Palanka ahalguztiduna

Palanka ahalguztiduna –

Zenbat politikarik esango lukete jendaurrean, euskararen alde ez daudela? Inor gutxik. Hala ere, askotan ez dute euskararen aldeko jarrera proaktiborik, ez eta gaitasunik ere. Euskararen alde omen dauden politikari asko ere ez dira jarrera horrekin koherente.

Palanka ahalguztiduna

1. Legedia: Gure marko juridikoak elebitasuna ezartzen du ez-perfektua, desorekatua bada ere. Egitate horren haritik, politikariak ez daude beste inor baino behartuago legeen eta araudien exijentziak betetzera eta betearaztera? Onargarria ote da politika publikoan murgilduta dagoen pertsona batek legediak esandakoa berak ez bultzatzea; alegia, euskaraz gaitzen bera ez arduratzea?

2. Boterea: Familia izan, lantokia izan edo lagun-kuadrilla izan, boteretsuenek finkatzen dute beti erabili beharreko hizkuntza zein den. Politikariek ere bai; boterea duten neurrian, jendaurrean eta beren azpiko lantaldeetan hizkuntza-jokaera bat ezartzen dute. Herri-administrazioak euskaraz funtziona dezan (bilerak, txostenak, dokumentuak…) eta, horrela, herritarrei zerbitzua euskaraz ere modu efizientean eman diezaien, beharrezkoa da politikariek hizkuntza-baldintza egokiak betetzea. Bestela, oztopatuko dute euskaraz funtzionatzea edota hainbat zerbitzu efizienteki ematea.

3. Irudia: Jendaurrean agertzen den orok gugan eragiten du, gu horretaz jabetu ala ez. Politikariek ere bai; kudeatzen duten gizarterako erreferenteetako bat dira. Ingurune hurbilean zein iritzi publiko zabalean irudi bat ematen dute, onerako zein txarrerako, eta horrela herritarrengan eragiten dute. Hortaz, bertako bi hizkuntza ofizialak menderatu eta erabiliz gero, politikariak eredugarriak lirateke euskararen premia sozializatu eta areagotzeko.

4. Ondorioa: Politikariek marko juridikoari eutsi behar diote, norberaren prestakuntzatik hasita, legediak ezartzen duen elebitasuna errealitate osoa izan dadin. Horrekin koherenteak izateko, elebidunak izan behar dute beraiek ere.

5. Inkongruentzia: Zergatik ez dira, bada, politikariak euskalduntzen, erantzukizun publikoari ongi erantzutea bilatu nahi badute? Zergatik ez diete zintzoki jarraitzen indarrean dauden legediaren printzipio eta aginduei? Horien kontrako jarrera ideologikoa dutelako? Beste interes pertsonal edo partidista batzuk lehenesteagatik? Utzikeriagatik? Nola ezartzen dizkiete hizkuntza-eskakizunak menpeko langileei, eta beraiek bete ez?

6. Palanka: Arrazoiak arrazoi, badago ez-bete hori aldarazteko palanka ahalguztidun bat. Politikariek goitik behera errespetatzen dutena: hauteskundeetan boto bihurtzen den gehiengoaren nahikaria. Boto-lehiak bultzatuta, alderdi politiko oro behartuta dago herritarren joerak, itxura hutsetik harago, bere egitera. Mekanismo oso indartsua da, kaleko aldarria eta alderdi batzuen printzipioak beti ongi uztartzen ez badira ere. Ahalik eta boto-emaile gehienak erakartzea da egungo politikako printzipio nagusia. Euskaraz jakitea printzipio ekidin ezina izango litzateke ideologia zein sentsibilitate ezberdinetako politikari gehienentzat, gizarteak euskararen aldarri ozena egingo balu. Boto-azokarena baino argudio hobeagorik ez dago.

7. Aukera: Ez al da Euskaraldia gizartearen aldarri hori aktibatzeko aukera paregabea?

 

Jatorriz Berrian argitaratua

Palanka ahalguztiduna

Jubilatua eta zoriontsu! Euskararen soziolinguistikari begira.

2 pentsamendu “Palanka ahalguztiduna”-ri buruz

  • 1) Euskaraldiaren olatua hartuta euskaldunok aktibatu, euskalgintza biziberritu. Diskurtso koherente eta erradikal bat sortu.
    2) Ordezkari politiko hitzez euskaltzaleei konpromezua eta koherentzia exigitu, baita enpresei eta publikoari begira jarduten duen edozein erakundeei ere.
    3) Markaje gupidagabea egin, eta hipokrita hutsa dela demostratzen denari uko egin: ez bozkatu, ez kontsumitu, ez hartu parte.
    4) Gure beharrak asetzeko aukera euskaltzalerik ez badago guk geuk sortu, ikastolekin edo kooperatibekin egin zen antzera.

    Finean, korporatibismo nazional/etnikoa aplikatu.
    Euskaldunok lehenengo, euskara lehenengo!