Online izango dira ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak

Online izango dira ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak –

Izen-ematea irekita dago www.kontseilua.eus webgunean. Doakoa da.

Azaroaren 12an eta 13an egingo dira Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak lankidetzan antolatutako jardunaldiak.

Transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, adituek, instituzioek zein eragileek hartuko dute parte.

Online izango dira ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiakCovid-19ak eragindako pandemiak tarteko, azaroaren 12an eta 13an egingo diren Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak aldaketa esanguratsu bat izan du: saio presentzialak baztertu, eta ikusleek online soilik jarraitu ahal izango dituzte jardunaldiak.

Urriaren 13an Bilboko Artxibo Historikoan egindako agerraldian aurkeztu zituzten Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Online jarraitzeko eskaintza hasieratik aurreikusita zegoen arren, Bilboko Bizkaia Aretoa zen ekimenaren euskarri nagusia; pandemiaren eboluzioa ikusirik, baina, saio presentzialak bertan behera uzteko erabakia hartu dute antolatzaileek. Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, “segurtasun- eta osasun-protokoloa garatua genuen bertaratuko ziren herritarrei bermea eskaini asmoz, baina azken egunetan ezarritako neurri prebentiboak aintzat hartuta, jardunaldiak online izatera mugatzeko erabakia hartu dugu”.

Haatik, egoera berriak ez ditu ekimenaren egitaraua eta helburuak baldintzatuko. Bilbaok adierazi bezala, “jardunaldietako hitzartze guztiek bere horretan diraute, eta pantaila bitartez bada ere, ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruko gogoeta plaza osatzeko ideiari irmo eusten diogu”. Ekimena online eta doakoa izaki, dei berezia egin nahi izan die Kontseiluko idazkari nagusiak gogoetaren parte izan nahi duten herritarrei: “Izen-ematea irekita dago www.kontseilua.eus webgunean, eta datuei erreparatuta, jada badakigu 100 lagunetik gora arituko garela ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko gogoetak elkarbanatzen. Solasaldiak jarraitu nahi dituen herritar orori deia luzatu nahi diogu inprimakia bete eta jardunaldiak jarraitzera: mereziko du“.

.

Hiztunak sortzearen garrantzia

Transmisio zein sozializazioaren, hezkuntzaren eta helduen euskalduntzearen eremuak lan-ildo nagusitzat hartuta, euskararen normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuten agerraldian Dobaran eta Bilbaok. Miren Dobaranek adierazi zuenez “euskal gizartea bere hizkuntzaren biziberritze prozesu etengabea bizitzen ari da. Eraldaketa prozesu handi baten gaude murgilduta. Azken hiru hamarkadari begirako datuek eta gizarte mugimenduei begira jartzeak erakusten digu euskararen egoera onbidean jartzeko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin direla, eta horiei guztiei esker ari garela emaitza baikor nahiz esanguratsuak lortzen”. Bide horretatik, jardunaldiak lanketa hori egiteko espazio gisa identifikatu zituen Paul Bilbaok: “Hiztunen ardatza oinarri hartuta, jardunaldi hauek ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruan eta etorkizuneko gakoak identifikatzeari buruz patxadaz eta sakon hitz egiteko antolatu nahi ditugu”. Bide horretan, ezin ahaztu bizi dugun testuinguru bereziak sortu dituen albo-kalteak. Bilbaoren hitzetan, bizi dugun egoerak “eragina izan du eta epe labur-ertainean ere izango du ezagutzaren unibertsalizazioan”.

.

Egitaraua

Ikusleen nolakotasuna aldatzeak ez du eraginik izan egitarauan, ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruan egon daitezkeen hiru ikuspegi garrantzitsuenak bildu nahi izan dituzte antolatzaileek: adituena, instituzioena eta eragileena. Bederatzi hitzartzez osatu dute egitaraua, eta molde eta forma ezberdinak landuko dituzte gaia ertz ezberdinetatik begiratu asmoz. Bilbaoren hitzetan, “transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzioetan zein eragileetan lanean diharduten agente ezberdinen gogoetak entzuteko partekatzeko aukera izango dugu, mahai-inguru, elkarrizketa hitzaldi formatuetan”.

Aipagarriak dira, besteak beste, jardunaldietan izango diren bi aurkezpen nagusiak eta amaierako hausnarketa. Lehen hitzaldi nagusian soziolinguistikaren diziplinatik ezagutzaren unibertsalizazioak zein kokapen hartzen duen azalduko du soziolinguistikan aditua den Xavier Vilak; bigarrenean, aldiz, gizarteak ezagutzaren unibertsalizazioari buruz duen erantzukizuna izango du hizpide Amaia Etxabek. Amaierako hausnarketa Jone Goirigolzarriren eskuetan egongo da, eta hiztun aktibo izatera iristeko gakoez jardungo du.

Egitarau osoa, hitzartze bakoitzaren nolakotasuna eta hizlarien biografiak jasotzen dituen gidaliburua ikusgai dago Kontseiluaren webgunean.

.

Lankidetza

Eusko Jaurlaritza eta Kontseilua lankidetzan aritu izana “oso garrantzitsutzat” jo zuen agerraldian Bilbaok: “Zeinek bere bidea jorratu du ezagutzaren unibertsalizazioaren esparruan, baina biok partekatzen ditugun kezkak ere badaude, eta biok ikusi dugu gisa honetako foro bat antolatzeko beharra eta interesa“. Hori izan da, hain zuzen, Euskararen herria euskal hiztun jardunaldiak lankidetzaren parametroetan kokatzeko arrazoia. “Jardunaldiei dimentsio berezitua emateko baliagarria izateaz gain, instituzioen eta euskalgintzaren arteko lankidetza-markoan ere kokatzen da gai zehatzen inguruko eztabaida-plaza partekatuak elkarrekin eskaintzea” gehitu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek azpimarratu zuenez, “euskararen ezagutzari lotuta garrantzitsua da erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetza. Euskararen erabilera bermatzeko ezinbesteko baldintza da euskara ezagutzen duen gizartea lortzea eta euskaraz harremanak izateko prest egongo den jarrera baikorrak denon artean sendotzea”.

Laburbilduz, hizkuntzaren normalizazioaren ardatzetako bat den ezagutzaren unibertsalizazioari buruz sakonki hausnartzeko plaza izango dira Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak, eta azaroaren 12 eta 13ak egindako bideari erreparatzeaz gain, etorkizunari begirako gakoak definitzen ere lagunduko du.

Online izango dira ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiakĀ 

Online izango dira ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.