Pantailak Euskaraz harremanetan dagoeneko erakunde, alderdi politiko, streaming plataforma eta banatzaileekin

Pantailak Euskaraz harremanetan erakunde, alderdi, streaming plataforma eta banatzaileekin –

Pantailak Euskaraz harremanetan jarri da dagoeneko erakunde, alderdi politiko, streaming plataforma eta banatzaile-enpresekin, eta eskari zehatzak egin dizkie

Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakunde eta alderdi politikoei eskatu die bere egin dezatela abenduaren 4an Durangon hainbat eragilerekin batera aurkeztutako “Euskarazko Ikus-entzunezkoen aldeko Manifestua”.

Horrez gain, plataformen katalogoak aztertzen ari dira ekimeneko kideak, lehendik euskaratutako edukien bila, eta dozenaka aurkitu dituzte. Edukiok Zineuskadik eta EITBk diru publikoz euskarara bikoiztu eta azpidatzitakoak dira.

Pantailak Euskarazek lehentasunezkotzat jotzen du eduki horien euskarazko bertsioak eta azpidatziak plataformetara iristea, eta, horretarako, EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaburuari arduraz jokatzeko eta lidergoa hartzeko eskatzen dio, plataformetako arduradunekin harremanetan jartzeko eta azpimarratzeko euskarazko bertsioak ere exijitu behar dizkietela banatzaileei.

Pantailak Euskarazi iruditzen zaio Zineuskadin bikoiztutako euskarazko bertsioak plataformetara iristea epe motzean egingarria dela, audiook banatzaileen eskuetan daudelako eta hainbat plataforma ari direlako aldiro-aldiro beste hizkuntza gutxituetako bertsioak euren eskaintzan sartzen.

EITBk diru publikoz bikoiztutako film eta serieei dagokienez, Pantailak Euskarazek eskari zehatza egin die Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuari eta ETBri: euskarazko bertsioak banatzaile eta plataformeei komertzializaziorako doan emateko edo lagatzeko.

Izan ere, euskarazko bertsioek, españolezkoek (VE) edo katalanezkoek (VCat) bezala, ahalik eta zabalkunde handiena izan dezaten eta ibilbide komertzial askea eta osoa egin dezaten, nahitaezkoa da, lehenik, bertsio horiek enpresa banatzaileek izatea. EITBren bikoizketa eta azpidazketako batzuek egungo audio eta azpidazketa estandarretara egokitu beharko balira egokitzeko ere eskatzen die Kultura Sailburuari eta EITBri. Pantailak Euskarazek azaleratu nahi du Generalitateko Kultura Saila eta TV3 ari direla, elkarlanean, plataformetan dauden edukien bertsio katalanak banatzaileei doan ematen, eta egokitzea behar duten TV3ko audioak egokitzen.

Bestalde, euskarazko bertsioak Estatu frantsesean diarduten plataformetara iristeko eta iparraldeko euskaldunek edukiak euskaraz ikusi ahal izateko, Pantailak Euskarazek Zineuskadi eta Kultura Sailari eskatzen die, audio eta azpidatziok, Estatu espainiarrean banaketa-lizentzia duten enpresei ematen edo uzten zaizkien modu berean, Estatu frantsesean banatzeko baimena duten enpresei eta plataformei ere emateko edo uzteko, euskarazko bertsioak merkaturatu ditzaten.

VOD plataformei dagokienez, Pantailak Euskarazek Estatuko errealitate linguistikoa errespeta dezatela eskatzen die. Horretarako euren katalogoan jada euskaratutako edukien bertsioak txertatzeaz gain, aurrerantzean, ekoizpen berriak ere euskarara bikoiztu eta azpidatzi ditzatela galdegiten die.

Banatzaile batzuekin ere jarri da harremanetan Pantailak Euskaraz, eta horietako batzuk gaia konponbidean jartzeko prestutasuna erakutsi dute, eta adierazi dute, oraindik aurrera, DVD/Blu-ray formatuetan egiten dituzten argitiarapenetan txertatuko dituztela euskarazko bertsio eta azpidatziak, eta saiatuko direla euskarazko audio eta azpidatziok plataformetara helarazten.

Bukatzeko, Pantailak Euskarazek eskerrak eman nahi dizkie “Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua”ri atxikimendua eman dioten eragileei, Pantailak Euskarazen laguntzaile-sarea osatzen duten 500 kideei eta abian dituen lau sinadura-bilketa kanpaineei atxikimendua eman dieten norbanakoei.

Pantailak Euskarazek Argiari ere eskerrak eman nahi dizkio, bereziki, berriki aurtengo kanpaina onenaren Argia Saria jaso bait du. Ekimeneko kideek adierazi dute saria jaso izanak indarberritu egiten dituela, herritarren nahiari ahotsa ematen jarraitzeko, eta euskarak ikus-entzunezkoetan, orohar, eta streaming plataformetan, partikularki, duen presentzia urriari aurre egin eta egoera iraultzeko.

.

Pantailak Euskaraz harremanetan dagoeneko, erakunde, alderdi politiko, streaming plataforma eta banatzaile-enpresekin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude