Semeak kromoetan

Semeak kromoetan –

Semeak, oso futbolzaleak ez diren arren, eskolako inertziak bultzatuta edo, futbol-kromoak gora eta behera dabiltza aurten ere. Urteroko kontua izan ohi da; Espainiako futbol-liga bolo-bolo ibiltzen dute Hego Euskal Herriko (ia) eskola-ume guztiek.

Seme gazteak zaharrari haietako bat aldatu nahi diola diotso, eta nik, parean entzule naizela, zera diotsat lehenengoari, ea margotuta, zimurtuta edo zer eginda aldatuko dion, ea zertan datzan egin nahi dion aldaketa. Lipar batez bi-biak pentsakor gelditu eta zaharrak ezetz, aldatu barik, trukatu egingo diola esan dit, berak kromo bat eman eta anaiaren beste bat jasoko duela trukean.

Badirudi ikasi egin dutela ALDATU eta TRUKATU ez direla ekintza bera. Eta nik gogoan CAMBIAR izan ote duten galdetu diot neure buruari; azken batean, zorioneko futbol-kromoen zer hori, futbola bera bezalaxe, erdal kontua da, ezta?

Tira, aldaketa ez, trukaketa egin dute, eta berorretan objektu izan diren kromoetako bat Oyarzábal delako jokalari batena izan da. Eta, kromoari begiratzeaz bat, seme zaharrak, ezezkoan, Oyarzábal hori euskalduna ez ote den galdetu dit, ezen arraroa egin baitzaio deiturako Y greko hori. Eta nik baietz, gipuzkoarra omen dela eta, ziurrenik, euskaraz jakingo duela, eta, bidenabar, zera azaldu diot, berez ez dela OYARZÁBAL ez idazten, ez ahoskatzen, OIARTZABAL idatzi eta OIÁRTZABÁL ahoskatu behar dela baizik, abizen euskalduna delako, berez.

Zeharka begiratu didate biek ala biek, halako maisu lanak-eta eskolan bertan nahiko eta  sobera dituztela esan nahi balidate bezala; ez matrakarik emateko, alegia. Eta oraingoan, ordea, neu gelditu naiz pentsakor, zenbat erdara eta zeinen erraz ikasten duten gure ume euskaldunek erdal erreferenteen bitartez, eta zenbat min, bai eta zenbateko mina ere, egiten ote dion euskaldun erreferente batek euskarari, Euskararen Herriari, erdararen estandarte bihurtuta.

Tira, asteazken arratsalde bateko psikolasto bat besterik ez da izan; beste bat gehiago.

Semeak kromoetan

alkarterri.blogspot.com/semeak-kromoetan

Semeak kromoetan

3 pentsamendu “Semeak kromoetan”-ri buruz

  • Bai lehen erlijioa omen zen herriaren “opioa” orain futbola ez ote??

  • Eutsi goiari! 2022-03-21 00:34

    Gaur egun sare sozialak eta internet dira herriaren opioa ene ustez

  • Benat Castorene 2022-03-21 08:47

    Edo hobeto erraiteko bi baliabide hoietan barna zabaltzen den ideologia dominantea zeinak aprobetxatu baitu baliabide horien ekarpena eta zeduzigarritasuna gu guztiongan.
    Horrela izango zatekeen erlijioarekin ere denboran baina ez beti. Oroit gaiteze sindikatu poloniarren borrokaz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude