Natural-natural?

Natural-natural? –

Feminismoak bultzaturiko “desnaturalizazioa” kontzeptua hizkuntzaren eta kulturaren esparrura eramanez gero, pentsatu behar omen dugu emakume edo gizon inor jaiotzen ez den bezala, euskaldun ere ez dela inor jaiotzen, euskaldun norbera egiten dela ingurune kultural eta baldintza jakin batzuetan (Itziar Nogeras: “Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko elkarlana”).

Natural-natural?

Buruan iltzatuta gelditu zait. Nire uste xaloan, natural-natural jaio nintzen euskaldun edo jaio ninduten. Nire jaioterrian arruntena zen jaio nintzen garaian euskaldun jaiotzea. Eta natural eskuraturiko izaera euskaldun horri geruza kulturala erantsi nion, kontzienteki egindako hautuaren ondorioz. Bai, baina euskaldun jaio ote nintzen?

Lehenbizi, gurasoek, osaba-izebek –aitona-amonengandik nortasuna jasotzeko aukera handirik ez dut izan–, eta senide eta lehengusuek eta transmitituriko eta partekaturiko hizkuntzak eta kulturak egin ninduten euskaldun, eta lau urterekin eskola erdaldunean abiatu banintzen ere –egia esateko ez nuen traumarik bizi izan erdal eskolan, segur aski gehienok euskaldunak ginelako eta gure artean hala egiten genuelako–, gure egoera politiko zapalduak hartaraturik, naturalki euskaldun jarraitu nuen, lagun-taldean eta abar. Gutxiren kasua izan dela hori Euskal Herrian?, bai, badakigu, baina, gutxi edo asko, ez al gara naturalki jaio euskaldun eta izaera euskaldun natural horri geure borondate kontzientez erantsi geruza kulturala, erantsi diogunok. Baina, berriro, gatozen lehenago egindako galderara? Euskaldun jaio nintzen ala familia eta gizarte baldintzek egin ninduten euskaldun hasiera baten, eta neuk osatu dut jaiotza “natural” itxurako baina, finean, kulturala den hori?

Hizkuntza bezain natural, kontzientzia dudanetik, mutil sentitu izan naiz. Testosteronagatik edo fisiologiagatik edo naturagatik mutil ikusi dut neure burua, eta ingurune hurbilak ere hartara bultzatzen ninduelako mutil jokatzen saiatu naiz. Arrebek baino muskulu gehiago nuela konturatzen nintzen, indar fisiko gehiago, eta hamabi urtez gero, neskek erakartzen ninduten fisikoki, ez mutilek. Badakit beste hainbati ez zaiela hala gertatzen eta nire modukoak bezain errespetagarriak direla. Alabaina, sexu ezaugarri ezberdinak, lehen mailakoak eta bigarrenekoak, naturalak dira, baina, esaterako, neskak ikasketa eta lanbide batzuetara bideratzea eta mutilak beste batzuetara, ez, ezta? Sexua ez bezala, generoa eraikuntza psikosoziala baita, labur esanda. Sexu ezaugarri natural ukaezinak badaude, baina generoa eraikuntza da.

Oraindik orain irakurri dut berriz Joxe Azurmendiren “Gizaberearen bakeak eta gerrak”. Honela dio hitzaurrean: “Niretzat, gizona, lehen-lehenengo, animalia bat da. Hain datu sinplea eta elementala iruditzen zait hori, ezin bait dut konprenitu, zergatik, holakorik testuinguru politikoan, edo, berdin da, teologikoan eta erlijiosoan ere, ateratzea, inori probokaziorik iruditu behar zaion” (Elkar, 1991, 13.or.).

Joxe Azurmendik hitz horiek 1975 urte inguruan idatzi zituen. Orduan, bere belaunaldiko askok uste zuten iraultza posible zela, euskal estatu sozialista posible zela; aski zela gizakiari buruzko teoria bereziki marxista on batekin, eta teoriari zegokion praxia aurrera eramatea. Iritzi orokortu horri kontrapuntua jarri nahi zion zegamarrak: kontuz, gizakia –artean, “gizona” idazten zen– beste ezer baino lehen, aberea da, eta iraultza handi-perfektuetan sinestea baino hobe da helburu apalagoak ezartzea gizakioi, eta beti inperfektua izango den munduan, askatasuna eta justizia pittin bat lortzeko bide ez-ziurra egiten ahalegintzea. Nik, berriz, aipu hori dakart hona aditzera emateko feminismoak ez duela gizakiaren alderdi naturala ukatzen, baizik eta genero inposizioak.

Seguru nago ezen, Euskal Herritik kanpo biziko banintz, neure ingurune natural-kultural propiotik at, laster galduko edo urardotuko nukeela neure izaera euskalduna, bestelakoak gaina hartuko lidakeelarik, eta hori berori dago esaten zirkunstantziek egiten gaituztela geure hautu propioez gainera. Era berean, baldin eta lehen mailako sexu osagaiak erauziko balizkidate, nire izaera naturala ere aldatuko litzateke, baina generoa ez, eta gainera naturak ez gaitu erabat baldintzatzen; horixe baitugu gizakiok abantaila animaliekiko, baldintzapena erabatekoa ez izatea.

Horra nola elkartu zaizkidan Joxe Azurmendiren aspaldiko idatziak eta oraintsu Itziar Nogerasi irakurritakoak, sexua-generoa eta hizkuntza-kultura kontzeptuen paralelismo iradokitzaile batez.

Natural-natural? Natural-natural?

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

13 pentsamendu “Natural-natural?”-ri buruz

  • KULTURARIK bagerik HIZKUNTZAK pot.

    Hori esan gura baduzu, guztiz ados.

    Gauza da, nola egin bidea, PRAKTIKAN, euskera kulturaz janzteko.

    hORTARAKO plangintza zehatza, esan nahi tu.

    Praktika aipatzean euskaldunok HANKA egiten dugula uste dut. Uxatu egiten garela. Ospa Forotik, Mutis.

  • Gizarte zibil dinamikoa eskatzen du zuk diozunak eta indarrean den marko soziopolitiko-kulturalak zailtzen du.
    Nik batez ere zalantzan jarri dut natural-naturaltzat hartzen duguna, sexu-genero eta familia-hizkuntza eta kultur hizkuntzaren kontzeptuen artean. Konplikatu samarra atera zaidala iruditzen zait.

  • Benat Castorene 2021-10-03 09:58

    Erratzeko arriskurik gabe erran dezakegu euskaldun jantzia izaiteko hoberena da ingurumen euskaldun jantzian sortzea da.
    Baina, gurean bederen, hori oso bakanki ikusten da eta egoera ez da berez eta mirakuluz hobetuko. Ez da deus igurikatzeko ezarritako sistemarik.
    Plangintza zehatz bat bai nahi dut baina zer planifikatzeko? nola? zer baliabidekin?

  • zER planifikatzeko? Patxik aipatzen duen “gizarte zibil dinamikoa”

    zER baliabiderekin? Euskerari buruz kezkatuta gaudenok astean 3-4 ordu horretarako PLANGINTZA eta programa zehatz bat egin dezaketen taldetxoak sortuz herrialde edo eskualde bakoitzean. Eta progama hori eskainiz “gizarte zibil dinamikoaz” irauten duten guneei; kultur elkarte, eskola….

    Hots, KULTURGINTZA-2022 abian jarriz.

  • Benat Castorene 2021-10-03 12:59

    Ideia ona
    baina erakasleak?

  • Bada erakasle aski, borondatea ipiniz gero (3-4 ordu astean): bada gurean aditurik literatura, hizkuntzan, antropologian, ekonomian, borroka feministan, etab.

    Herri mugimenduekin lotuta datorke ekimen hau.

    Has gaitezke bederen bi edo euskualdetan. Merezi du froga egiteak!

  • Ni prest nago halako aurre-taldetxo baten parte hartzeko Hizkuntza eta Antropologiaren adarrean.

  • Benat Castorene 2021-10-04 13:02

    Ongi
    baina nork finkatuko du programaren edukia?

  • Ontsa. Abian. Lehenik, plagintza honetan abiatzeko ez izan behar kriston aditua.
    Herri Bilerara apuntatuko de jendea aski kultua izanen da talde-lanean ekarpenak egiteko eta pensamenduaren dinamika aberasteko,

    Plangintza zelan egin?

    -Bakoitzak berak ulertzen duen GAIAri buruzko eskema bat aurkeztu. Nik, adibidez, Hizkuntza eta Antropologia alorrekoa eginen dut, eta hiru-lau egunetara bidali, Besteren batek egiten badu beste horrenbertze gai berari buruz edo besteren bati buruz, egitea dauka.

    – Nik beste aditu batzuei erranen diet gure plana (Komunala defendatu eta bultzatzen duen bati; IRUÑA-VELEIAz dabilen bati; eta Pandemiari buruzko plataformako bati). Horrela Sarea hedatzen joanen gara.

    Bakoitzak dagokion eskema hori aurkeztuz gero, lanak bildu ditzakegu, eta behin betiko plangintza orokorra prestatu Kultur Gune ezberdinetara aurkezteko.
    Ados?

  • Unikornio Arrosa 2021-10-04 16:53

    Ados, Josu. Nik nire aldetik lurra zelaia dela defendatzen duen koinatu bati erranen diot. Norbaitek kreazionista bat ekartzen badu, sare polita osatu dezakegu.

  • Zenbat eta dialektika gehio, hobeto… enbarazu ez diren bitartean

  • Unikornio Arrosa,

    Izen horren anonimato azpian, ez zekiat ZER haizen (gizaki ala unikornio), eta NOR haizen ere (negazionista ala komiko).

    Euri dagokik zer/nor haizen argitzea, baina, esan bezala, enbarazurik ez zekiaguk behar, berez ere nahiko eta sobera enbarazu baitiagu.

  • kulturgintza-2000 prestatzen:

    1. zikloa:
    HIZKUNTZA: -Euskera eta Generoa: euskerak ba al du genero-ikuspegirik?
    -Sexua eta sexu-jarduera izendatzeko hitzak.

    ANTROPOLOGIA: -Zer pentsaera zuten euskaldunek Heriotzari eta Osasunari buruz?