Noren ardura?
Noren ardura? –
Garabideren Allartean apunte koadernotik.
Carme Junyent-en azken liburua irakurri berri dut: El futur del català depèn de tu. Bikaina! Probokatzaile hutsa da Carme. Izugarri gogokoa dut (baita harekin ados ez nagoenean ere). Izenburua bera ere ederra da: ederra eta polemikoa. Bada horren atzean oso ideia potente bat: hizkuntza biziberritzea denon ardura da. Nor ez da horrekin ados egongo? Kontua da formulazio horrek botere publikoen ardura isildu edota lausotzen duela. Eta, bai… guri ere zerbait mugitzen zaigu barruan.
Tentazioa izan ahal dugu formulazio osoagoak egiteko: “El futur del català també depèn de tu” edo “Hizkuntza biziberritzea denon ardura da: hiztun eta erakundeena“. Ez, ezta? Ez da gauza bera. Formulazio horiek ez dute titular gisa ondo funtzionatzen. Asko galtzen dute. Gainera, susmoa dut horrek ere ez lukeela polemika apalduko. Segituan has gintezke ezbaika: “bai, baina zein neurritan da hiztunen ardura eta zein neurritan botere publikoena… erdi eta erdi, akaso?”
Ikastaro batean, polarity-thinking deritzon kontzeptu bati buruz hitz egin ziguten. Diotenez, dilemak (polaritateak) eta arazoak nahastu egiten ditugu. Ezberdinak dira. Arazoek konponbide bat dute (edo gehiago) eta, beraz, konpondu daitezke. Dilemak, ez. Dilemak ezin dira konpondu. Ez dira desagertzen. Gehienez ere, eraldatu egiten dira… Dilema batek bi ezaugarri ditu: (a) pertsistentea da, behin eta berriro agertzen da, etengabe edo tartean behin, batzuetan itxuraldatuta, (b) dilemaren atzean bi polo daude, eta interdependenteak dira; bat indartzeak bestea ahultzea dakar ezinbestean.
Hau guztia “Polarity-management” izenburu duen liburu batean jasota dago. Azalpen esoteriko samarrak ematen ditu, baina badute arrazoi-puntu bat. Gutxi gorabehera honelako zerbait proposatzen du:
- Polaritateak “energia-sistemak” dira.
- Sistemek bi polo dituzte: bi ideia.
- Ideia biek dituzte alde onak eta alde txarrak.
- Bakar batean gehiegi fokalizatzeak kalteak ere ekar ditzake.
- Polaritatea kudeatzea da onurak maximizatzea eta kalteak minimizatzea.
- Horretarako, sistema fluxu baten moduan antolatu behar da, eta polo batetik bestera mugitu, unean uneko komenientzien arabera.
Gure afera ere horrela kudeatu ahal da?
- Zein dira hiztunen ardura azpimarratzearen onurak?
- Onura horiek nola gureganatu ahal ditugu?
- Zein dira botere publikoen ardura azpimarratzearen onurak?
- Onura horiek ere nola gureganatu ahal ditugu?
- Nola mugituko gara polo batetik bestera, modu natural samarrean?
- Nola ohartuko gara polo batean ala bestean gehiegi fokalizatzen ari ote garen?
- Zernolako alarma-sistema antolatu ahal dugu horretarako?
Zer iruditzen zaizue? Txorakeriak?
Izan ongi!