Pandemia osteko (eta aurreko) gerra semiotikoak

Pandemia osteko (eta aurreko) gerra semiotikoak –

Azken hamarkadan Euskadi izendapena Euskal Herriko hiru lurralderi —Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatutako eremuari— deitzeko ia oharkabean zabaldu digutenean, sinboloen borroka puri-purian da munduan, eta ez gauza onerako. Nafarroaren erreferentzialtasunaren eztabaida gorabehera, XX. mendeko gure memoria historikoan —diasporan bereziki— iltzatuta dagoen Zazpiak Bat armarriak pertsekuzioa pairatzen du Nafarroa Garaian. Gure errepideetatik, kirurgia plastikoko operazio batean bezala, moztu digute armarri hori, baita Atarrabiako frontoian jartzea debekatu ere aurtengo martxoan.

Pandemia osteko (eta aurreko) gerra semiotikoak
Arg: Seaska

Israelgo Gobernuko agintariak legez kanpo uztekotan dabiltza Palestinako bandera. Eta ikusi dugu jada zein izan den izenen dantza Ukrainako gerraren eta politika gertaeren harira. Kiev izena Kyiv izatera pasa zen ingelesez, eta hor izan ziren borroka gogorrenak aldaketa gerta zedin. The Guardian egunkariak sutsuki babestu du aldaketa hori otsailaren 25eko artikuluan. ENWP Ingelesezko Wikipedian aspaldi egin zuten hautua ukraineraren alde. Euskaraz Kiev izena berdin geratu da, arrazoi linguistikoak direla tarteko eta ukrainar izen guztiei buruz jokabide koherentea izatearren, BERRIAn Alfontso Mujikaren kolaborazioan xeheki azaldu bezala (2022-04-06).

Orain Turkiak hartu du txanda. Turkiar agintariek herrialdearen izena, koronimoa, aldatzeko agindu diete Nazio Batuei, izena ez baita kontu txikia; eta onartua izan da. Kasu honetan, ingelesezko izena ofizialki Türkiye izatea agindu dute, berdin beste hizkuntza guztietan ere, beti Türkiye, turkieraz. Recep Tayyip Erdogan buruzagi duten turkiar agintariek argudiatu dute Turkia-k beste hizkuntza hegemoniko horietan konnotazio negatiboak dituela. Ingelesez, lehenik, Turkia izenak indioilarra ere esan nahi du (turkey), eta pertsona ergela izatea esan nahi du, baita porrot latza jasatea ere.

Turkiar agintariek Turkia izenak izan duen karga historiko ezkorra ere arindu nahi izan bide dute, greziar, armeniar eta kurduekin izan den garbiketa etnikoa zuritzeko. Ez doa oharkabean teknika horrek PPk ustelkeria kasuak garbitzeko baliatu duen formula ekartzen duela gogora: ustelkeria atzean uzteko, Madrilgo Genova kaleko egoitzatik lekualdatzea, alegia, bilgarria, paketea aldatzea (utikan mamia!).

Turkia izenaren aldaketak kohesioa ere izan bide du kausa: Turkia marka sendotzea, Turkiaren historia hobe islatzea (!), eta izen berriak herrialde horren «helburuekin bat egitea». Kurduek beste eragozpen bat, espresatzeko orduan.

Gurera hurbilduz, berriz, gaurkotasun handiko gai bat: frantses epaileek beren bandera bihurtu dute ikasleek baxoaren eta brebetaren azterketa normaltasunez euskaraz egin ezin izatea. Hor ere debekua. Ez baitator bat, antza, Frantzia markarekin.

Pandemia osteko (eta aurreko) gerra semiotikoak

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Zer duzu buruan “Pandemia osteko (eta aurreko) gerra semiotikoak”-ri buruz

  • josu naberan 2022-06-28 09:44

    bai, gerra semiotikoa puri-purian dago

    eta zenbatetan zein gerra krudela den…

    gaur, adibidez, OTAN gerlariak premiazkoa zuen Errusiaren krimen kolektibo bat, eta hara…

    Errusiaren sarraski batez informatzen gaitu gaurko prentsa atlantiskak. Kasualitatez ala kausalitatez?

    Yawhék eta NATOk jakin!

    Dena de, OTAN Sugegorria at Madriletik!

    Biden, bedi kanporat!