Neurrigintza

Neurrigintza –

Hizkuntzen mapa osatzerakoan, gaur egun neurgailu jakin hauek gailentzen dira: erabileraren kale-neurketak eta hezkuntza-ereduen ehunekoak. Halakoek ikusgarri egiten dituzte hizkuntza-gertaera zenbait. Trazu horien berri izatea garrantzitsua da, jakina. Esku-hartzeak ere neurketei erantzuteko egin ohi dira (eremu jakin batean erabilera sustatzeko ekimenak, D ereduko matrikulek gora egiteko ekimenak…).  Neurgailuetariko bat aztertu dute Euskal Herrian Euskarazek eta Aztiker Soziologia Ikerguneak, eta ondorioztatu dute EAEko D hezkuntza-ereduak ez duela beti euskararen transmisioa eta jabekuntza bermatzen. Baina maparen sakonerara heltzeko, neurkizunak ezbaian jarri behar. Eta, neurgailuen logika birpentsatzearekin batera, hizkuntzen mapa azalean gera ez dadin, bestelako neurriak hartzea beharrezkoa da.

Hizkuntza-gertaerez eta hizkuntza-ohiturez aritzean oso arreta gutxi eskaintzen zaio egoera jakin bati: bakarrizketari, edo bakardadean egiten dugun hautuari. Bakarrizketetan, zer hizkuntza-ohitura dugu? Bakarrik gaudenean, zer hizkuntza-hautu egiten dugu? Halakoetan ere sozializazio-keinuak eta hautu linguistikoak etengabeak dira: gogoeta egitean, musika jartzean, erosketaren zerrenda egitean, Interneten nabigatzean, irratia piztean, libururen bat hartzean… Barne-munduak ere badu paisaia linguistikoa, hizkuntzaren sozializazioa ez da bakarrik kalean zein eskolan jokatzen.

Neure kasuan, barne-mundu hori euskalduntzea izan zen prozesurik zailena, baina, baita erabakigarriena ere. Nire belaunaldiko jende asko bezala, ikastolan euskaldundu nintzen. Amak kontatu didanez, kosta egin zitzaidan euskaraz eroso aritzea, irakasleek euskara ez nuela sekula ikasiko uste izateraino. Ikastolan isil-isilik egoten nintzen, adi, hitzik esan gabe. Irakasleak uste zuen ez nuela ezertxo ere ulertzen. Gurasoei gomendioa eman ere: urte amaierarako hitzik egiten ez banuen, beste eskolaren batera joatea komeni zela. Gogoan iltzaturik ditut garai hartako irudi zenbait, sentsazio zenbait. Halako batean euskaraz hitz egiten hasi nintzen: neska isila hiztun bilakatu zen. Ikastolak ederki euskaldundu ninduen, eta hala ere, nerabezaroan eguneroko borroka bilakatu zitzaidan euskaraz aritzea. Pentsaezina zait, ongi euskaldundu gabe, mintzatze-ariketa hutsak nolako zama behar duen izan, testuinguruan akuiluak eskas zaizkizunean.

Euskaraz eroso aritzeko gai nintzela heldu nintzen unibertsitatera, Euskal Filologia ikastera. Nolanahi ere, hemezortzi urte nituela, gazteleraz pentsatzeko ohitura nuen, gazteleraz amets egiteko ohitura nuen, gaztelerazko kulturara jotzeko ohitura nuen (salbuespen bakarra, musika izanik). Unibertsitate-garaian beste kultur ohitura batzuk neureganatu nituen, eta euskarazko beste esparru batzuk hurbilagotik ezagutu (irratia, literatura, antzerkia…). Batik bat irakurketa-ohituretan izan zuen eragina: euskaraz gehiago irakurtzeari ekin nion, gazteleraz baino gehiago. Ohitura-aldaketa hori mugarri izan zen: aldaketa horri esker, eta euskaraz pentsatzeko ariketa egiteari esker, hizkuntza-joera garrantzitsu bat eraldatzea lortu nuen: hogeita bat urterekin, lehen aldiz, euskaraz egin nuen amets. Oso gogoan dut egun hura. Barne-mundua euskaraz elikatzeko ariketa egin arte, neuk behintzat ez nuen lortu euskaraz amets egitea, euskaraz gogoeta egitea, euskaraz neure buruari aholkuak ematea.

Besteak beste, kultur ohiturek elikatzen dute barne-munduaren paisaia. Hizkuntza-transmisioa bermatzeko neurriak edo neurketak ugari izan ohi dira, baina, urriak dira oso kultur transmisioa bermatzeko neurriak eta neurketak. Zail egiten zait kultur transmisiorik gabeko hizkuntza-transmisio sendorik irudikatzea. Zail egiten zait kultur ohiturak eraldatzeko egitasmorik gabe hizkuntza-ohiturak eraldatuko direla irudikatzea.Neurrigintza

Neurrigintza Neurrigintza Neurrigintza
euskara, kultur ohiturak, transmisioa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude