Osakidetzak ikuspegi estrategikoa behar du

Osakidetzak ikuspegi estrategikoa behar du –

Edozein esparrutan egindako plangintzaren balorazio garaiak zenbaki saltsa dakar berarekin, ezinbestean. Hori gertatzen ari da Euskararen Erabilera Osakidetzan Normalizatzeko Bigarren Planarekin ere. Izan ere, ezarritako epearen erdia bete da 2016ko abenduan.

Osakidetzak ikuspegi estrategikoa behar du
Osakidetzaren egoitza, Bilbo

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ebaluazioa egin eta aurkeztu zuen jendaurrean. Bertan, argi adierazi zuen hizkuntza politika eraginkortu ezean urraketa egoera betikotu egingo zela.

Ondoren, Osakidetzak berak aurkeztu zuen berea eta orain dela egun gutxi Eusko Legebiltzarrean hauen berri emateko aukera izan dugu. Bitarte honetan, elkarren artean gurutzatu dira Osakidetzako arduradunek publiko egin dituzten hainbat informazio, hizkuntza-eskakizunen betetze mailari dagozkionak, kasu. Beti ere, tonu baikorrean. Eta, beste aldean, herritarren bizipenak. Ia beti, osasun asistentzia euskaraz jasotzeko zailtasunez ari direnak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren lanak urtez urte agerian uztzen duen moduan.

Nahiko nuke, hortaz, tarte hau baliatu, gure ustez estrategikoak diren gauzetaz hitz egiteko, jendea zorabiatu helburu duen zenbaki saltsan nahastu gabe.

Argi dago epe erdiko ebaluazio honek agerian utzi duen moduan, ikuspegi estrategikoa behar duela Osakidetzaren planifikazioak. Iparrorratza norabide egokian kokatuko duen gidaritza estrategiakoa. Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen bermea eta belaunaldi berrien euskalduntzea kontuan hartuko dituena, eta erakundea lehenbailehen euskaldunduko duena. Politika bateratua eta koordinatua behar da, Osakidetzaren euskalduntzea, eraginkorragoabizkorragoa eta uniformeagoa izan dadin.

Ikuspegi estrategikoa erakusteko aukera ona zuen Osakidetzak egin berri duen Enplegu Publikorako Eskaintzan, baina ez da horrela izan. 3.335 plaza izango dira guztira, ia lanbide kategoria eta espezialitate mediko guztietakoak. Bada, lan-deialdian ez du nahitaezko gaitasun-eskakizunen artean sartu euskararena. Meritu soil izango da, puntuazio handia ematen zaion arren. Ez du, hortaz, euskalgintzatik eskatu izan dugun langile berri erdaldunen iturria itxiko.

Horrelako erabakiekin, ez dute erakusten Osakidetzaren zuzendaritza organoek lidergoa eta koherentzia.

Bestela ari dira, ordea, Euskara zerbitzuak, planaren balorazioan ikusi ahal izan dugunez. Eta hori, baloratzekoa da guretzat. Nahiko genuke horrela jokatzea goi-mailako arduradunek ere. Izan ere, Euskara zerbitzuak zeresan handia izan du planean izan diren aurrerapenetan, Planaren garapena normalizazio-teknikarien gain geratu baita, nagusiki.

Eraginkorragoa izan behar du Osakidetzak, pazienteei euskarazko arreta eskaintzeko hartzen dituen erabakietan. Egoki antolatu behar dira giza-baliabideak, euskara lehenetsi duten pazienteei zerbitzua euskaraz emateko, ziurtasuna sentitu dezaten. Irizpideak emateaz eta protokoloak proposatzeaz gain, horiek sistematikoki ezartzen direla ziurtatzeko modua egin behar du Osakidetzak.

Urruti gaude Planak berak jarritako helburuak betetzetik, baina bidea egiten jarraitu behar du Osakidetzak, osasun-zerbitzuak kalitatez, segurtasunez eta eskubideak bermatuz emango baditu. Lehen ebaluazioak erakutsitako gabezietan neurri zuzentzaileak ezarriz gero, Bigarren Plana amaitzerako urrats eragingarriak egin daitezkeelakoan gaude.

Norabide horretan botere publikoek bidaide izango dute Kontseilua.

Osakidetzak ikuspegi estrategikoa behar du

Kontseiluko komunikazio taldeko kidea