Osakidetzan egoitza espainolez?!

Osakidetzan egoitza espainolez?! –

Osakidetzan egoitza espainolez?

“Ez dugu inongo euskarazko formakuntzarik jasotzen, ez digute azaldu euskara planak egoiliarrei begira zer asmo planteatzen dituen, ezta pazienteari begira zer jarrera edo betebehar ditugun.

Medikuntzako ikasketak ustez euskaraz ikasi ditugunok, edo espainolez ikasi arren pazienteekin euskaraz moldatzen garenok ikusezinak gara Dozentziarentzat, Komunikazio zerbitzuarentzat, Osakidetzarentzat, eta Osasun Sailarentzat. Euskararen txantxagorriak, “e” urdinak eta agerraldi publikoek atzean duten errealitate gordina dugu hau, zurikeriak eta itxurakeriak estalitako euskararen aurkako boikot aktiboa”

Araba Unibertsitate Ospitaleko Barne Mediku Egoiliarren idatzia, zehatz-mehatz azalduz lana euskaraz egin ahal izateko Zuzendaritzatik pairatzen dituzten oztopoak:

Medikuntza fakultatetik Araba Erakunde Sanitario Integratura salto egin berritan ohartu ginen urtez luzez esandakoa ez zela egia: bazirela euskaraz zekiten langileak eta pazienteak.

Beti esan izan ohi da administrazioak bere eskuetan dagoen oro egiten duela bere baitan eta bere erabiltzaileen egunerokotasunean euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko. Jende ugarik egiten du lan Osakidetzan, eta zerbitzu eta lantalde ezberdin ugari egonda, zaila omen da dena antolatzea eta koordinatzea.

Gure aletxoa jarri nahi arren, zaila egiten zitzaigun gure egunerokotasunean bai gure eta bai pazienteekiko jarduna euskaraz burutzea. Pazienteen hizkuntza eskakizunak errespetatzen saiatzea, gure arteko komunikazioan sakontzea, artikulu ezberdinak itzultzea edota gai espezifikoei buruzko saio klinikoak prestatzea.

Guri zegokigun atalean, beraz, eta inongo konfrontaziorako asmorik gabe, gure formakuntza propioa unibertsitateko ikasketen hizkuntza berean ikasteko asmoa plazaratu genuen. Gure kasa saio kliniko batzuk prestatzea pentsatu genuen. Gure interesengan pentsatuz hautatutako gaiak landu, gure mailara egokitutako sesio batzuk prestatu eta euskaraz ematea hartu genuen helburu.

Abiapuntu horretatik, bai langileen zein pazienteen erosotasun, konplizitate, komunikazio hobe, eta baita hizkuntza eskubideen betearaztea bilatzeko hutsuneak bazirela ikustea erraza zen. Egoiliarron formakuntzatik hasita, gure zerbitzuetako egunerokotasunak hizkuntza gaitasunen proportzionaltasunarekin zerikusirik ez duela bistakoa da.

Ospitaleko zuzendaritza oztopoak jartzen

Gure asmoak ospitaleko Dozentzia arduradunekin elkarbanatzeak ekarri zuen gure harridura beraz. Sesioak emateko data ezegokiak proposatu genituela esateaz gain, hasieratik data alternatiborik bilatzeko saiakerarik ez egitea deigarria egin zitzaigun. Baina are larriagoa zen ospitaleko zuzendaritzatik sesio hauen gaia oztopatzeko agindua iritsi zela esan zigutenean. Euskararen aldeko egitura publikoa egoiliar batzuen asmo onak oztopatzeko aginduak ematen ari omen zen.

Albiste hau jaso eta hurrengo egunean, Osakidetzaren asmo onak argi gera zitezen, euskara teknikariengandik euskarazko bertso saio baterako gonbita iritsi zitzaigun. Ezin genituen euskarazko saio klinikoak egin ospitalean, baina ospitaletik kanpo alkohola tartean dela euskaraz hitz egiteko baimena genuen.

Dozentziako buruengandik etorritako bat-bateko iritzi aldaketak zerean zetzan: euskaraz sesioak eman ditzakegu, ondoren edo aurretik sesio berak espainolez emanez gero. Jarraian, Euskara Teknikarien e-maila: euskarazko mendi irteerara gonbita, berriro ere gure hizkuntza erabili nahia lan esparrutik kanpo asetzera. Pauso bat aurrera eman orduko atzera bi emateko eskatzen digute. Sekula ez dugu entzun espainolez emandako sesio bat euskaraz ematera derrigortu dutenik, euskal hiztunek formakuntza oro eskura izan zezaten.

Itzulpengintza zerbitzua eskaini ziguten (espainolezkoa), ordura arteko espainolezko sesioetan guri euskarazko itzulpenik eskaini gabe. Arazorik jarri ez genuen arren, diru kontuak zirela eta, eta inork zerbitzu hori eskatzen ez zuela ikusita, albo batera utzi zuten itzultzaileen aukera.

2017ko maiatzetik 8-10 sesio eman genituen, hasieran bukaeran baino harrera hobearekin, gehienbat egoiliarron lan karga dela eta. Dozentziatik, terminología, itzulpenak, edukia, etab., gure kontu utzita.

Ikastaro ezberdinak dela eta, Dozentzia zerbitzuari behin baino gehiagotan eskaini diogu gure burua 2018ko maiatzean zetozen egoiliar berriei ikastaro denak euskaraz emateko plangintza martxan jartzeko. Hortaz, gurekin ezer kontrastatu gabe, denbora aurrera joaten utzi eta martxo-apiril aldera Dozentzia batzordeko batzarrean aurtengo 24 ikastaroetatik 6 euskara hutsean eman ahalko zirela hitz eman zen. Zuzenean galdetuta, gutako batzuk irakasle izatekoak ginen ikastaroak tartean zeuden, guk jakin gabe.

Ikastaroen garaia iritsita, ezer ere ez. Langile bik beren kabuz itzuli eta lotutako saio bakarra eman da euskaraz, hau da, 24 ikastarotatik ikastaro bakarreko saio bakarra, iniziatiba pertsonal batetik abiatuta, eta dozentziaren inongo laguntzarik gabe. Ez dira euskaraz ikasi nahi duten egoiliarrak erroldatu, ez zaie kurtsoa euskaraz eskaini, ez dute materiala itzuli, ez dute hizlaria lotu, eta ez zuten ikasgela prestatu.

Egunerokotasunean euskara plana ez da betetzen

Egunerokotasunari begira, euskara plana betetzen ez dela aski ezaguna da, norberak bere burua engainatu nahi izateko sari bat tartean jarri nahi ez bada behintzat. Hizkuntza irizpideak ezarrita dituzten atal guztiak “ahaztu” egiten dira: euskara planaren azalpena, hizkuntza irizpideen azalpena, ongi etorria, tutoreen esleipena, formakuntza programa / egoiliar liburua, hizkuntza zirkuituak, etab.

Ate irekietan bertan ere ikusi zen diglosia antzu batean sartu garela: espainolez hizketan ari eta atzean euskarazko Power Pointa, anomaloentzako aparteko azalpena. Espainolezko C1-a derrigorrezkoa den azterketa teoriko hutsal baten ondoren, euskarazko arreta bat emateko gai diren horiek mespretxatu eta albo batera uzten gaituzte (imajinatzen derrigorrezko EGA eskatzea Osakidetzan lan egiteko??? Koofizialtasuna ulertzeko beste modu bat da hau).

Programa informatikoak defektuz espainolez daude, eta programa gehienak ezin euskaraz aukeratu. Euskaraz aukeratu arren ere, askotan itzuli gabeko atal ugari, edota euskaraz jartzearren trabak edukitzea (datak defektuz gaizki agertzea, 2018/7/2 vs 2018/2/7).

Pazienteekiko arreta ere, defektuz espainolez, ez baitzaie sarreran eskaintza aktiborik egiten. Laneko komunikazio informala, baita defektuz ez da euskaraz egiten. Arreta eta komunikazio formal oro, derrigorrean espainolez, bereziki egoiliarron kasuan, nagusiek gure aurkako neurriak har baititzakete.

Azkenik, euskaraz ez dakiten horiek eta ikasi nahi dutenek berez dugun lan kargari erantsi beharreko lana gehiegizkoa dela deritzogu, eta ordu gehiago inbertitu/liberatu behar zaizkiela gure inguruko %20-40 horri kalitatezko atentzioa eskaintzeko gai ez diren horiei.

Hastekotan, hemen gure oinarrizko eskaeren laburpena:

  • Egoiliar berrientzako ate irekietan euskarazko harrera ekitaldiak sortzea, haiek lehenetsitako hizkuntzan izan daitezen.
  • Egoiliar berriei euskarazko harrera eskuliburua iritsaraztea, non hizkuntza-irizpideen berri emango zaien.
  • Etengabeko prestakuntza-eskaintza euskaraz bideratzea.
  • Zerbitzu-erakunde bakoitzeko harrera hautatutako hizkuntzan bideratzeko baliabideak jartzea.
  • Zerbitzu-erakundeek antolatutako prestakuntza espezifikoan (tailerrak, ikastaroak, saio klinikoak…), euskarazko prestakuntza-saioen kopuruak zerbitzu erakundeko langile gutxienez elebidunen portzentajearen parera iristea.
  • Tutore esleipenean hizkuntza irizpideak erabiltzea
  • Egoiliarron borondate ona aintzat hartu eta haiekin batera hurrengo urteko egoiliarren formakuntza ikastaroak nola euskaratu planifikatzea.

Ez dugu inongo euskarazko formakuntzarik jasotzen, ez digute azaldu euskara planak egoiliarrei begira zer asmo planteatzen dituen, ezta pazienteari begira zer jarrera edo betebehar ditugun. Medikuntzako ikasketak ustez euskaraz ikasi ditugunok, edo espainolez ikasi arren pazienteekin euskaraz moldatzen garenok ikusezinak gara Dozentziarentzat, Komunikazio zerbitzuarentzat, Osakidetzarentzat, eta Osasun Sailarentzat. Euskararen txantxagorriak, “e” urdinak eta agerraldi publikoek atzean duten errealitate gordina dugu hau, zurikeriak eta itxurakeriak estalitako euskararen aurkako boikot aktiboa.

Laburbiltzeko, Osakidetzak bai egoiliarroi eta bai paziente zein langile guztiei ere, euskaraz lan egiteko tresnak, formakuntza eta baliabideak eman behar zaizkiela aldarrikatu eta existitzen direla badakizkigun oztopo horiek gainditzeko konpromisoa hartu behar du. Orain arte egin ez dena egiten hasteko garaia da, eta egoiliarrok pauso horiek emateko prest gaude, haien onespenarekin zein gabe.

Osakidetzan egoitza espainolez

Osasungintzan euskaraz bizi eta lan egin nahi dugu! www.osaeus.eus

Zer duzu buruan “Osakidetzan egoitza espainolez?!”-ri buruz

  • Osakidetzako buruzagi gehienen jarrera hipokrita hutsa da.

    Euskaltzaleontzat auzo-lotsa, etsipena eta nergargura sortzen duen egoera honen aurrean aukera bakarra: Carry on! Segi aurrera!! Ez dago besterik.