Paul Bilbao: “Elebakarren diktadurapean bizi gara”

Paul Bilbao: “Elebakarren diktadurapean bizi gara” –

Nafarroako Gobernua “aldaketaren gobernua” bezala izendatua izan da maiz, baina badirudi batzuentzat aldaketa batzuen gobernua dela soilik. Gauzak garbi: Izquierda-Ezkerraz ari gara. Kontseiluak Anaitasuna bete zuen hauteskundeak ospatu baino lehenago, bi mezu haizatzeko: bat, Nafarroan bada euskaraz bizitzeko nagusia den herri gogoa; bi, alderdiei garbi adierazteko “ALDAKETA” hizki larriz idatzi behar dela, euskaratik eta euskaraz. Bi urte baino gehiago igaro dira aldaketa eman zenetik, eta Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, argi dauka: gauza asko aldatu dira, onerako. Plan Estrategikoa onartu da, baliabideak handitu dira, euskalgintzari ateak zabaldu dizkio Nafarroako Gobernuak, instituzioen komunikazioan euskara ikusten da… Baina gauza asko hobetu direla bezain garbi ikusten du Bilbaok ez dela hizki larrizko aldaketa eman. Horren erakusle handiena da hil honen 15ean Vascuencearen Foru Legeak 31 urte beteko dituela. Nafarrek eskubide ezberdinak dauzkate jaiotzen diren zonaldearen arabera, eta hori onartezina dela azpimarratzen du Kontseiluak. “Beste edozein eskubiderekin ez genuen ulertuko; baina badirudi euskararekin baietz”, gaineratzen du Bilbaok.

Paul Bilbao: "Elebakarren diktadurapean bizi gara"
ARG: Argia

Beste datu adierazgarri bat azpimarratu du algortarrak: “alternantziaren gobernua” osatzen duten lau alderdiek akordio programatikoa itxi zuten unean, Euskararen Lege Berria desadostasunen multzoan utzi zuten. Hori Bilbaorentzat “ulergaitza ez, ulertezina da”.

Zonifikazioaren apartheidari amaiera emateko baldintzak daude instituzioetan, Bilbaoren iritziz. Nafarroako Gobernuak osoko bilkuran onartu zuen batzorde berezi bat osatzea, hizkuntza- eskubideen eskualdekatzea gaindituz, euskara Nafarroa osoan ofizial egingo duen lege proposamen bat aurkezteko (egia da ere UPNko legebiltzarkide bat ez zegoela bozketan). Albistea baikorki hartu zuen Kontseiluak, ez soilik dioenarengatik, baizik eta gainera epe bat ezartzen diolako proposamenari: sei hilabete. “Hizkuntza-eskubideak giza-eskubideak dira, eta horregatik, pre-politikoa da berdintasunaren aitortza egitea nafar guztioi”, adierazi zuen Kontseiluak.

Garrantzitsua da epearena. Kontseiluak hizkuntza politika planifikatu bat eskatzen duenean, tempusak zehaztea eskatzen ari da, bestela afera ad eternum bilakatzen baita, Bilbaok oso ongi dakien bezala. Sei hilabeteren buruan zonifikazioa gaindituko duen lege bat egon behar da mahaigainean, hitzartutakoa betez gero, eta ezin uka hori interesgarria denik. Parlamentuak eskaera zehatza egin dio lantaldeari, eta honek erantzun beha du. Kontseiluak bere ekarpena egingo dio lantaldeari, eta hemendik urte erdira herritarroi presioa egitea egokituko zaigu.

Zergatik presioa? “Legebiltzarrean, gustatu ala ez, matematikek agintzen dute”, gogorarazi digu Paul Bilbaok; eta Nafarroakoan, legeak aurrera atera ahal izateko, 26 bozka behar dira. Izquierda-Ezkerrarren biak barne. Alderdi honek behin baino gehiagotan adierazi du, bai bere hitzez eta bai bere ekintzez, ez duela euskararen ofizializazioa babestuko herrialde osoan. Berriki ikusi dugu zer egin duen irakaskuntzako zerrendekin. Bilbaok ez du ulertzen bere burua ezkerrekotzat daukan alderdi batek diskriminazioa babestea: “UPN bezala jokatzen ari da Ezkerra. Gizarte justu bat aldarrikatzen baduzu, oreka soziala, herritarren aukera berdintasuna… Nola babestu dezakezu euskararen zonifikazioa?”. Izquierda-Ezkerrak ere ziurrenik presioak jasango ditu, ikusi baita CCOO eta UGT bezalako sindikatuek jokatu duten rola: ez diete justiziari erreparatzen, beraien lanpostuari baizik.

Inork ez daki zer ekarriko duen Legebiltzarreko talde jaio berri honek, baina bederen, eztabaida berpiztu duela babesten du Bilbaok.


“Artzeren esaldi famatua birfomulatu behar da. Nik euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia parekoak ez jakitea da. Elebakarren diktadurapean bizi gara”

Paul Bilbao: "Elebakarren diktadurapean bizi gara"
ARG: Euskalerria Irratia

Euskaldunak pribilegiatu batzuk garela diote batzuek.

Gezurren bidez errealitatea itxuraldatzen dute. Euskalduna elebiduna, euskaldunak bi hizkuntzatan eman ditzake zerbitzuak; eta irakaskuntzan bi zerrenda izateak, argi eta garbi, euskalduna zigortzen du. Euskaldunak aukera gehiago izan behar ez euskalduna delako, elebiduna delako baizik, gehiago dakielako. Nik zazpi ikasketa izango banitu aukera handiagoa nuke lan deialdi gehiagotan parte hartzeko. Espero dut Nafarroako Gobernuak erabaki zuzena hartu eta zerrenda bakarraren alde egitea, bestela euskaldunak zigortuko dituela, UPNk zabaldutako bidetik.

“Euskara ofiziala Nafarroa osoan” dinamika abiatu du Kontseiluak. Ze helburu jarri dizkiozue zuen buruari?

Bat eta bakarra: herritarrak erdigunera ekartzea. Instituzioak kontutan hartzen ditugu, baina euskaraz bizi ezin diren herritarrak ekarri nahi ditugu epizentrora. Ahaldundu eta protagonismoa eskuratu behar dute, ez baikara kapritxoez ari. Horregatik erabaki genuen legeak ezartzen duen “zonalde mistoan” abiatzea kanpaina, Iruñerri inguruan, ikusarazteko euskaraz bizi nahi duten herritarrek hamaika oztopori egin behar dietela aurre egunero. Oztopo horiek gainditzeko lehenengo urratsa eskubideen aitortza da, eta horretarako ofizialtasuna nahitaezkoa. Hau ez da dinamika “makro” bat, herritarren eskaeretan oinarritu dugu kanpaina, eta beraien bizipenei erantzun bat eman behar zaie. Gero, nahi badute, legebiltzarreko alderdi batzuek esan diezaiotela herritar horiei ez daukatela inongo asmorik haien eskubideak bermatzeko.

Zein da lehentasuna Nafarroan?

Hizkuntza bat normalizatzeko lau zutabe daude: corpus juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa. Uste dut Nafarroan oraindik ez dagoela corpus juridiko egokirik, eta bertan kokatuko nuke lehentasuna.

Herritarrok aitortua dugu euskaraz aritzeko eskubidea, baina erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko beharrik.

Ikusi ditugu inkesta eta azterketa ezberdinen emaitzak, eta badirudi kristalezko sabai bat jo dugula. Aurrerapauso bat eman behar da, eta esaterako, kontratazio publikoetan euskararen ezagutza nahitaezko bihurtu. Geroz eta euskaldun gehiago gara, euskararen aldeko jarrerak gero etar nabariagoak dira, herri gogoa bizirik dago… Goazen guztion artean jauzi bat ematera hizkuntza politikan.

Askotan hitz egiten dugu erabileraz, eta beharrezkoa da hemen lan asko egitea; era berean, oraindik hiztun asko falta dira euskalduntzeko, eta esparru sozioekonomikoa gakoa da. Ezin dugu euskalduna egin egoeraren erantzule. Artzeren esaldi famatua birfomulatu behar da: euskara galtzen da dakitenek erabiltzen ez dutelako, eta ez dakitenek ikasten ez dutelako. Biak. Parekoak ez jakitea izan ohi da nik euskaraz ez hitz egiteko arrazoi nagusia. Elebakarren diktadurapean bizi gara.

Paul Bilbao  Paul Bilbao  Paul Bilbao: “Elebakarren diktadurapean bizi gara”
apartheida, elebakarren diktadura, elebakarren diktadurapean bizi gara, elkarrizketak, euskara, hizkuntza, nafarroa, segregazioa
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

5 pentsamendu “Paul Bilbao: “Elebakarren diktadurapean bizi gara””-ri buruz

  • Ederto Paul Bilbao, ohi bezala.

    Kontuz idazkerarekin, Beñat. Nahiz eta batzuk agian aipu literalak izan, honelakoak zaindu beharko zenituzke:

    – Euskararen Lege Berria desadostasunen sartu utzi zuten.
    – Ahaldundu eta protagonismoa eskuratu beha dute, ez baikara kapritxoez ari.
    – Aurrera pausu bat eman behar da. –> aurrerapauso
    – herri gogoa bizi dago
    – Nik euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia da parekoak ez dakielako.

  • “Artzeren esaldi famatua birfomulatu behar da. Nik euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia parekoak ez jakitea da. Elebakarren diktadurapean bizi gara” Geure burua autoengainatu dezakegu baina Artzeren esaldia, bere baitan, oso zuzena eta aktualitatezkoa da. Euskaldun garenok geure artean euskaraz egingo bagenu, itzelezko aurrerapausoa litzateke.

  • Egiazko abertzaleA 2017-12-11 15:28

    Egun on… Paul Bilbao hori ez dakit nor eta nongoa den. Bilbaotik segur aski. Berak dionaren arabera, “Nafarroan bada euskaraz bizitzeko nagusia den herri gogoa”. Argazkietan nahiko argi ikusten da, bera dela herri gogoa zein den zilatzeko betaurrekoak dituena. Ba oker zabiltza, Mister Paul. Horretaz gu ez gara batere tematzen, gu bederen, herritar xumeok. Nahiko alegreki egiten dugu erdaraz. Edo eskuaraz. Zure koadrillakoak agian bai, ez dakit. Nafartar guziak ez ditut ezagutzen, ez dakit zein izanen ote den herri gogo hori. Nahiko klaro dudana zera da, nere koadrillakoak ez gaituzula ordezkatzen !

  • Zenbat falta zaizue ohartzeko espainolak eta frantzesak ez direla euskaldunduko beharturik ez bada? Hemen beraiek agintzen dute eta badakite. Herririk euskaldunenean etxea erosi eta lasai asko biziko dira jotake erdaraz, bizi osoan elkarrekin euskaraz hitz egin duten bizilagunak erdaraz jarrita, beraiei enbarazu ez egiteko.

    Ez dugu oraingoz indar demografikorik (gutxiengoa gara gure lurrean eta are eta gutxiago izateko bidean gaude, haurrik jaiotzen ez dela ikusita), ez indar ekonomikorik (ekonomia produktibo gehiena zapaltzaileen esku dago, hosteleria eta turismoa ez dira zimentu egokia herri batentzat) eta ez indar ideologikorik ere (“elkarbizitza”, “tolerantzia”, “aniztasuna”, “errespetua”…). Gure herriaren gainbeherari buelta eman ezean nekez etorriko da inongo aurrerapenik, eta kontutan hartu politika instituzionalak ez dituela bere hortan herri honen arazoak konponduko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude