Oratoria bi hizkuntzetan

Oratoria bi hizkuntzetan

Oratoriak badu garrantzirik. Ideiarik onenak ere baldar kontatuta erdia balio dute. Baditut lagunak larunbat gaueko parrandan besoa barra gainean paratuta orduraino finko eta zurrun amarratuta nituen ustezko ideiak mugiarazten dizkidatenak, etengabeko hitz jario bizian mingaina arin eta trebe mugituz. Baditut ezagunak, hemendik kilometrotara gertatzen diren gerrei buruz hitz egiterakoan ahotsa urratzen dutenak. Eskuak etengabe mugituz diskurtsoan barneratzen zaituztenak hitzez hitz kilometroak eginez joango bazina bezala.

Diskurtso batek hainbat ezaugarri ditu; noski, garrantzitsuena mamia da. Hizlariak jakin behar du zer esan, baina nola asmatzen ez duen bitartean, eraginak ez du zerikusirik. Mezua jaurtitzeak hartzaileak harrapatzea ez badakar, mamia mamitu gabe geratzen da.

Oratoria bi hizkuntzetanLarunbatean Donostiako Belodromoan izan ez banitzen ere, gerora izan nuen han esanak aditzeko tartea. Arnaldo Otegik erretorikarako duen erraztasuna eta abilezia aurrez ezagunak nituen arren, berdineko gustora edo are eta gustorago entzun nintuen taulatutako beste zenbaiten hitz hartzeak ere.

Oraindik Jon Maiaren hitzetan harrapatuta jarraitzen dugu zenbaitek. Kantuen bitartez nola, laburtu zuen herri baten historia, dotore, txukun eta eraginkorki. Dena den, Jone Etxeberria izan nuen nik kuttunen. Espainiar Estatuko parlamentuaren osaera dela tarteko azken aldian entzun ditudan diskurtso antzuekin alderatuta, ia berarekin batera oihuka bukatu nuen autoan nindoala lagunak albotik irribarretsu begiratzen ninduen bitartean.

Bera berriz aurpegia oker xamar zuela zegoen: “Ez zait batere gustatzen nola aldatzen duten esaldiaren erdian hizkuntza batetik bestera”, bota zidan nire euforia bat batean neutralizatuz; eta agian arrazoi zuen. Estitxu Eizagirrek ondo azaldu bezala, badaude mila formula geure herriaren eraikuntzan diharduten diskurtso (benetan eraginkor) horiek euskaraz egiteko. Otegi preso egon den sei urte eta erdiotan naturaldu dira aldibereko itzulpenak egiteko zenbait teknika. Esterako, funtsezkoa da konturatzea “nork ez du ulertzen, nork behar du laguntza?” galdetuta, inork aurrez uste genuena baino askoz gutxiagok behar dutela askotan: “yo entender, entiendo”. Maiz uste dut geu garela (euskaradunok) badaezpada galdetu gabe gaztelerara joten dugunak. Horren adibide, gaztelaniaz egiten ari naizen master batean (gelan atzerritarrak eduki arren) ea euskaraz parte hartu genezakeen galdetu eta inongo arazorik gabe baietz erantzun digutela. Lau hilabete pasa ditugu galdetu aurretik badaezpada gaztelaniaz hizketan.

Ez dakit hau litzatekeen Belodromorako formularik egokiena, baina katalanek egiten duten moduan, geure borrokak egiteko eta aldarrikatzeko euskara erabiltzea, hizkuntzaren alorrean iraultza txiki (handi) bat egitea litzateke. Lagunak barra ertzean botatako diskurtsoa, ez litzatekeelako hain eraginkorra euskaraz hasi y si terminara en castellano.

Oratoria bi hizkuntzetan

2 pentsamendu “Oratoria bi hizkuntzetan”-ri buruz