Pentsatzen dudana idatziko dut, idaztea baita ene adierazpide adierazkorrena

Pentsatzen dudana idatziko dut, idaztea baita ene adierazpide adierazkorrena –

Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean 2018ko ekainaren 1ean, ostiaralean Euskaltzaindiak antolatu zuen hitzaldi-multzotik ateratakoa:

“Euskara batua eta tokian tokiko erabilera: korapiloak eta erronkak” liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak. 

2020-05-14

Ezkerraberri Fundazioak eta Euskaltzaindiak 2018an antolatu zuten jardunaldiaren helburua euskara informalari buruz gogoeta egitea izan zen: euskalkien papera zein den, ahozko euskarak eta argotak nolakoak izan behar duten, gazte hizkerak… Liburuki honek Mikel Zalbide, Adolfo Arejita, Joxerra Garzia, Inma Muñoa, Orreaga Ibarra, Xabier Euzkitze eta Asisko Urmenetaren gogoetak biltzen ditu. Euskaltzaindiaren Jagon bildumako 20. alea da.

Hasteko, oso interesgarria iruditzen zait liburu honen ekarpena, eta Kike Amonarrizek ere bere liburuan dioen bezala, bidegurutzean gaude.

Euskararen jatorria misterioa da, euskararen biziraupena oraindik eta misteriotsuagoa da, baina erabileraren kontua bai dela misterio hutsa! nola uler daiteke ezagutza altua izanik gizartean, nahiago izatea erdaraz hitz egitea?

Euskararen jatorriaren xarma jadanik ez da erakargarri eta gazteak nahiz helduok modak eramaten gaitu…

Orain arte egin dena handia izan da: handia izan zen euskara batua sortzea, eta geroko lorpenak ez dira makalak izan. Administrazio-hizkera ez ezik, euskara noranahikoa ere egin dugu, baina orain maitasuna eta bihotza jarri behar diogu euskarari limurtzeko, eta Euskaltzaindiak ahozko batu estandar bati ekin behar dio, baitezpadakoa baita. Euskarak ez du mugarik, eta batuak eta tokian tokiko hizkerek elkarri entzun behar diote, ahozko euskara batu estandar hori sortzeko.

Liburu honen ekarpenak hezkuntza eta hedabideak aldatzeaz gain, euskaltegien eginkizun-espektroa ere alda dezake, baina horretarako aldatzeko prest egon behar dugu, eta gure konfort-gunetik ateratzeko prest egon; nik gizartea ez dut ikusten iraultza baterako, baina beharbada nigandik hasita aldaketa txikiak egin ditzakegu.

Euskara batuaren eta euskalkien homogeneizazioa gertatu da, berdintzea; izan ere, aldaerak hedatu eta orokortu dira: gaur egun ez da harritzekoa gazte bizkaitar batek “prefosta” esatea, edo ekialdeko hizkeretan “fite etorko da” bilakatu da “laster etorriko da”.

Hezkuntzan, eskoletan euskaldun eleanitzak hezi nahi ditugu, eta orotariko ibilgailuak izan daitezen haurrak; hori dugu desio. Haurrek aski irudimen eta malgutasun dute hizkuntzekin, eta gazteek edozein egoeretara egokitzeko gaitasuna, barneak eskatu ahala, hura egiten dute. Esamoldeak eta esapideak eurek sortu behar dituzte, eta horretarako baliabideak eman behar dizkiegu haurrei eta gazteei, gutxiago kontsumi dezaten eta gehiago ekoitzi, edo bien arteko oreka bat erdiets dezaten.

Ekialdetik mendebaldera hainbat aldaera eta “sukalki” daude, eta Asiskok proposatzen du ez dezagula sinonimoez hitz egin, baizik eta hitzen mailakatzeaz. Jargota sortu nahi bada, natural, euskaraz euskalkietako hitzetara jo behar dugu, hala nola erdarazko “hortera” errateko iparraldeko “afrusa” adiera erabilia.

Ni ere ados nago ez dagoela hizkuntza handi edo txikirik, boteredunak eta boteregabeak baizik, eta nazio batu gisa jokatu behar dugu euskarari dagokionez, muga eta aduana politikoak ahantziz eta baztertuz ulertezin egiten gaituena (ligatu/dragatu), eta hartuz denok ulertzen duguna (piszina).

Euskara batu ofiziala nahikoa berria da (50 urte eskas!), eta pazientzia izan behar dugu Euskaltzaindiarekin, baina bada garaia ahozko batu estandar bati ekiteko, euskararen bidegurutze honetan zirt edo zart egin beharra dago; izan ere, euskaran ordeztea gertatzen ari baita jada.

Euskara idatzi batua Lizarraga Elkanokoak egiten zuela harriturik gelditu nintzen, eta horregatik aipatzen dut bera 2019ko Lizoainibar-Arriasgoiti kontakizun laburren ipuin lehiaketan lehen saria irabazi zuen nire ipuinean: “Urrotz’tar neskatila bati”.

Batu idatzi informalaz eta batu ahozko formalaz hitz egin beharrean, egokitasunaz mintzatu behar ginateke: egokia ala ez-egoki al da? Ahozkoa ala ez-ahozkoa al da?

Arestian esan dut euskararen erabileran kale egiten dugula euskal gizartean, eta adierazkorrago iruditzen zaizkiela gazteei eta denei, orohar, erdarazko lokuzioak eta esamoldeak erabiltzea; baina badago aterabiderik. Ahoskera eta ebakerari garrantzia eman behar diogu, eta hegoaldeko yeismoak saihestu, – l- eginez eta iparraldeko – rr- dardarkariak lehenetsiz frantsesezko -r – hotsaren aurrean; baina zer gertatzen da hegoaldeko euskal hiztun askoren erremerrearekin? nire erremerre hau ere euskal hotsa dugu, bat baino gehiago nire ateraldi honekin irriz karkailaka hasi baldin bada ere.

Euskara estandarra dago batetik, eta bestetik erregistro informalak daude, eta euskararen kalitatea kaltetua dago, hau da hizkunarentzat ez da baliagarri euskarara jotzea zenbait erregistrotan. Erregistro informaletan besteei eragiteko, norbera izateko eta solaskidearekiko atxikimendua adierazteko hiztunak euskara baztertzen du.

Euskara larretik noranahikoa izatea nahi badugu, erregistro informala landu behar dugu eta sentitu baliagarri zaigula, eta horretan lagungarri honako hauek ditugu: hitanoa, toka eta noka egoki erabiltzea, eta lokuzio eta esapideen zerrenda egitea. Tradizioa gurtu gabe, baina e-gurtu, hau da, ezagutu, egokitu eta erabili. Berrerabili eta sortu gure beharrerako, eta horretarako LIBERtituz SOLASean baita hitz-elkarketak egin ere, hitz berriak sortzeko. Norberarengan dugun poeta ateratzea besterik ez dugu!

Batu idatzi informala eta batu ahozko formala egoki erabiltzean datza gakoa, eta ahozkoa eta ez-ahozkoa bereizi. Oraindik orain eskuz hitz egiten dugu eta ahoz idazten, eta hori hartu behar dugu kontuan ahozko batu estandar bat sortzerakoan.

Gaur egungo waxapera “euskalki” berria (oaintxepasa, gaupasa) kontuan hartu beharko da batua informaltzeko; hizkuntza batek ez badio hiztunari hobeto bizitzeko balio, hiztunak batera esango dizkio “kaixo” eta “adio” (Joxerra Gartzia), eta euskara batua trabatua bazaio hiztunari (Euzkitze), sena erabili behar dugu bai hiztun arruntak, baita euskararen profesionalok ere. Euskara batua eta tokian tokikoa non, noiz eta zertarako?

Konpreniarazi behar dugu, eta euskalkietatik aberastu euskara batua. ahogozatu euskara!

Ainara Maya Urroz

Pentsatzen dudana idatziko dut …

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.

7 pentsamendu “Pentsatzen dudana idatziko dut, idaztea baita ene adierazpide adierazkorrena”-ri buruz

  • “Kike Amonarrizek ere bere liburuan dioen bezala, bidegurutzean gaude”

    Funtsezko zuzenketa bat, Ainara, Kike Amonarrizen liburua dela eta.

    Euskara ez dago bidegurutzean. Kikek dioena dioela.

    Une eta toki hori aspaldi pasatu genuen. Berrogei urte luze izan ditugu bidegurutze horretaz jabetzeko. Eta orain beste nonbaiten gaude.

    Euskara orain gurutze-bidean dago. Eta euskaldunok ere bai.

    Bai, hala da: EUSKARA GURUTZE-BIDEAN dago, bere bizitzaren unerik larrienetako batean. Heriotza naturalez hiltzeko zorian, euskaldunek berek ere ez baitute buru gaineko ezpata ikusten.

    Askok omen daki hemen euskaraz, baina gero eta hutsalago da, garrantzirik gabekoa, alferrikakoa. Inon ez da premiazkoa.

    Aski zaigu euskaldunoi “en erderaz, mesedez” entzutea, euskara baztertzeko eta gaztelaniaz hasteko.

    Adarra jotzen ari zaizkigu bestelakorik diotenak.

    Adarra jotzen ari zaizkigu hizkuntza politikaz arduratzen diren agintariak.

    Adarra jotzen ari zaizkigu EITBkoak.

    Adarra jotzen ari zaizkigu euskaltzale omen diren erdaldun elebakar bokazionalak.

    Eta horretaz ohartzen ez dena ez da ezertaz ohartzen.

    Bidegurutzean bageunde, bide egokia hautatzeko aukera izango genuke oraindik. Baina hemen ez da horrelakorik. Egoera agonikoan gaude.

    Hemen gurutze-bidea da euskara eta euskaldunok egiten ari garen bidea.

    Urkamendira garamatzate eta halere gu, inozo hutsak, itxaropentsu eta irribarrea ezpainetan.

    Beste holokausto bat, modernoa, konstituzionala, demokratikoa, naturala.

  • Egun on,

    gaur goizean lantokira etorri, eta bi testu ezkor irakurri ditut; bata, zurea eta bestea, Jose Juan Gonzalez de Txabarrirena azken IHINTZA aldizkarian. Berak dio bere garaian Zarauzko La Salleko hermanoekin erdaraz ikasten zutela, dotrina izan ezik, eta eskolatik atera bezain laster, haurrek euskara ahotan! gaur egun kontrakoa gertatzen dela gazteeen artean… beharbada arrazoi duzu zure diagnosian, euskara gurutz-bidean dagoela erratean… tristetu naiz… Euskararen profesional honi zer pentsa eman dio eta kopetilun jarri naiz: zertan ari naiz?
    beharbada arrazoi duzu diagnosi horretan, baina nik nahiago dut pentsatu bidegurutzean gaudela eta jakingo dugula aurrera egiten; nik nahiago dut pentsatu ene maitea nigana itzuliko dela eta bigarren aukera bat izango dugula sare sozialek eragin zizkiguten gaizkiulertuak bazter utzita…
    ez dakit, erromantiko hutsa naiz, edo izateko beharra dut, neure burua bosgarren pisutik ez botatzeko… ez dakit…

  • Benat Castorene 2020-05-22 19:29

    Amurrizak iradokitzen duen bezala “batua” ordez “nazionala” sitematikoki erraitea aztertzeko ideia litzateke

  • baliteke… baina era batera edo bestera aitzina egin behar dugu… nola edo hala..

  • Peru Gabiriko 2020-05-22 20:41

    Hunkigarria zure kantua, xoriño kantharia

  • zein kantu? Gontzal Mendibilek musikatutakoa?

  • Benat Castorene 2020-05-22 21:42

    Ainara, euskara nazionala erraitea ez litzateke beharbada xehekeria bat.
    Ez lezakea balio zinbolikoa har batuaren arrazoia eta beharra senti arazteko?