Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra.

Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra. –

Nire emazteak dio nire alabak nire esperimentu linguistikoak direla. Lagunen batek esaten dit pixka bat muturrekoa naizela, erradikala, talibana, garbizalea… Beno, ba nik horren aurrean orain arte alaban nagusiarekin (5 urtekoarekin) izan dudan ondorio baikorrean baino ez dut pentsatzen.

Eta muturreko euskaltzale naizela esaten badidate, nik erantzuten dut “zu muturreko gaztelaniazale zara” (eres taliban del español).

Hara, azalduko dut gure egoera. Bilbo erdaldunean bizi gara, emaztea, 2 alaba (batak 5 urte besteak urte 1) eta laurok. Emaztea jatorri galiziarrekoa da, A ereduan ikasitakoa. Alabekin euskaraz egiten du (nirekin egongo ez balitz, ez luke jarrera hau edukiko). Baina nirekin ez, haserretzen denean. Pozik mantendu behar dut, nirekin euskaraz aritu dadin. Eta hala ere, naturaltasun oso-osoa ez duenez, egoera askotan mugatua dago.

Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra.

Ni neu ere ez naiz erabat euskaldunzarra. “Euskaldungazte” naizela diot txantxetan. Baina egiatan, ikastolako eta unibertsitateko ikasketak euskaraz egin baditut ere, bilbotar petoa naiz eta bertako euskara traketsean hazi naiz. Irakasle izateak, ume txikiak izateak eta kontzientzia abertzale izateari esker, astero zerbait berria ikasten dut, dela hitzen bat, dela espresioren bat. Nire euskararen musikalidade, entonazioa eta jariotasuna txukuna bada ere, ez du euskaldun peto-peto %100 baten tankera. Nik neuk ez dut nire buruan %100 euskalduntzat, hurbil egongo banaiz ere. Baina tira, gaur egungo gazte euskaldunzahar askok ere ez dute euskara jator hori gehiegi eitxen, zoritxarrez.

Edonola ere, umeak etorkizuna eta itxaropena direnez, euren hizkera lantzea eta hizkuntza-ohiturak sendotzea gakoa da. Horretarako, etxeko eredutik abiatu behar. Badakizue, nolako zura, halako ezpala. Etxean erdara debekatua dut. Bai gurasoon artean, bai izeba bakarraz, baita dugun aitite bakarraz ere. Amama ez da oso iaioa; dakien gutxi hori azaleratzen bada ere, nagusiki erdaraz egiten du 5 urteko alabarekin.

Jakina, ikastolaren jarduna euskaraz da irakasleekin eta guraso askorekin. Baina zuzeu-ko erabiltzaileek adierazi bezala, umeak ikastolan erdaldundu egiten dira. Eta zorioneko edo zoritxarreko Bilbo batean, hori ez da salbuespena.

Ez dugu zalantza nimiñoena ere alabek erdara barra-barra egingo dutela eta etorkizunean hizkuntza nagusia izango dela. Horregatik, etxean erdara debekatua dago. Gaztelera bereziki. Baina ez soilik familia kideen artean. Etxeko TB eta Youtubeko edukietan erdara debekatua dago. Jakina, erdarazko kateak (Disney, Clan) desintonizatuta daude, tentazioa ageri ez dadin. Nafarroan ETB3 debekatu edo trabatu badute, nola ez ditugu ba etxe euskaldunetan ETB3ri lehentasuna eta bakartasuna emango?

Aitortzen dut ordu pilo uzten dugula alaba TB aurrean. Udan egun osoak eman ditu TB aurrean. Kalera ateratzeko pixka bat alfer ibiltzen gara, baina tira, gutxienez TBan ETB3 egun osoan jaso dezala, niri behintzat lasaitasuna ematen dit. Alabak espresio asko ditu, TBak irakatsi dizkionak: “Ez ahaztu, gero!”, “Has dezagun”, “Zer diozu kankailu horrek”… Nabari zaio bere ama-hizkuntza zein den eta zeinetan dagoen erosoen. Are gehiago, behin baino gehiagotan esan digu, goibel, “Aita, zergatik ez du jende gehiagok euskaraz egiten?”, “Ama, niri gustatuko litzaidake dena euskaraz izatea”. Behin, negar malkotan ere hasi zitzaigun, gixajoa. Nik argi esaten diot; gure hizkuntza da, Euskal Herrian gaude eta geureari eutsi behar diogu. Ez dakitenei, irakatsiko diegu.

Nire lagun batek, umeak nola hitz egiten zuen entzunda, flipatu egin zuen. Zehazki, umearen aldetik “harrigarria da oso” entzun zuzenean (hiperbolea). “6 urterekin EGAduna izango da”, esan zuen erdi serio, erdi txantxetan. Beste behin, kaletik gindoazela, gizon eta emakume bikote batek galdetu zigun ea Bilbokoak ote ginen. Harrituta geratu ziren, euskaraz zein jator ari ginen entzutean. Eurak gipuzkoarrak ziren eta Bilbon hori ohikoa ez zela jakinarazi zidaten. Nik labur-labur esan nion “kontu hauetan ni muturrekoa naiz”. Ez dut ukatuko egoera horiek lasaitua eta harrotasuna sentiarazten didatela. Baina aldi berean burura datorkidana zera da; zein triste horrela pentsatu behar izatea, alegia, salbuspen kasuak garela gure herrian. Zein gutxi garen, muturreko jarrera dugunok. Erdara etxean debekatzen dugunok gehiago izan beharko genuke. Badakit ez dela batere “polita” geratzen, ez duela “inklusibo/tolerante edo politikoki zuzena” ematen, baina argi dago horrelako jarrerak zabaldu ezean, euskarak jai duela. ZIUtik ez dugula aterako.

Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra. Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra. Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra.

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

19 pentsamendu “Nire etxean, erdara debekatua. Hori da bide bakarra.”-ri buruz

  • Nik etxean be gaztelaniazko marrazkiak debekatuta ditut ??(emazteak euskararen talibana naizela esaten dost sarritan). Aipatu dituzun kateak (Disney,Netflix edota Clan) nire etxean batzuetan jarri ohi ditut,baina gaztelaniaz izan beharrean ingelesez (ez dut gaztelaniaz euskaraz baino hobeto ikasterik nahi…jejej). Hala ere, ikusten duzun bezala nire kasuan ez dut ETB3ra mugatzen, batzuetan asper-asper eginda amaitzen duelako txikitxoak (gainera batzuetan dagozan marrazkiak ez dira berarentzat egokiak).
    Besarkada bat eta mila esker zure esperientzia elkarbanatzeagatik. Euskaraz bizi den gasteiztarra

  • Mila esker zuri ere, Gasteiztar, zure ikuspegia idaztearren. ETB3 nahieran ikusi ahal duzu boto gorria sakatuta (3 adin tartetan banatua duzu). Youtube-n telesail asko dituzu: Pottokiak, Katxiporreta (abestiak, antzerkiak, marrazki bizidunak), Irrien lagunak, Tintinen abenturak, Gadget inspektorea, Ene kantak…

    Aurreko guztiarekin milaka ordu dituzu. Buklean jar ditzakezu (hori bai, mugikor aparatuan baino, TB-ko monitorean jartzea gomendatzen dizut, zailagoa delako hortik ateratzea). Ingelesa arinki sartzen uzten dugu etxean, baina gero espresio eta hitz eta gehiago lapurtzen dizkio gaztelania, frantses… eta jakina, euskarari. Beraz, tentu handiz.

  • Erabat ados. Gasteiztarrek errandako guztiarekin. Baina, laster edo berandu zerbait kontrako noranzkoan gertatuko da, umeak koskortu eta isilean debekatutakoaren bila, inguruak irentsi eta ito eginen ditu, direla bertze umeak, euskaraz egiten ez dutenak, dela eskolarekin zein ikastolarekin lotzen duten euskara ezdeusa. Hau goitik benetako hizkuntz politika bat egiten ez dutelako. Lotsagarria da dena. Gazteek ez daukate bideo jokorik euskaraz. Zer esanik ez, streaming plataformenaz eta abar luze nekagarriaz.
    Denon artean behar eta ahal beste baliabide bageneuka, auzolanean, ……. Behintzat, saretzeko eta antolatzeko.
    Arnas dezagun ekimena edo tankera horretako bertze batzuk horretarako ondo leudeke. Zenbat eta gehiago bildu, gero eta indartsuago ibiliko gara! Egonean ezin gara geratu eta!

  • Nik ez nuke esanen “debekatua dago”. Gure etxean euskaraz egiten da beti Euskal Herrian dagoelako gure etxea, hori delako naturala. Espanian bizi ez naizelako egiten dugu euskaraz, hizkuntza nazionalean ari gara.

  • Eta zer pentsatzen dudan euskaraz jakinda erdaraz ari diren horietaz? Ez direla naturalak, este baterako. Edo umeak dutela agintea etxe horretan. Edo saldu batzuk direla. Edo ezjakin batzuk direla eta ez dakitela nola ikasten ahal duten umeak euskaraz,… kasu guziak ez dira berdinak. Dena dela, gehienetan guraso horien baitan aipatutako guzi horien eta gehiagoen nahasketa bat dago.

  • Nahiz eta nazio mailako hizkuntzan aritu, etxean edo dena delako testuinguruan. Espainiartutako hiriburuetan eta herrietan kasu gehienetan espainiera, zer esanik ez frantsesaz, gauza berezkotzat hartuko dituzte ume askok eta koskortutakoek. Zer arnasten dute kalean, plazetan, dendetan, ikastoletan eta eskola askotan edota teknologia berrien inguruan ?
    Gaur dena guaya izatea da. Ez dago urte batzuk atzera egoten zen konfrontazioa. Beraz, den-dena espainieraz dago. Erran nahi dudana da hau oso arin aldatuz doala. Nahi adina argudio eman arren, usteldutako eta debekatutako sagarra hor dago, gozokirik erakargarriena, euskarazko eskari urriaren aurrean. Gurasoak zaindari izanen dira telebistaren aurrean, denboratan oro?

  • Nire ustez, debekuekin gauza asko lortu ahal dira. Hala eta guztiz, gure umeei beste alternatiba erraz eta merke bat eskaintzen diegu. Ingelesa gaztelaniaren ordez. Bilbon, gaztelania jaun eta jabe den hiri honetan, orain arte behintzat ez dut nerabe talderik entzun ingelesez hitz egiten. Ingelesak ez du euskera “jaten”, bai agian gaztelania.

    • Aitor: bai, ingelesak euskara jaten du. Gero eta hitz eta espresio gehiagok ordezkatzen dute (zorionez berbaldi osoak ez, momentuz). Adibide batzuk: “bro”, “txo” ordez. “What the fuck”, “ze ostia”, edo “ze arraio” ordez. “Hater”, gorrotatzaile ordez. “Follower”, jarraitzaile ordez. Eta horrela, milaka. Batzuetan kontzeptu berriak dira, baina ikusi bezala, beste askotan euskaraz (edo gaztelaniaz) jada dagoen zerbait ordezkatzera dator. Aurkako norabidean, deus ez. Euskara gero eta arrotzago zaigu eta uste dugu “ingelesa ez dela gure arerioa”. Ba, oker gaude.

  • Arazoa da horrek etxe euskaldun bat izatea bermatuko dizuela. Eta ez da gutxi, jakina.
    Baina, umea kalean sozializatu erdaraz sozializatuko da ikaskide eta lagunekin…. eta akabo. Gutxiengo oso tristea da zure moduan jokatzen duen. Etxean euskaraz, kalean erdaraz. Horrela dabiltza herri/hiri handietako haur euskaldunak.

  • Mikro ekintzek makro egoera alda dezakete. Imajinatu nolakoa izango litzatekeen egoera euskaltzale/abertzale orok hori egingo balu.

    Haurrekin erraza izan daiteke, edukiak soberan daudelako: marrazki bizidunak, liburuak, komikiak, abestiak, antzerkiak… Arazoa nerabezaroan hasten da, euskarazko eduki gutxi dagoelako, batez ere Interneten, eta euskal erreferenteak falta direlako.

  • Mikel Haranburu 2021-09-21 14:48

    Egoerak eta inguruneak badaude; eta ez dira berak eta ez berdinak. Gure hirian, amona erdaldunari bilobek mintzatu behar zitzaizkion, bai eta osaba-izeba erdaldunei. Berehala ikasi zuten Gaztelania. Gaztelaniaz (edo Ingelesaz, edo Katalanez, edo Suomieraz) badira oso gauza interesgarriak eta komenigarriak. Eta horiek ezagutzeak ez digu kalterik egiten. Gauza gara bizpahiru hizkuntza ikasteko.
    Hori bai, darabiltzagun hizkuntzak ere ez dira berdinak, ez zaizkigu berdinak.
    Gure etxean geure hizkuntza Euskara da; besteak ere ezagutzen ditugu, neurri batean edo beste batean, baina horiek ez dira gure hizkuntzak. Uste dut helburutzat ez dugula zertan hartu elebakar(dade)tasuna, ez eta haurrendako ere. Ez dakit zenbat belaunaldi behar dugun (dugun adore edo kemen eskasari erreparatuta) euskal komunitate bat berreratzeko, euskal komunitate bat bere burua birsortuko duena etengabe eta arazorik eta kezkarik gabe. Baina horixe da helburua.
    Euskara hizkuntza bizia mantentzea bezain garrantzitsua baita horretarako arrazoiak, motiboak eta zergatiak bilatzea, mantentzea, eta transmititzea. Hizkuntzarena berarena berez etorriko da…
    Haur eta gazteen kasuan, Euskaraz ez egitea bera baino, Euskaraz egiteko motiborik ez izatea da arazorik larriena…

  • 7 urterekin hasiko nintzateke pixkanaka ingelesezko edukiak kontsumitzen. Adin horrekin haurrek badakite irakurtzen eta azpitituluak euskaraz irakur ditzakete. Hau da, Eskandinaviako herrialdeetan egiten duten gauza bera egingo nuke.

    Beharrezkoa da euskaratuko ez diren film eta telesailetarako euskarazko azpidatziak sortzea. (Disney-ko filmak adibidez).

  • Mikel Haranburu 2021-09-22 14:50

    Zergatik Ingelesa? ORAINDIK ez ditu hizkuntzak mehatxatzen… ala? Anglofiliari ihes egin behar diogulakoan nago ni, eta Ingelesa ‘bere’ neurrian mantendu. Lehen “hizkuntzak jakitea” (cf saber idiomas) esaten zen/genuen; orain, Ingelesa da aldarera igota dagoena, eta gainerakoak zabor. Bitxia da gero, eta paradoxa, eleaniztasunaren izenean goratzen ari ‘garen’ hizkuntza mundu guztian elebakartasuna aski eta nahikoa dutenen hizkuntza izatea, hain zuzen ere. Eta gainera, horren kontura negozio itzelgarria egiten uztea…
    Gainera, zalantza dut ea ingelesezko edukiak diren hor barrena kontsumitzen direnak, ala Ingelesa gehitua dutenak, atorrak eta poltsak eta beste hamaika gauza bezala, Errealitatea Ingelesaz bailegoan…
    Inglish fri man izan nahi nuke nik…

  • Ingelesarekin kontuz, oso kontuz! Oraintsu artio erdara zen lehen hizkuntza eta euskara bigarrena. Orain, berriz, ingelesa, gaztelera eta hirugarrena baina oso oso urruti euskara. Gurasoek badakite ere. Umeek gazteleraz ongi ikasten dutela eta orain suturik dabiltza ingelesa ongi ikasi behar dela eta. Eta Osfordeko azentuaren bila hasi dira gainera. Hori da nire inguruan sumatzen dudana. Ingelesa zertarako, norendako, zein adinetan…? Itsu itsuan beste inperi baten atzaparretan erori gara

  • Klima aldaketaren kotrako agerraldia gaur atsaldean Iruñeko Gaztelu Enparantzan, kioskoaren aitzinean.,200 lagun 15 elkarteek deiturik. Kartel printzipala, handiena gazteleraz, ttikigokoa, aitznekoaren erdia euskaraz. Beste 40-50 kartel egin berri-berriak, %70 gazteleraz, %30 ingelesez. Euskaraz %0.
    Musika: %50 ingelesez, %50 gazteleraz, den-dena inportaziokoa.
    Boltsak, biserak… gehientsuenak ingelesez, zerbait gazteleraz. Euskaraz 0
    Eta nork dio ingelesak ez digula kalterik egiten?

  • Nik diot ingelesa ez dela mehatxu zuzena. Agian bai zeharkakoa, agian epe ertain edo luzerako… Baina gaur-gaurkoz ez behintzat. Aurrekoan idatzi nuen bezala, gazteek beraien artean ingelesez hitz egiten entzuten ditudanean iritzia aldatuko dut baina orain arte behintzat ez da horrelakorik gertatzen.
    Bestalde, Euskal Herriak bigarren hizkuntza “inperial” bat behar du eta hobe ingelesa hezurretara sartuta dugun gaztelania (eta Ipar Euskal Herrian frantsesa) baino, izan ere ingelesean ez gara guztiz elebidunak eta gazteek ingelesa eta euskararen artean aukeratu behar badute euskara aukeratzen dute. Jakina gaztelania eta euskararen arteko aukeraketan gehienetan gaztelaniak irabazten du.

  • Mikel Haranburu 2021-09-27 12:42

    Ingelesa mehatxu zuzen-zuzena da, ez soilik Euskararentzat, baizik eta Gaztelaniarentzat berarentzat ere. Gaur egun Gaztelania ingeleskeriaz josita dago, eta Euskara bide beretik doa. Aurrekoan agiri bat jaso nuen (albaran moduko bat) eta honakoak irakurri nituen, 60 hitz besterik ez zuen testuan: naming, claim-a, landing, bloga eta hosting-a. Jakina, hitz gakoak zirenak. (Irakur Sustatun basque eta abarren izendapen aferari buruzkoa…)
    Ez baita kontu bakarra gazteek zer hizkuntza darabilten beren artean; XX. Mendean gure hizkuntzak ordezkapen itzelgarria jasan zuen, minorizazioa autogorrotoraino heldu zen sarri askotan, eta hori guztia gertatu zen norbere buruaren pertzepzioa guztiz alienatua suertatu zelako. Hori da gaitza; ez dugu gure buruarengan sinesten, eta zuk diozu hizkuntza “inperial” bat behar dugula? Errealitatea ez da errealagoa Ingelesez egoteagatik.
    Gaztelaniari neurria apaltzeko gauza ez gara eta zuk nahi duzu Ingelesa ere sartu? Gauza sentitzen bazara diglosia ez baina triglosia gorrian bizirik ateratzeko, zorte on!
    Gainera, uste dut ez dela komeni gaitza sartuta egon arte itxarotea… txertoa jartzeko… Hobe Ingelesari mehatxu zuzen bilakatzeko aukerarik ez ematea… ez al dakizu Ingelesa dela ingeles egiten gaituena?

  • Beñat Castorene 2021-09-27 15:06

    Ingelesa ikastea untsa da batez ere lanbide batzuetrako.
    Baina ados Mikelekin: Ingelesa mehatxu bilakatzen ari da frantsesa eta espainola bezainbat baina arrazoi desberdinentzat; Ingelesarako pasioa da globalisazioaren ondorioa eta kausa orobat. Anywhere guzien hizkuntza maitea da.
    Pentsakor geratzen naiz haurrak ikusten ditularik ingelesa eskolan baita eskolatik at ere ikasi eta gero orduak eta orduak pasatzen TBko serie amerikarren aurrean.
    Ez ote gara euskaldun belaunaldi anywhere bat preparatzen ari? Baginuen beharrik?

  • Mikel Haranburu 2021-09-28 11:07

    Ados, Beñat. Ingelesa ikastea ez dago gaizki. Baina kontziente izan behar dugu, Igelesa zer den norberarentzat, eta Euskara zer den, eta abar. Alde batetik, hizkuntzak ez dira denak berdina hiztunontzat. Ingelesa tresna, lanerako lanabes, are kultur gai ere. Gure hizkuntza, Euskara. Beste hamaika hizkuntza dago hor barrena, guretzat ezer ez direnak; hizkuntza bakoitza gutako bakoitzarentzat balio desberdina da.
    Beste alde batetik, Ingelesa zein Frantsesa, zein Alemana ikastea planteatzen denean, eta horren inguruko eztabaidetan usu (“Ingelesarekin munduko edozein bazterretara joan zintezke”…) aukera pertsonalez ari izaten gara. Ingelesa eta hiztuna, ala ikastuna. Arazoa sortzen da, sortuko da, aukera hori kolektibo izatera iristen denean, orduan hasiko baita Euskara (berriro ere), baina baita Frantsesa edo Gaztelania ere, lokal izaten, bazterreko, aldeano, ez-munduko, baztergarri.
    Uste dut aipatzen duzun globalizazioaren aurpegi hori dela…
    Eta Europan zer? Europan Ingelesak jaun eta jabe izaten jarraituko du, elebakar britanikoek, bigarren hizkuntzarik eta hortaz eleaniztasunik, eta hortaz hizkuntza aberastasunik, behar ez duten horiek, Batasun delakotik alde egin bazuten ere…