NoBeAS: Nork Bere Adierazle Sistema

NoBeAS: Nork Bere Adierazle Sistema

Ez daukagu oraindik euskararen egoeraren adierazle sistema eguneraturik, Iparraldean ez, baina EAEn eta Nafarroako erreserba (ustez) baskofonoetan ezta, euskarak estatus sasiofiziala duenetik hiruzpalau hamarkada igaro diren arren. Eta adierazle sistema neurgarririk ezean, Jaurlaritzarekiko fedeari helduta jardun behar: EAEko Administrazio nagusiko ordezkariek esan ohi digute euskararen egoera zein ona den, zein eredugarria den eta euskaldunok zein ugariak garen, eta besteok Amen!

NoBeAS: Nork Bere Adierazle Sistema

Zorionez, badira zenbait hizkuntza-adierazle guztion eskura (edo begi-belarrietara) daudenak, agintariek bedeinkatutakoak izan ez arren: euskarazko hedabideen eskaintza eta kontsumoa, kultura eta aisialdiarena, formalki guk hautatutako agintarien eta euron nagusien jardunaren nolakoa, publizitatearen hizkuntza, eta abar luze bat.

Adierazle zerrenda mardula osa daiteke arreta eta lan apur bat hartuz gero. Adibidez:

ETB1en ikus-entzule kopuruaren bilakaera, Euskadi irratiarena, Berria eta Argiaren irakurleena, Unibertsitateetan argitaratutako euskarazko lan eta tesiena, euskarazko musika eta literatura kontsumoarena, eta horien guztien aldean erdarazkoen kontsumoa, berbarako.

Horiek eta beste zenbait, adierazle objektiboak dira, denboran zehar neurtzeko modukoak.

Hala, badira beste adierazle batzuk, hain zehatzak izan gabe ere, egoerari buruzko zantzu esanguratsuak eskaintzen dituztenak. Adibidez:

A1. Nireanaia dauka ovejas. Bizkaiko Lemoiz herri “euskalduneko” jatetxe bateko ugazaba gazte “euskaldunari” berriki egindako irrati-elkarrizketa: esataria bizkaieraz eta elkarrizketatu natibo gaztea en puritito euscañol. Gisa bereko beste askoren artean, aipatutako esaldia jaurti du hitzez hitz: “Eske nireanaia dauka ovejas”. Eusquera naturalqui modernisachen-evolusionachen ari delako seinale.

A2. “Es que da mi mejor amigo”. Ikastolan edo D ereduan ikasten dabiltzan milaka eta milaka haurrek, esaldi horren antzekoak ehunka erditzen dituzte egunero euskaraz ari direlakoan, baita euren guraso txundituak euskaldunak badira ere sarritan. Eusquera ziztu bizian vaina naturalqui evolusionachen eta adaptachen ari delako adierazle garbia hori ere.

A3. Idoia Mendia: PSEko eleduna, hizkuntza-adierazle da berez. Euskarari buruz esaten duenagatik, eta (tarteka-marteka) darabilen euskara negargarriarengatik. Ikasi zueneko ikastolarentzat ez da publizitaterik onena Mendia andrea euskaraz hitz egiten entzutea: Idoiak agerian uzten du euskarazko ereduan ikasi izanak EZ duela euskara maila duin bat bermatzen, inondik ere.

Bestalde, PSEk oso garbi adierazi ohi digu aldiro-aldiro, gure gizarteko zati mardul batek ez duela euskararekiko inongo atxikimendurik. Adierazle iturri oparoa da PSE.

A4. Carlos Urquijo: PP eta Espainiaren ordezkaria ere, Hego Euskal Herrian benetan agintzen duen gobernuaren hizkuntza politikaren adierazle bikaina da. Euskaraz zero dakien politikari “euskaldun” honek, euskarari lehentasuna emateko asmorik txikiena duten udalen peskisan dihardu gau eta egun, auzitara eramateko. Hizkuntza ofizial batzuk beste batzuk baino ofizialagoak baitira…

A5. Alderdi abertzaleen euskararekiko diskurtsoa: Mande? Locualo? Keskesé?

A6. Euskararen familia bidezko transmisioa. Gero eta GOITIBEHERATASUN garbiagoan gertatzen den fenomeno batekdakinoizartekoa. Gurasoetatik seme-alabetara zuzen transmititzen da euskara gero eta gehiago. Ez gurasoen artean, ez nebarreben artean, ez beste senitarteekin ere. Goitik behera ematen da euskara. Ez zeharka eta ez aldeetara. Noiz arte? Tik-tak, tik-tak…

A7.¡En castellano! EHko edozein hiri edo herritan jaso dezakezun erantzuna, dendariari edo tabernariari euskaraz hitz egitean. Bilbon, Gasteizen, Iruñean… sarri-sarri gertatuko zaizu, baina Urdiainen ere gerta dakizuke, ugazaba erdaldunek ez baitute konplexurik (lotsarik?).

A8. Los cinco bilbaínos, areto-dantzak, umore mutua, eta bestelako martzianokeriak non? ETB1en. Non bestela? Eta meza santua, eta Lasturko erromeriaren ngarren emanaldia, eta habanera lehiaketa, eta Santutxuko jubilatuen abesbatzaren saioa, eta espainierazko elkarrizketa luzeak, eta horrela, euskarazko telebista publiko bakarraren azken ikusentzuleak ere kate erdaldunetara bota arte (helburua lortzetik oso gertu daude, ia inori ardura ez bazaio ere antza).
Adierazle horiek eta beste hamaika, zientifikoak beharbada ez, baina adierazgarriak badira, ala?

Eta sistema eguneratu eta bedeinkatu hoberik ezean…

nobeas nobeas nobeas
euskara, hizkuntza adierazleak
JJ Agirre

Albaitaria.

4 pentsamendu “NoBeAS: Nork Bere Adierazle Sistema”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude