio Shakespeareren hizkuntzaz moldatu ahal izatea, ordenagailuko aplikazio batzuk ulertzeko baino ez bada ere. Ez da batere harritzekoa, beraz, jendeak garrantzia handia ingelesa bezalako hizkuntza kolonialista bati ematea.

Baina, beste alde, nola onartu gogo onez gaztelaniaren eta ingelesaren premia, hizkuntza horiek gurean menderatzaileak direla sinetsiz gero?

Dena den, hizkuntza menderatzaileen apoa behin irentsita, beste zalantza berri bat agertzen zait: nola kudeatu eskolan, lan munduan edota gizarteko beste alor askotan erdara indartsu horien presentzia, euskara biziberritzeko ahaleginak trabatu eta kaltetu gabe?

Zalantza eta tirabira horiek gure kaleetan ere egon badaude, AZTIKER ikertaldearen lan batek dioen bezala. Horren arabera, Arabako erdaldun eta elebidunen artean arrakalarik handiena sortzen duten usteak honako hauek dira: batetik, ingelesa ikastea euskara ikastea baino hobe dela pentsatzen dutenak aurkitzen ditugu eta, beste muturrean, euskara arabar guztien hizkuntza dela diotenak.

Nago, korapilo hori askatzeko mesedegarriagoa izango zaigula pazientziaz bideratutako jardun zentzuduna, bi muturren arteko sokatira linguistikoa baino.

Sokatira linguistikoa

Jubilatua eta zoriontsu! Euskararen soziolinguistikari begira.