Sedukzioa ala sumisioa?

Sedukzioa ala sumisioa? –

Gutxienez Joseba Arregi Kultura Sailburu zen garaiaz geroztik (1984-85), Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren ardatz ideologiko nagusienetakoa izan da, euskara ez dela inposatu behar eta aitzitik sedukzioaren mekanismoak erabiliz jorratu behar dela bere sustapena eta erdietsi behar direla bere haztea eta zabaltzea.

Bistan da, garai hartan bazela, erdaraz funtzionatzen zuen bitartean euskara inposatu nahi (omen) zuen erakunde armatua, eta oso ulergarria da, Jaurlaritza, nahiz euskara bera, horietatik bereizteko ahaleginean, sedukzioa eta adeitasunaren mintzabidea garatu izana. Gaur ordea, egoera bestelakoa da zorionez, eta premiazkoa da auzia plazara ekarri eta gogoetagai jartzea.

Sedukzioa ala sumisioa?

Genero ikuspegia lantzen duten pentsalari ugarietakoren bat laguntzera noiz etorriko den zain diraudan bitartean, berriro gogora araziko dut hemen, jada hamaika aldiz salatu dudana: euskararen inguruko mintzabidean sedukzioa aipatzen denero, kontzeptua ez da inoiz bere osotasunean hartzen, gizonezkoen ikuspuntuari dagokion ikuspuntu soiletik baizik. Gizarte tradizionalean boterearen jabe den gizonezkoari, otzantasuna, adeitasuna, begirada esanekoa eta irribarre goxoa egiten zaizkio limurgarri. Baina emakumezkoaren ikuspuntua baztertu nahi ez badugu, aitortu beharko dugu, indar eta botere erakustaldia, oldarkortasuna eta garailetasuna, aurrekoak adina direla (edo agian gehiago) sedukzio-bide eraginkorrak.

Hau aintzat hartuta eta Hizkuntza Politikak aldarrikatzen dituen balioei erreparatuta, zuzenketa bat egin beharrean nago: Euskararen sustapenerako proposatzen digun bidea ez da sedukzioa, sumisioa baizik.

Kontuz, ez beza inork ulertu aurrekoa gaitzesten nabilenik. Egoeraren deskribatzaile diot, zeharo eta soilki, eta ez dut, ez hau ez beste ezer gaitzesteko asmorik, harik eta erdietsi nahi den helbururako kaltegarri dela ikusi arte. Sumisioaren bidea lantzeko estrategia baten aurka ez neukake inolako oztoporik ez bainazkorik, euskararen onerako dela frogatuko balitz. Utikan aurre-iritziak! Aztertu beharrean gara ordea, sumisioaren bide honek nora ekarri gaituen eta nora garamatzan.

Soziologian unibertsaltzat hartzen den lege batek dio, galtzaileek garailearen bidea hartu ohi dutela (the defeated follow the winners). Unibertsala da, hots, tokian tokiko berezitasunak gorabehera, alde guztietan eta beti konplitzen dena. Beste batek dio gizartearen gehiengoa, haizea nora, hara mugitzen dela. Eta hirugarren batek berriz, talde baten motibazioa bere inertzia baino indartsuagoa bada, oreka zaharretik oreka berri batera mugi daitekeela. EAEko Hizkuntza Politikaren arduradunak, edozein manualetan aurki daitezkeen lege unibertsal hauen jakinaren gainean egongo direlakoan nago.

Alde guztietan eta beti, galtzaileak garailearen bidean barrena abiatzen badira laster edo beranduago, begibistakoa ematen du sumisioaren bideak hilobira baino ez garamatzala, sumisioa definizioz, galtzailearen garailearekiko jarrera denez gero. Nago hemen dagoela, beste inon baino gehiago, belaunaldi berrien euskararekiko ezaxola eta desertzioa, izan ere, aspaldiko ezaxola eta desertzio tradizio autoktonoan habi naturala ehiki aurkitu duena. Zeren, nork nahi du galtzailearen itxuraz azaldu, nork nahi du sumisioaren irudiari berea atxiki, nork nahi du haize nagusiaren norakoari jarki?

Euskararen gaurko egoeraren azterketak, gorago aipatu ditugun lege unibertsal horien burutze baratz baina geldiezina erakusten digu. Eta lege unibertsal horiek aurrez aldetik ikus arazten digute halaber, alderdi politikoen, hauteskundeen eta beraz azken finean, gizartearen inertzien menpe dagoen ezein erakundek ezingo dituela inertzia horiek zindo, adorez eta eraginkortasunez borrokatu.

Lege horiei erreparatzen badiegu, sumisioaren mintzabidearekin eten beharra dago eta motibazioen arloa landu, egungo inertziak gelditu eta alderantzizkatu nahi baditugu. Laguntza bikaina eman lezakete horretan Hizkuntza Politikak eta euskarazko komunikabide publikoek, baina beldur naiz, arestian aipatu ditudan arrazoiengatik, laguntza horren esperantzik gabe eta batik bat esperoan egon gabe abiatu beharko ditugula ekimenak, garen apurron indarraren arabera.

Sumisioarekin eteteko egin behar dena, sinplea da, erraza ez bada ere, lege-uztarri berean bizi diren katalanak aspaldi erakusten ari zaizkigulako haien eredu arrakastatsua. Sumisio jarrerekin eteteak euskara inposatzen hastea esan nahi du. Baina ez nolanahi. Oso diferentea da, pistola bat eskuan erdaraz exijitzea errotulazio bat euskara dadin, eta egunero nonahi, noiznahi eta nornahiri euskaraz zuzentzea, eta erdarazko erantzuna jasotakoan euskaraz hitz egiteari eustea harik eta besteak, ulertzen duela erakutsi, edo mesedez euskaraz ez dakiela eta erdaraz egin diezaiozun eskatzen dizun arte, eta orduan, eta orduan bakarrik, adeitasun osoz, erdaraz egitea. Bestelako indarrik ezean, adeitasunez jantzitako determinazioak, garailearen sedukzio indarra transmititzen du. Hori da katalanek aspaldian egiten dutena eta funtzionatzen duenik ezin da ukatu.

Motibazioen arloa lantzen berriz, galtza bete lan dugula esango nuke. Orain arteko sumisioaren bideak etnikotasun berri batera eraman gaitu. Garailearekiko atxiki nahi naturalari aurre egiteko indar bakarra, arbasoekiko atxikimenduak ematen du (eta ez bertako arbasoak dituzten guztiei gainera). Egoera honen hondamendi-bide izaera ez dago argitu beharrik, gure gizartearen jaiotze-tasa negargarriari erreparatuz gero..

Sumisioaz, determinazio adeitsuaz, motibazioak lantzeaz, eredu berriak sortzeko komunikabideen erantzukizunaz, eta antzeko gaiez gogoeta egiten hasi beharko ginateke sobera luzatu gabe, bai eta oraintxe bertatik, unibertsalak diren lege soziologikoak aintzat hartzen, entzungor edo ez ikusiarena egin ordez. Garaiz gaude oraindik, baina zenbat eta beranduago orduan eta aukera gutxiago. Gaixoa ez dago txantxetarako.

https://www.ipetitions.com/petition/hizkuntza-politika-integrala

Sedukzioa ala sumisioa?
Sedukzioa ala sumisioa?  Sedukzioa ala sumisioa?
Sedukzioa ala sumisioa?

11 pentsamendu “Sedukzioa ala sumisioa?”-ri buruz

  • 58 sinadura bildu ditu orain arte zure ekimenak, Juan Inazio, egiten ari zatzaizkion artikulu-kanpainarekin ere. Zein da arazoa? Gogogabetasuna, adostasunik eza, konbentzimendu falta, zabalkunde mugatua…

    Beharbada, klabea da eskukada bat pertsona motibatu juntatzea, nukleo gogor bat sortzea eta lanari ekitea, milaren zain egon gabe. Gogoratu ezen Euskaraldiaren genesian, ekimen horrek gerora arrakasta izan nahiz ez, pertsona bakar baten EKINTZA dagoela.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-11-13 14:14

    Lehenari erantzungo dizut ez dakidala. Izan daitezke aipatzen dituzun horiek eta baita beste batzuek ere. Duela zazpi urte bide beretik abiatu nuen beste sinadura bilketako 3.500dik gorakoarekin konparatzea deigarri bezain mingarri da, dena den. Eta bigarrenaz berriz, arrazoi osoa duzu nire ustez. “Be water my friend” horren antzera aldarrikatu beharko dugu, “hadi lizun, euskaldun”, lizuna bezala, une txiki batean hasi eta, gero apurka han eta hemen zabalduz, denean nagusitu arte.

  • “Eta lege unibertsal horiek aurrez aldetik ikus arazten digute halaber, alderdi politikoen, hauteskundeen eta beraz azken finean, gizartearen inertzien menpe dagoen ezein erakundek ezingo dituela inertzia horiek zindo, adorez eta eraginkortasunez borrokatu.”

    “Zeren, nork nahi du galtzailearen itxuraz azaldu, nork nahi du sumisioaren irudiari berea atxiki, nork nahi du haize nagusiaren norakoari jarki?”

    “Garailearekiko atxiki nahi naturalari aurre egiteko indar bakarra, arbasoekiko atxikimenduak ematen du (eta ez bertako arbasoak dituzten guztiei gainera).”

    Botere erlazioen ulermen zorrotza.

    “Baina emakumezkoaren ikuspuntua baztertu nahi ez badugu, aitortu beharko dugu, indar eta botere erakustaldia, oldarkortasuna eta garailetasuna, aurrekoak adina direla (edo agian gehiago) sedukzio-bide eraginkorrak.

    Hau aintzat hartuta eta Hizkuntza Politikak aldarrikatzen dituen balioei erreparatuta, zuzenketa bat egin beharrean nago: Euskararen sustapenerako proposatzen digun bidea ez da sedukzioa, sumisioa baizik.”

    Emakumearena alde batera utzita, goiko ideia hainbat arlotara zabal daiteke. Euskarazko sorkuntza eta erabilera arlo batzuetan dute presentzia gehien, eta hauek ez dira beti seduktoreenak, prestigiotsuenak, garrantzitsuenak… Baliteke horrexegatik izatea zailagoa euskararen sarrera horietara, ez diotelako uzten nitxo garrantzitsuenetara sarbidea. EHUn behintzat nik horrela ikusten dut. Dirua eta erronka tekniko handiak daudenean jokoan “ez hasi euskararen txorakeriarekin” jarrera hartzen da, baina paperean soilik geldituko diren lan intelektualak/artistikoak diren bitartean ez dago arazorik. Inposaketarik gabe seduzitzeko aukera bikainak izan ohi dira euskarari prestigioa emateko baina ez ditugu erabiltzen.

    Barkatu gaia desbideratu badut.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-11-13 15:32

    “Ez hasi euskararen txorakeriarekin” bide jakin baten helmuga logikoa da. Euskara komunikazio esparrutik atera eta sinboloen esparruan giltzapetzeko aspaldian hartutako jarrera faktikoan irteera duen bidearena, hain zuzen. ETB1eko “mariachiak” eta antzekoak zuzkitune dituen bide ezagun bera.

  • Zergatik mugitu garen gutxi? Gauzak hala daudelakoz. Baina hemen eta Mendebalde guzian. Zaharrak zahartuz, ilusioa galduz, sofa eta telebistaren mendean…Gazteak borrokari lotzeko… erosoegi bizi izan dira… Mendebalde guzian.
    Irakurtzea debeku, gogoetatzea ez haizu…
    Mundua kurritzea helburu, asteburak aisirako….
    Hola doa mundua, ez da berria, aspalditik datorren fenomenoa, baina mende berria estreinatu genuenetik ziztu biziagoz doana

  • Baina etorriko da Jauna….dio ebagelioak. Ez gaitzala lotan harrapa.
    Hartsuaga, ekiten badiogu, agian…nork daki, esperantzarik ez galdu.
    Gora Rusia!!!!

  • ETA erakundeak paper oso garrantzitsua jokatu zuen euskararen berreskurapenean eta hasieran herria bera bezala nagusiki erdalduna bazen ere urteekin erabat euskaldundu zela mundu guztiak daki. Kontura etorri gabe ETAri kaka bota eta horrekin Joseba Arregi eta enparauen garaiko politika anti-euskaldun eta espainolista justifikatzea soberan dago.

  • Nik argi daukat Quebeceko 101 legearen antzeko zerbait behar dugula; hau da, herritar guztiak euskara ezagutzera modu irekian eta adeitsuan BEHARTUko gaituen LEGE bat. Euskara ulertzea legez derrigorrezkoa izan beharko luke. Gehiengoarentzat hori onargarria izan dadin bidea prestatzen, giroa sortzen hasi beharko genuke. EAEn behartu zituzten irakasleak euskalduntzera…zalaparta sortu zen, baina egin zen. Zergatik ez gizarte osoa? Kontua da ezin dela saldu ‘behartu’ hitza erabiliz. Moduak aurkitu behar dira gehiengoak onargarritzat har dezan.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-11-14 18:15

    Horrelako lege bat ordea nekez jarriko dute indarrean gizartearen zati txukun batek ozen eskatu ezean, jakinda gainera koste politikoa ere ekar dezakeela. Legeak errealitateari darraikio, ez alderantziz. Nire uste apalean guri dagokigu horrelako legearen beharra sortzea, aitortuta ditugun eskubideak baliatuz gure inguruan euskara gero eta sarrriago, gero eta lotsagabeago, gero eta naturalago, ezartzeko.

  • Josu Larrea 2018-11-16 20:51

    “…erdaraz funtzionatzen zuen bitartean…” Sakonago eztabaida liteke, baina ezin daiteke. Esan dezadan behintzat urte luzez adierazpen publiko guztiak euskara hutsez egin zituen erakundea izan zela.

  • ganbaratxotik 2018-11-19 18:22

    “Belarriprest”, “Ahobizi” aurten. Ondo. Baina ez nahikoa. Hurrengo urterako ” Nik euskeraz soilik” txapa ere etara eta intsumitueri ere aukera emango nieke. Hortik sortuko da beharra, premia. Euskera ikasteko premia. Eta horreztaz gain “Nik euskeraz soilik” jantzi duenak gauza interesgarriak, muntadunak esateko baditu are hobeto. Eta horretaz gain “nik solik euskeraz” txapadun horrek boterea badu, alegia, diruaren iturria bere esku balego euskeraren ezagutzaren premia berez zabalduko litzateke. Izan ere, beste edozein hizkuntza bezelakoa da gurea. Ahalegin bat eskatzen du ikasteak, esfontzu bat, energia-inbertsioa. Eta jakinekoa da gorputza alferra dela, ez da mugitzen sofatik akuilurik ez bada.