Santa Luziko birramama

Santa Luziko birramama –

Azpian duzun testutxo honek, irakurle, Twitterreko txio kate batean du sorburua; hementxe:

Orain dela gutxi, zera leitu nion Karmen Zabaletari Twitterren (@kazabaleta), “Zure hizkuntza ixten ez den zauri bat denean”. Protoeuskaldunek (@protoeuskaldun) segituan erantzun zion, “Zaintzen duzu, baina oinazeak hor dirau…”.

Horiek horrela, hizketalditxoan tartekatu, eta zera esan nien, “Niretzat, anputazio baten gainean jositako hezur-haragi berriko zauria da. Sekula ixten ez den orbana eta sekula sorgortzen ez den zauriaz gain, anputatutako atalaren mina. Blas de Oteroren style (Al nacer, lo primero que hicieron fue cercenarme la lengua; me dieron el cambiazo)”.

Hurrengo astean, Bernardo Atxagaren eta Oskar Alegriaren arteko solasaldia entzuten izan nintzen Loraldian:

Biharamunean, Josu Goikok (@josu_goiko) honela esan zuen halako batean, solasaldia online aditzen ari zela: “(H)u(n)kitzen ari naiz Atxagaren eta Alegriaren arteko solas hau entzun bitartean”. Erantzun nion niretzat, Alegriaren osabaren pasartea izan zela hunkigarriena; amama ekarri zidala burura eta geroztik gogotik kendu ezinean nenbilela.

Bada, hauxe da burutik kendu ezinean nabilena:

Santa Luziko birramamaGure birramamak Santa Luziko baserria utzi, eta Ganekogorta azpiko herri batera joan zen bizitzera. Bederatzi seme-alaba izan zituen. Senarra auzo berekoa zuen, eta bederatzigarren semea jaiotakoan hil zitzaion. Beheko herrian ia inork ez zuen euskaraz hitz egiten, ez entenditzen. Mespretxatzen, bai, askok.

Aldeanoen hizkuntza zen. Ezertarako ez zuela balio esaten zion jendeak birramamari. Azken hiru seme-alabei ez zien euskara irakatsi. Katea eten zen. Zerrenda bat osatu nahi nuke amamak transmititu zizkigun azken hitzekin, eta katebegien gisa uztartu: sarda, siron, kakanarru, mami, sagutxu, txori, gara, giarra, morokil, kolko, jera, neurrikordel, sorki, tripasai, sekulebederra, garriko, begitxindor, atxurtxu, sapaburu, txirlora, txikitxu, lastana, alzo, ganorabako, txoriburu, suku, kanpora, kaparra, txorrotxa, saborra, txondorra, ene, galga, moskorra, papau, lolo…

Ordurako euskara galdua zuen herriko gizon batekin ezkondu zen gure amama, Bizkaiko merkaturik merkatu ibilita ikasitako esaldi solteak baino ez zekien gure aititarekin; baina, hala ere, erabat tematu ziren ezertarako balio ez zuen hizkuntza horrekin. Baserrian eta, gero, herrian jarritako harategian irabazitako aurreneko sosez baliatuta, morroi bidali zituzten lehenengo bi seme nerabeak, Autzagane aldeko baserri batera, lan egin zezaten euskararen truke, gaztelaniaz inork ez zekien parajean.

Gure aita beranduegi jaio zen, Errepublikaren azkenetan. Handik urte erdira altxamendua izan zen. Handik urtebetera gizon talde batek jo zuen gauez etxeko aldaba, aitite fusilatzera etorria. Amamari, berriz, “confinamiento domiciliario” jarri zioten zigor. Ezin etxe ingurutik atera inoiz ezertarako. Eliza ere apenas zuen familiako inork berriz zapaldu, abadea zortzi euskal abizeneko salatari frankista nagusia zelako. Aitak ez zuen inolako aukerarik izan hizkuntzarekin, amamak jarritako izena bera kendu zioten, eta Juan Lucas izatera behartu.

Otamendik azken poesietako batean darabilen egitura agramatikal ederra parafraseatuz, erdaraz etengabe diharduzuen euskaldunok, ezin dut zuen aukera ulertu nahi.

Gure amamak ‘dallu’ esaten zion segari. Bizkaiko eta Arabako mendebaldean eta beste toki batzuetan gaur egun ere erabiltzen da. Neke, larri, abarra, kartola, akullu, aña, baldarra, betagarri, biotxerre, birsai, kako, txitxiki, txita, eskila, gallur, txalo, moko, gastanbera, matxintxu, otaka, ospa, ganbara, sogalinda, txarri, seruga, sikiña, txarriboda, ondakin, oba oba… Erdaraz etengabe diharduzuen euskaldunok, ezin dut zuen aukera ulertu nahi.

(Argazkia ez dut neuk atera. Josu Oruetak egin zuen, Larrazabalgo Ostenko baserrian)
Santa Luziko birramama Santa Luziko birramama