Nola atera armairutik 500.000 euskaldun?

Nola atera armairutik 500.000 euskaldun? –

Imanol Epeldek, 27 Zapata blogean.

Euskaraz eta erdaraz dakigunak 750.000 lagun omen gara. Horietatik 40.000 lagun dira prentsa, liburuak eta diskoak euskaraz maiztasunez kontsumitzen dituztenak. Badira beste 33.000 lagun euskarazko prentsa irakurtzen dutenak, eta urtean, euskaraz bi liburu irakurtzen dituztenak. Eta beste 116.000 herritar inguruk euskarazko prentsa irakurri ez, eta gutxienez euskarazko liburu bat irakurtzen dute. Hiru multzoak batuta ez dira 200.000 lagunera iristen. Alegia, euskaldunen laurdenak dira, gehiago edo gutxiago, kultura euskaraz ere kontsumitzen dutenak. Eta galdetzen dut nik, denera 750.000 baldin bagara… Non arraio ezkutatzen dira gainerako euskaldunen hiru laurdenak? Alegia, non daude gainerako 500.000 euskaldunak? Kaixoooo hor zaudete? Noiz atera behar duzue armairutik?

Gaurko zapata parea, beraz, 500.000 lagun horientzat. Euskaraz kontsumitzen hasteko, Trantsizio gozo bat egin dezaten.

1. Urtean 2.500 liburu inguru argitaratzen dira euskaraz. 2500! Euskaraz idazten den dena ez da kaka zaharra izango, ezta? Hartu ezazu liburu bat eta irakurri. Ohiturak lehenengo esaldia irakurtzen hastetik aldatzen dira.

2. Irakurri ezazu igande honetan Argia. Edo Berria. Besterik ez bada ere sartu zaitez haien webguneetara.

3. Zoaz euskarazko antzerki bat ikustera Eguberriak baino lehen. Jo eta ma geratuko zara antzezle eta obren kalitateaz.

4. Programatu zure telebista berriz eta jarri ETB 1.

5. Instalatu ezazu Badok appa. Euskaraz sortzen den musikaren berri izan dezazun. Ez zaitezen kexatu gaurko gazteek ez dakitelako zein den Mikel Laboa. Ezagutzen duzu Txuma Murugarren? Eta Paxkal Irigoyen? Joan zara haien kontzerturen batera?

Bistan da. Asko eta hobeto egin dezakete instituzioek eta euskarazko kultur produkzioak. Baina aizue, miloi erdi euskaldun! Ez baduzue letra bakar bat ere jartzen zuen partetik, nekez osatuko dugu esaldi bat elkarrekin.

Nola atera armairutik 500.000 euskaldun?Nola atera armairutik 500.000 euskaldun?
euskara, Kultura
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude