Plateruenaren ixtea dela-eta EHEren elkarretaratze deialdia

Plateruenaren ixtea dela-eta EHEren elkarretaratze deialdia –

Plateruenaren ixtea dela-eta EHEren elkarretaratze deialdiaDurangoko Plateruena ixtea kezkagarria da euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Euskarak arnasgune erreferentziala galduko du eta euskal kulturak azpiegitura oso garrantzitsua.

Baina itxiera hau sakonagoko korronte kezkagarrien adierazle dela uste du EHEk. COVID-19aren pandemiak areagotu dituen baina lehenagotik datozen eraldaketa sozial, kultural, teknologiko, ekonomiko eta politiko egiturazkoen adierazle da. Eraldaketa horiei aurre egiteko herri gisa eta hizkuntza-komunitate gisa beharrezkoa dena egiten ari ez garenaren sinboloa da. Oraindik ez da berandu, baina atzeratuta gabiltza, zalantzarik gabe.

Euskararen normalizazio-prozesua ez doa ondo. Ez, ez doa ondo. Hamarkada daramagu bidegurutzetik atera nahi eta ezinean. Asko da aurreratutakoa, baina bertan ditugun garai mehatxagarriek dakartzaten erronkei aurre egiteko beste dimentsioko neurriak behar ditu euskarak. Euskararen normalizazioan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eragingo duten erabakiak hartu behar dira epe motz batean. Zama guztia herritarren bizkar utzita eta errealitatea desitxuratu nahi duten mezu “positiboen” lilurara mugatuz gero, euskararenak egin du. Plateruena bezalako arnasguneetan euskarak eutsi ahal izango dio epe batez, baina jauzi hori egin ezean, arnasgune horiek euskaldunen erreserbak bilakatuko dira, eta lehenago ala beranduago, horiek ere erdaren ozeanoan desagertuko dira. Era berean, euskal kulturgintzaren egoera zaurgarria dugu guztiz. Aurrez kezkagarria zena, pandemiak kinka larrian utzi du euskal kultur sortzaileen eta kultur azpiegituren egoera.

Horregatik, instituzioei exijitzen diegu behingoz gure hizkuntza eta kulturaren aldeko neurri estruktural eraginkorrak har ditzaten. Ez da hitz politen edo eraginik gabeko neurri sinbolikoen garaia. Euskararen alde egotetik euskararen alde beharrezkoa dena egitera igarotzeko unea da. Euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko garaia da.

Hori lortzeko euskaltzaleok altxatu eta kalera ateratzeko garaia dugu. Instituzioak presionatzeko, eta, herri eta hizkuntza-komunitate gisa galbidera garamatzaten joera linguizida eta uniformizatzaile horiei aurre egiteko.

Plateruenaren ixtea dela-eta EHEren elkarretaratze deialdia
Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude