Miren Dobaran Hizkuntza politika sailburuordeari gutuna

Miren Dobaran Hizkuntza politika sailburuordeari gutuna –

Xabier Alkiza San Marcelok Berria egunkarian, BIEUSE, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen izenean.

Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartean etsipenez eta negarguraz irakurri ditugu joan den urtarrilaren 2an, BERRIA egunkarian azaldutako elkarrizketan, oro har, baina batez ere, ikus-entzunezkoen inguruan, sailburuordeak esandakoak.

Miren Dobaran Hizkuntza politika sailburuordeari gutuna

Dobaran andre agurgarria:

Gure iritzian, azken hogei urteetan ezarritako ereduak (euskal bikoizketa deuseztatu zuena, alegia) ez dio euskarari inolako mesederik egin. Eredu horrek lortutako uzta da, adibidez, euskaraz zinema garaikidearen erreferente bakar bat ezin ikusi ahal izatea. Eredu hori da «euskal» izenez gaztelerazko filmei diru laguntzak bideratzen dizkiena. Eredu hori da Euskal Telebista izenekoan filmak gazteleraz bikoiztuta ematea ahalbidetzen duena, euskarazkoak bikoizteko dirurik ez ei dagoen artean. Eredu hori da azken 20 urteetan haur eta gazte euskaldun guztiak gaztelerazko edukiak ikusten jarri dituena.

Hilabetean behin, gehienez, maila eskaseneko zinema estreinaldi bat eskaintzen diezue haur euskaldunei. Kontsumitzaileen %80k edukiak bikoiztuta ikusten dituen lurraldean euskararentzat azpidatziak eskatzen dituen eredua da, zuena.

Mundu guztian, bikoizketa gero eta gehiago egiten den une honetan, euskaldunek jatorrizkoa gero eta gehiago ikusten omen dugu. Ez, Dobaran andrea, euskaldunek ikus-entzunezkoak gazteleraz eta frantsesez bikoiztuta ikusten ditugu, nagusiki. Zoritxarrez, ongi dakizu Dobaran andrea, ez daukazula plataformetan zer jarri. Orain artean izan dugun ereduaren erruz, euskaraz ez baitago edukirik.

Katalanei esker, hau da hau!, itxaropen izpi bat piztu da euskaldun askoren artean. Plataformak apur bat estutzeak, hizkuntza gutxituentzat onura handiak ekar ditzakeela ikusi dugu.

Galegoz eta katalanez edukiak bikoiztuko dira, baita gazteleraz ere, nola ez!

Baina, zure hitzak irakurrita, berriro ere, etsipen handiz aurreikusten dugu gure haur, gazte, zein helduok ez dugula, zuen ereduarekin, mundu mailan ikusten den film eta serierik euskaraz, sekula, ikusiko.

Bada, gure ustez, Dobaran andrea, euskarak beste hizkuntzen tratua merezi du!

Miren Dobaran Hizkuntza politika sailburuordeari gutuna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.