[Euskararen (pro)bokazioa] Kartoizko hitzak: Mugatu

[Euskararen (pro)bokazioa] Mugatu

Euskararen probokazioa

Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.

Atal berriaren bigarren proposamena:

.

MUGATU

[Euskararen (pro)bokazioa] Mugatu.

Nola bizi izan ote da euskara XXI. mendera arte ezer mugatu gabe?

Muga, mugalari, mugatzaile, mugagabe… ezagunak dira gure tradizioan. Gaur egun, ordea, gaztelaniaren eragina iritsi arte beharrezkoa izan ez den egitura batek muga guztiak hautsi ditu:

Ministroa ez da mugatu aurkariak kritikatzera; iraindu ere egin ditu.

.

Arbaso gaixoak! Halakorik erabili beharrik ez! Eta orain ez dugu modurik hori beste era batera esateko. Orduan, nola moldatzen ziren beraiek “El ministro no se ha limitado…” esateko? Jo dezagun esanahira. Ministroak bi gauza egin ditu. Baina banan-banan aletuko ditugu:

Ministroak aurkariak kritikatu ditu

eta

Ministroak aurkariak iraindu ditu

.

XX. mendera arteko euskaran esateko moduan proposatuko ditugu:

Ministroak, aurkariak kritikatzeaz gain, iraindu ere egin ditu.

Ministroak aurkariak kritikatu bakarrik ez, iraindu ere egin ditu.

Ministroak aurkariak kritikatu eta iraindu egin ditu.

.

> Datorren astean, bigarren proposamena: Hatxe

[Euskararen (pro)bokazioa]
euskara, Euskararen probokazioa, mugatu

5 pentsamendu “[Euskararen (pro)bokazioa] Kartoizko hitzak: Mugatu”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2017-03-12 10:50

    Ez naiz gehiago sartuko zurekin atal honetan jarraitzen baduzu zure mania pertsonalak azaltzen (hori pentsatu dut orain behintzat, baina jakizu!), eta gaurkora mugatuko naiz.
    Ze inporta zaigu nondik datorren esamolde bat, euskaldunoi erabilgarri/baliagarri iruditzen bazaigu? Edota euskaldunok ezinbestean mugatuak egon behar dugu gure arbasoek (zure ezagueran) erabili zuten hartara bakarrik? Beraz hizkuntza itxia dugu jada? Kontua ez da molde zaharrak baztertzea, bai aldiz haiek ahalik eta hobetoen ezagutzea, sortzen ditugun berriak ere lotuak izango direlako iraganarekin. Zenbat denbora jarraitu behar dugu galtzen modu batzuk edo besteak kanpotik baztertu nahian? Erabilerak baztertuko ditu batzuk eta goratu besteak, gero hauek ere alboratu eta beste zeinahi altxatzeko, ez? Erabili dezagun beraz erruz eta lasai maniatikoak gorabehera!
    Bide batez, irakurri gura baduzue Euskaltzaindiaren hiztegiak zer dioen Ritxik anatemizatu gura duen MUGATU hitzaren delako erabileraren gainean 7 azpiataletan (nolatan lobotomizatuko dugu gure garuna horietatik ez erabili ahal izateko hain justu Ritxiri gustatzen ez zaion adiera?):

    Mugatu, muga/mugatu, mugatzen 1 du ad. Mugen barruan atxiki, muga bidez murriztu. Etxe lurrak mugatzen dituzten mugarrietan. Ez dakigu erregela mugatu ala zabaldu behar ote dugun. Batzorde horren xedea zabalkiago mugatua zegoen lehenbizi hartan. Latinak Elizan zuen erabateko nagusitasuna mugatu, eta herrietako hizkuntzak ezarri ziren haren lekuan.

    2 du ad. Muga izan, mugatzat izan, muga gertatu. Alpe mendiek mugatzen dute Frantzia Italiako aldetik.

    3 du ad. Mugak finkatuz zehaztu. Xedeak, legeak mugatu. Euskara idatziaren ohiturak ongi finkatuak eta mugatuak zeuden punturik gehienetan.

    4 da ad. Muga jakin batzuen barnean gelditu. Gure filologia gehiegi mugatu dela testuetara.

    5 du ad. Hizkl. Izen sintagma bati determinatzaile bat ezarri.

    6 (Era burutua izenondo edo izen gisa). Gizadiaren jakite mugatua. Klasikoen neurri mugatuetan mintzatzen den arima. Mugagabea eta mugatua omen dira zer guztien oinarri.

    7 (Era burutua izenondo edo izen gisa). Hizkl. Euskal gramatikan, izen sintagmaz mintzatuz, mugatzailea duena; deklinabide motez mintzatuz, artikulu marka tartekatua agertzen duena. Izen sintagma mugatua. Deklinabide mugatua. Izen mugatuari artikulua kenduz gero gelditzen zaiguna. Mugatu singularra eta plurala.

  • Josu Lavin

    Bittorrequin bat banathor ere, ez naiz bakarric horretara limitatuco, baina erranen dut ecen adiera batzuetan limitatu hitza hobe liçatela ecen ez mugatu.

  • Baten Batera 2017-03-14 23:19

    Erdera ezinezkoz beterik dago eta azken aldian euskeraren balioaz ahazturik, erderaren maillara “jeitsi” nahian gabiltza. Gogoz oso erdaldundunik gabiltzala iruditzen zait.
    Ministroaren mugatzea, gezurretazko esan bat da, gehiegizko eragin bat sortzeko egina.
    Hitzekin ere; begira: Aurrekontua, diru BANAKETARI esaten diote politikoek. Erderaz, “aurrekontu aurrea” diote, PRE -SUPUESTO…….

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude