Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz –

Lander Arbelaitzek, Argia aldizkariaren Larrun bereziaren aurkezpenean.

Beldurra esan nahi du grezierazko fobos hitzak. Hitz konposatuetan erabiltzean, ordea, izu zehatzak izendatzeaz gain –araknofobia, adibidez–, gai edo pertsona multzo batekiko gorroto edo herraz mintzatzeko baliatzen da –adibidez, homofobia–. Larrun honetan hizkuntza zapalkuntzaren esparrura ekarriko dugu definizioa eta euskararen normalizazioarekiko aurkakotasuna aztertuko dugu.

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz
Ilustrazioa: Joseba Larratxe.

Gure mundu txikian harrabotsa sortu du berriki Ana María Martínez Navas epaile bilbotarrak, ebatzi baitu euskara zaila dela –“munduko bost hizkuntza zailenetako bat”– eta Laudioko Udala behartu hizkuntza perfila betetzeko baliabideak jarri arren, zortzi urtean postuak eskatzen zuen maila lortu ez zuelako kontratua eten zion langilea bueltan berriro hartzera. Sare sozialetan zalaparta sortu da, txisteak egin dira, epailearen iraganeko epaiak aztertu dira, hizkuntzalariek erakutsi dute ez duela ez hanka ez bururik eta euskalgintza mobilizatu da. Bataila ideologikoak jarraitzen du, ordea, eta euskararen aurkako diskurtsoak etengabe berritzen dira. Laudioko iskanbilaren uberan, El Correo eta El Diario Vasco egunkariek orri osora argitaratu zuten La esencial desigualdad de las lenguas artikulua hartuko dugu adibide. José María Ruiz Soroak sinatua da, Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakasle jubilatua.

Berdintasunaren aurkako aldarria da, funtsean. Labur azaltzeko, dio, hizkuntzak ezberdinak direnez, desberdintasunak direla nagusi. “Epaileak desberdintasun horren alderdirik anekdotikoenetariko bati eutsi zion, ikasketarako zailtasunarena, baina hizkuntzen arteko desberdintasuna esentzian bertan daramate”. Ondoren, hiru ideia nagusi.

Batetik, gaztelaniak leku askotan jende askoren elkar ulertzea ahalbidetzen duela, eta hizkuntza gutxituak –uler bedi, euskarak– gutxi batzuekin eta leku bakar batean. Beraz, “gaztelania hizkuntza hobea da, irratia edo telebista erabiltzea oihuka aritzea edo danborra jotzea baino hobeak diren bezala”.

Bigarrenik, “gaztelania da euskal herritar kontinentalen hizkuntza komuna”, denei elkar ulertzeko aukera ematen dielako. “Euskara euskal gizartearen zati baten hizkuntza partikularra da (…) eta hizkuntza komuna da gizarte politiko moderno batek duen aberastasunik handiena, herritarrei eztabaida sozial eta politikoan parte hartzeko aukera ematen diolako”.

Hirugarrenik, amaitzen du euskararen normalizazioa helburu duten politikak deslegitimatuz: “Euskararen aldeko politikekin historia eta errealitatea zuzentzen saiatzen dira (…) eta horretarako beharrezkoa da diskriminazio-sistema bat inposatzea bere pizgarri, sari eta zigorrekin, gizakien jokabidea eta historiaren emaitza okertzeko bezain indartsua dena”. Alegia, hedabide erdaldun nagusienak baliatuz euskarari hizkuntza txarragoa eta partikularra deitzeaz gain –supremazismo ariketa hutsa–, zigorrak eta inposaketak hizkuntza zapalduarekin lotzen ditu eta berdintasuna bilatzea “errealitatea zuzentzen saiatzea” dela dio. Ez dadila irakurlea harritu noizbait epaileren batek erabiliko balitu argudio hauek euskararen aldeko politikaren bat atzera botatzeko.

Izan ere, diskurtso euskarafoboek ahalbidetzen dituzte jarrera zehatz erasokorrak. Nahiz eta egunerokoan euskaldunak, euskaraz bizitzen saiatzeagatik gertatzen zaizkionak bere kolkoan eraman, noizean behin albiste batzuek prentsara salto egiten dute: Alesbesko Udalak elebitan zeuden kartelak zentsuratu ditu martxo hasieran, euskaraz ere bazeudelako; Eneko Sagardoyk salatu du Gasteizko Principal antzokian jendaurrean euskaraz ari zela “¿¡En castellano cuándo!?” garrasi egin dietela; Ertzainekin euskaraz hitz egin nahi izateagatik Eibarren herritar bat atxilotu dutela salatu dute; sare sozialetan zabaldu berri da eta askok barre egin diote epaitegi batean gaztelaniaz ezinean ari den euskaldun hiztunari…

.

Zer da euskarafobia?

Euskaltzaindiak bere hiztegian oraindik jaso ez badu ere, Wikipedian ondorengoa irakur dezakegu: euskararen kontrako jarrera da. Mendez mende agintariek, eskola sistemen kudeatzaileek edo pertsonaia publiko eta gizabanako batzuek euskara jazarri dute –jarraitzen du entziklopedia askeak–. Euskarafobiak debekuen, jazarpenaren edo bestelako neurri zein adierazpenen forma izan du historikoki eta euskaldunen aurkako jarrera Goi Erdi Aroko agirietan hasi zen esplizituki agertzen. Espainia eta Frantziako eskola sistemek euskararen kontrako lana egin izan dute denbora luzean, euskara gutxietsiz edota debekatuz.

1949ko azaroak 2: Gernikako alkate faxistak agindu zuen hilobietan ere ezin zela euskara erabili, hilarrietan euskarazko hitzak agertuz gero, hilarriak ordezkatzeko.

“Arrazismoa, matxismoa edota edozein zapalkuntza mota bezala, euskarak espainolen eta frantsesen aldetik nozitzen duen bazterketa eta menderakuntza lokarturik egoten da bolara batzuetan. Ez da ikusten, ez da ageri, ezti dago gure hizkuntza bere esparruetan, bere hiztunen gogoan. Baina zuk badakizu gerta daitekeela, mikro-eraso bat jasango duela euskara erabiltzeko zure eskubideak, edo makro-eraso bat, zure bake linguistikoa hankaz gora jarriko duena, sumindura guztia irazekiko dizuna, eta botere publikoen eskutik bezala euskalgintza instituzionalaren partetik babesgabe sentiaraziko zaituena. Beti da berdin, eta ez du konponbiderik”.

Pako Aristiren Euskarafobia izeneko artikuluaren hasiera da, Berria egunkarian argitaratua. Hizkuntza komunitate gisa gizarteko gutxiengo zaurgarri baten aurkako jarrera kontziente eta politikoaz mintzo gara, beraz. Ez da munduan euskaldunen aurka esklusibotasunez egiten den zapalkuntza, hizkuntza batek baino gehiagok geografia bat partekatu eta elkar ukitzen duten leku guztietan gertatzen da eta beti batzuk bilakatzen dira hegemoniko beste batzuk desplazatuz eta azpiratuz erabilera sozialetan. Kulturak horrela hiltzen dira, gehienetan mundu globalizatu honetan zaratarik atera gabe, eta are gutxiago, linguizidio horren eragileei ardurak eskatu gabe. Otsailean jakin da, yaganera hizkuntzaren azken hiztuna hil dela Txilen, 93 urteko Cristina Caldera. Bere seme-alabek ez zuten hizkuntza ikasi nahi izan, diskriminatuko zituzten beldurrez, alabetako batek sare sozialetan esan duenez. Herri horri, diskriminazioak eta bestelako zapalkuntza mekanismoak baliatuz, lekua kendu dio gaztelaniak.

Jazarpena burujabetza faltarekin lotuta dago eta inperio nagusiek bortizkeria izugarria baliatu dute urte luzez –galdetu bestela Ipar Amerikako inuit, meti, dakota edo txeiene herriei; Europako bretoiei, galesei, korsikarrei edo samiei; Hego Amerikako maputxe, nasa yuwe, kitxua edo guaraniei; Afrikako amazigei, tuaregei, burji-ei; Asiako kurduei, tibetarrei edo balutxeei, edo Ozeaniako ia uharte guztietako aborigen denei–. Munduan 6.000 hizkuntza bat daude, baina hamabost hizkuntza ia mundu osoan hitz egiten dira. Zergatik ote? Asimilazio prozesu oso mingarriak daude sakonean, oso biolentoak historiako une askotan, oso sotilak garai modernoetan eta oso eraginkorrak ia beti. Jendeak mila arrazoirengatik bere ama hizkuntza ez transmititzeraino. 100 urte barru egun bizirik diren munduko hizkuntzen erdia desagertuko dela diote adituek, nahiz eta horrek ez dituen munduko estatu nagusiak eraman alarma egoerak ezarri eta hizkuntzak biziberritzeko politikak eta aurrekontuak biderkatzera.

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz
1936ko abuztuak 11: Frankistek euskarazko liburuak erre zituzten Tolosako Plaza Zaharrean. Hiria hartu berritan, Ixaka Lopez Mendizabal kultur eragilearen liburuak eta argitaletxea arpilatu zituzten.

.

Nor saiatu da euskara desagerrarazten?

Ezin kontatuzkoak dira euskararen erabilera murrizteko herritarren aurka hartutako neurri eta legeak Euskal Herri zabalean. Eta noski, euskarak atzera egin du historian, baina ez daiteke esan bilakaera naturala izan denik. Dabid Anauten Euskararen kate hautsiak liburuan bezala, Joan Mari Torrealdairen hainbat lanetan –El libro negro del euskara edo Asedio al euskara. Mas allá del libro negro…– dokumentatuta geratu da hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Nafarroako konkistak, Frantziako Iraultzak, Isabel II.aren agintaldiak edo Primo de Riveraren diktadurak izugarrizko errepresioa ekarri zuten euskaldunen aurka, epe historiko batzuk aipatzearren. Hala ere, zapalkuntza politikoaren muturreko adierazle ezagunena frankismoa dugu, euskaldunekiko mespretxua hizkuntza bera ere ukatzera iritsiz; eskola frankistetan euskara dialektoa zela aldarrikatzen zuten.

Eraso horiek ondorio sakonak utzi dituzte komunitatean, eta leku askotan euskararen transmisioa eten zuten. Hegoaldean 1936ko Gerra baino lehen gora zetorren Euskal Pizkundea mugimendu euskaltzalea adibidez, kolpetik moztu zuten. Halako zigorrek euskaldun askoren autoestimuan zauri sakona utzi dute eta azken mendeetan euskarak lurraldea bezala milaka hiztun galtzearen arrazoi nagusia izan dira. Inork ez baitu bere ama hizkuntza albo batera uzten bortxarik gabe. Gaur egun, euskarari jarri oztopoek beste itxura bat dute gehienetan. Euskara debekatu beharrik gabe, hizkuntza hegemonikoei botere, bitarteko, babes legal eta prestigio sozial osoa ematea txikiaren aurka egiteko modu zuzen askoa da, sotil-sotil.

Euskal Herrian eraztuna bezala, Galesen ‘Welsh Not’ zioen lepokoa ematen zieten irakasleek galeseraz mintzo ziren haurrei, ondoren zigortzeko. Mundu osoko hizkuntzen aurka errepikatutako praktikak dira. Ordenagailuz eginiko irudi honen egilea: John Jones.

Hala ere, milaka euskaldunek hizkuntza transmititu dute belaunaldiz belaunaldi, erakutsiz bazutela euskarak dakarren herri izatearen kontzientzia politikoa. Erresistentzia baten katebegi izan da gaur egunera arte hurrengo belaunaldiari hizkuntza transmititu dion pertsona bakoitza, bera euskalduna izan ala ez. Azpimarragarria da herri ekimenari eta ekimen instituzionalari esker, atzera zihoan hizkuntzak azken 60 urteetan eremu berriak eskuratu izana zazpi lurraldeetan. Gaur egun, euskararen aurkariak dialektika politikoan hizkuntzaren normalizazioa inposaketarekin lotzen saiatzen badira ere, botere harremanak mantentzera bideratutako estrategia politikoa dago atzean, hizkuntzatik harago doazen interesekin normalean.

Eraztuna: Euskaldunek eskolan jasan duten zapalkuntzaren ikur nagusia, bai Hego Euskal Herrian, baita Ipar Euskal Herrian ere.

“Euskara identitate eta nortasun ikur indartsua da. Euskal Herria kohesionatzeko eta nazio eraikuntzarako tresna bikaina da, eta hori hain ongi ulertzea da, ziur asko, Euskal Herriaren usain hutsak ikaratzen dituen eragile politiko espainiar eta frantsesek euskararen aurka izan duten jokabidearen arrazoi nagusia. Ezberdin egiten gaitu euskarak”, Euskararen kate hautsiak liburuan Anautek ederki dioen bezala.

Que de una vez se llegue a conseguir el que se extingan los diferentes idiomas de que se usa en los mismos dominios y sólo se hable el castellano”. Gutxitan adierazten dute hizkuntzak desagerrarazteko asmoa hain garbi, horregatik da 1770eko maiatzaren 10ean, Carlos III. Borboiak sinatutako Cédula de Aranjuez dokumentu garrantzitsua. Ez da aldi bakarra izan, noiz edo noiz esplizituki adierazten baitituzte hizkuntza hegemonikoen aldeko politiken atzean dauden asmo politikoak. Aipatu dugun testutik 250 urtera, 2012an, Espainiako Kultura ministro José Ignacio Wertek esan zuen katalanezko murgiltze-eredua kendu eta gaztelania orduak inposatu nahi zituela ikasle kataluniarrak “españolizatzeko” helburuarekin.

Espainia eta Frantziako eskola sistemek euskararen kontrako lana egin izan dute denbora luzean, euskara gutxietsiz edota debekatuz

.

Aurreiritziek jarreretan eragiten dute

Nolabaiteko ez-adituen hizkuntzalaritza edo hizkuntzari buruzko uste orokortu asko jasotzen dituzte aurreiritziek. Orotarikoak izaten dira, mesedegarriak edo kaltegarriak. Eta zein dira Euskal Herriko erdaldunek euskararekiko dituzten aurreiritziak? Gai hau aztertzean, ezinbesteko erreferentzia da Esti Amorrortu, Ane Ortega, Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña ikerlariek egin zuten EAEko ikerketa sakona, 2009an argitaratua. “Euskarari buruzko aurreiritzi batzuk ezjakintasunean daude oinarrituta, baina uste orokortu horien eragina garrantzi handikoa da ondorio sozialak dituztelako”, diote.

Euskara gutxi edo ezer ez dakiten 47 lagunekin eztabaida-taldeak antolatu eta 18 eta 55 urte bitarteko 600 pertsonarekin ikerketa kuantitatiboa egin zuten galdesorta bat betearazita. Bertan jasota geratu dira zein anitzak diren hizkuntza ez dakitenen aurreiritziak, batzuetan beren artean kontraesankorrak izatera helduz. Denetarik dago: euskara hizkuntza zaila dela, euskalduna izateko ondo hitz egin behar dela, batzuek ondo hitz egiten dutela baina gehienek txarto –euskalkietan egiten dutelako eta ez euskara batuan, edo batuan egiten dutelako eta ez euskalkietan–, umeek erraz ikasten dutela baina helduentzat ia ezinezkoa dela, euskara galtzear dagoela, euskara enpresentzat zama dela…

“Aurreiritziok elebitasun edo eleaniztasun egoera sustatzeko sano kaltegarriak izan daitezke, hizkuntza txikiari eustea edo ikasteko ahalegina egitea oztopatzen dutelako”, ikerlari hauen hitzetan.

Aurreiritziek pertsonen jarrera politikoak elikatzen dituzte, batzuk aipatzearren: heziketa txarrekoa dela erdaldunak daudenean taldean euskaraz berba egitea, euskara ez dela edozein gaitasun baino garrantzitsuagoa, leku guztietan ezin dela euskara maila bera eskatu, hobe dela denontzat hizkuntza bakarra egotea, euskararen berreskuratzean azkarregi joaten dela, euskara hizkuntza ederra izanik lagundu behar zaiola baina ez “inposatu”, euskara ikasi nahi ez dutenen erabakia errespetatu behar dela… eta horiei gehitu behar zaizkie hizkuntza gutxituen ahulezia gutxiesten duten arinkeriak, iraganeko desmasiei garrantzia kenduta, egungo diglosia egoerak atzerakada prozesu naturalaren ondorio balira bezala jokatzeko jarrerak.

Hizkuntza hegemonikoei botere, bitarteko, babes legal eta prestigio sozial osoa ematea txikien aurka egiteko modu zuzen askoa da

Jarrera hauek aipatzeak ez du esan nahi ideia hauetakoren bat esan edo pentsatzen duen pertsona oro euskarafoboa dela; euskararen aurkako jarrera politiko eta kontziente gisa definitu dugu euskarafobia. Gizarte elebidun honetako ukiduren ondorioz, mota guztietako estres linguistikoak jasan eta euskara ez ikastea edo euskara beren bizitzetatik baztertzea erabaki du herritar askok, aurkako jarrera hartu gabe.

.

Nekea sumatzen dute

“Puntualki albisteren bat ateratzen denean, jendea sutu egiten da, baina egunerokotasunean asimilatuak ditugu hainbat errealitate eta ez dugu horri aurre egiteko tresnarik. Uste dut kontzientzia badagoela, baina desaktibatu egin gaituztela. Behatokira jende askok jotzen du, baina urteetako etsipena eta nekea nabari da. Ez dut nahi honetan tematu… esaten du jendeak. Ikusten dugu eskubide urraketa horiek jasaten dituzten herritarrek albo ondorioak ere pairatzen dituztela, eta horiek badutela eragina”. Agurne Gaubeka mintzo da, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria.

Berak uste du euskarari baino, pertsonei dagoela fobia, gutxiengoei. Hegemonikoa edo gehiengoa ez denari fobia. “Arlo ezberdinetan du isla euskarafobiak eta adierazgarria da hizkuntzaren alorrean nola zapaltzen dituen eskubideak. Hizkuntzarekikoak tratatzen ditugu guk, baina antzekotasun handiak ikusten dizkiot beste zapalkuntza batzuekin. Hausnarketa handia egin beharra dago herritarrek bizi dituzten eraso hauei buruz eta zer asimilazio eragiten digun gure bizitzetan. Administrazio publikoek badute erantzukizuna”, dio.

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz
Agurne Gaubeka da Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Euskal Herrian hizkuntza zapalkuntzak eragiten duen sufrimentuaren jarraipen zuzena egiten du bere kargutik. (Argazkia: Dani Blanco)

Kexak, zorion mezuak eta kontsultak jasotzen dituzte Behatokian. Gehienak kexak dira, eta asko, erasoen salaketak. Erasoez feminismoak egiten duen definizioa ekarrita, euskaldun bat, euskaldun izateagatik, euskaraz bizitzen saiatzeagatik, beste norbaitek zapaldu egin duela sentitzen duen edozer ulertzen dugu eraso gisa. Hauek ere orotarikoak dira, urtero-urtero ateratzen dituzten txostenetan ikusten denez. Errepikatuenak inbisibilizazio adibideak dira –euskarazko eskaintza falta, akatsak, bigarren mailako herritar sentiaraztea…– edo norbaiti euskaraz hitz egiteagatik egindako erasoak.

Herritarrek jarri salaketen berri arduradunei ematen dietenean, ea zer nolako erantzunak jaso ohi dituzten galdetuta, dio, erakunde publiko edo pribatu askok ez dutela erantzun ere egiten. “Ez soilik Behatokiari ez diotelako zilegitasunik aitortzen, baizik eta uste dutelako txikikeriak direla. Kartel bat euskaraz gaizki idatzi badago, norbaitek salatzen du, jakinarazten zaie eta ez dute erantzun ere egiten askotan. Nire lana epaitzen ari zara, ni zuri zerbitzua eskaintzen ari naiz eta zu lan gehigarriekin zatoz gisako jarrerak dituzte askok. Erakunde batzuek herritarrak salatutakoa ezbaian ere jartzen dutela dio, adibidez, esanez bi bertsio daudela edo herritar horrek agian izango zuela bestelako interesen bat, agian isunen bat libratu asmoz eskatu zuela euskaraz hitz egitea eta abar: “erantzun batzuk lotsagarriak dira”.

.

Zapalkuntza egitura osoa

Euskal hiztun komunitateak feminismotik zapalkuntzen egituraz ikasteko asko duela ikusten du Gaubekak: “Herritarrekin formazioa egin beharra dugu hizkuntzarekiko egiturazko zapalkuntzei begira, izan ere, hizkuntzen kontuan badaude beste borroka batzuekiko berezitasunak”.

Aurreiritziak eleaniztasun egoera sustatzeko kaltegarriak izan daitezke, hizkuntza txikiari eustea edo ikasteko ahalegina egitea oztopatzen dutelako

Euskaldunon eskubideetatik harago, euskal herritarron hizkuntza eskubideez hitz egitea ikusten du egokiago Gaubekak. Adibide gisa jarri du Durangoko hezkuntza zentro batekin gertatutakoa. Kartel orokorrak elebitan egin zituzten, baina atzerritik etorri berriei zuzendutakoak soilik gaztelaniaz. “Hori oso adierazgarria da, pertsona batzuek euskara haiena egitea ukatzen ari zara. Kartel horri buruz kexu harremanetan jarri ginenean aipatu zentroarekin, ondorengoa erantzun ziguten tonu txarrean –eta gaztelaniaz–: “Ez Ganbian, ez Ekuadorren, ez Ginean, –eta zerrenda super luze bat egin zigun emailez–, leku horietan guztietan ez da euskaraz hitz egiten”. Aho bete hortz geratu ziren.

Bestelako zapalkuntza eta borrokekin loturak egiteko asmoa ikusten zaio Behatokiari. Honela laburtu zuen Onintza Irureta lankideak Harro! Plataformak, Euskal Herriko Bilgune Feministak,  Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarrekin egin zuten agerraldia: arrazakeria gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz bizi nahi dugulako. Lelo horren pean, ezohiko argazkian, lau borroketan ari diren eragileak ikusi ditugu Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak norabide horri heldu nahi dio: hizkuntz eskubideak bestelako gizarte kolektiboengana gerturatu eta hizkuntzaren aldeko eragileak berak bestelako giza eskubideekiko konpromisoa adierazi dezan.

Durangoko pasadizoa horrekin lotzen du: “Hizkuntzaren gaia feminismotik landu nahi genuen, mahai gainean jarriz emakumeek euskara jasotzeko berebiziko oztopoak dituztela –ikasi nahi, baina denbora edo diruaren faktoreak daudela, adibidez–, eta uste dugu kanpotik datozenekiko ere gure herrialdearen parte direla sentiarazteko, euskara ikasteko eskubidea bermatu behar zaiela. Euskara eskura jartzea”. Hizkuntza eskubideak defendatzean, oraindik euskaldunak ez diren pertsona horien hizkuntza eskubideak ez direla ahaztu behar oroitarazten du.

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz

.

Erresistentzia ere, ez da atzo goizekoa

Egin dezagun mila urte atzera eta koka gaitezen Errioxan, Burgosko mugatik gertu dagoen Ojacastro herrian: 1239. urtea da.

Euskara da hizkuntza nagusia bertan eta herritar gehienak euskaldun elebakarrak dira. Halako batean, herriko epailearen aurrean euskaraz hitz egitea debekatu die ojacastroarrei Gaztelako ibar-jaunak. “Zer?! Gure hizkuntza debekatu?!”. Alkatea buru, ibar-jaun inposatzailea bahituko dute herritarrek hainbat egunez luzatuko den borrokan. Diotenez, ez dute askatuko Gaztelako Fernando III.a erregeak aitortu arte euskaraz hitz egiteko eskubidea dutela. Esan eta egin. Erregeak propio adierazi behar izan du baietz, ojastroarrek badutela beren hizkuntzan epailearen aurrean hitz egiteko eskubidea.

Dokumentatuta dagoen euskararen aurkako jazarpen lekukotzarik zaharrena da. Inposaketari euskaldunek egin erresistentziarena bezala. Autopsiarako Frogak maisulanean Koldo Izagirrek esan bezala:

Euskalduna jende basa
atertzen ez duen jasa
mintzaira utzi galtzera baino
gurago galdu arnasa
.

.

.

Zapalkuntzaren lekukotzak

“Kontatu zizkigun Eskolapio Eskolatik pasa zenean bizi izan zituen umiliazio eta gehiegikeriak. Besteren artean, euskaraz hitz egiten zuen bakoitzean behartzen zuten mihiarekin lurrean gurutze bat egitera”. Temas, pueblos y paisajes de Gipuzkoa liburua (1945)

Ostatu batean afaltzetik etxera heldu zen Jean Louis Iratzoki donibane lohizundarra. Kaletik balkoian zegoen ilobarekin hizketan ari zela, euskaraz, bere ondotik pasa ziren hiru gizonezkok modu txarrean galdetu zioten ea zer zen hizketan zerabilen patois hori; Frantzian zeudela eta frantsesez hitz egiteko hasi zitzaizkion. Euskalduna zela erantzun zien eta hiru gizonak oldartu egin zitzaizkion. Kolpatuta, zaurituta, orkatila hautsirik, Baionako erietxera eraman behar izan zuten. Berria egunkaria (2021eko uztailak 2)

“Mostradorean zegoena seinalatuz eta behatzarekin bat eginez, antxoa bat eskatu nuen. Bertako beharginak Estamos en España y háblame en español erantzun zidan. Denbora batera itzuli eta erreklamazio liburua eskatu genuenean, Vete a tu país esan niola adierazi zuen. Goitik behera ukatzen dut halakorik esan izana”. Hizkuntz Eskubideen Behatokia (2022ko txostena)

“Hitz egiten entzungo bazenitu, zaunka ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia baitute”. Codex calixtinus, V. atala (1138 eta 1145 urteen artean)

“Maisuak eraztuna ematen dio astearen hasieran umeren bati. Ume honek erregea du izena. Erne egon behar du eskolako umeetan nork egiten duen hitzen bat euskaraz eskolan edo eskolatik lekora eskolako besteren batekin, eta eraztuna ematen dio. Honek berriz kontu berari egon behar du erne, eta eraztuna eman, eta horrela batak besteari. Astearen amaieran maisuak eraztunaren galde egiten du, edo nor eta nor diren elkarri eman diotenak. Hauek denak besoak gurutze jarri behar dira, atorra atze aldetik jaso eta zigorra ematen zaie. Horrela gorroto hartzen diote beren naturari”. Autopsiarako Frogak lanetik aterea 1925ean argitaratu zen Guillermo de Humboldt y el País Vasco liburuaren erreferentzia.

“Eskari bat egin nuen postaz eta eta etxeko helbidea euskaraz jarri nuen. Correos Express-eko Gasteizko langileak oso era txarrean deitu ninduen esanez yo euskera ni puta idea, yo hablo en cristiano, si quieres que te mande el paquete dame la dirección en español”. Hizkuntz Eskubideen Behatokia (2022ko txostena)

“COVIDaren kontrako txertaketari buruzko informazio eguneratua eta osoa nahi izanez gero, gaztelaniara jo behar. Nafarroako Gobernuak ez ditu herritar guztiak berdin tratatzen, bigarren mailako herritar egiten ditu euskaldunak”. Hizkuntz Eskubideen Behatokia (2022ko txostena)

.

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz  Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz  Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz  Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz

Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Mintza gaitezen hizkuntza zapalkuntzaz”-ri buruz

  • Milesker, Zuzeuko lagunak, oihartzun egiteagatik!

  • Horratx beste lekukotza bat. Euskarafobia Urdaibaiko bihotzean ere:
    Gautegizko KANALA jatetxera deitu genuen bertan bazkaltzeko asmoz. Andrazko batek hartu zigun telefonoa, erdaraz, eta galdetu genion ea euskarazko arreta eman ahalko ziguten. Berak ezetz erantzun. Geuk eskerrak eman eta agur.
    Handik bost minutura jatetxeko jabearen guatxapa jaso genuen:
    “eres un trozo de mierda. La chica que te ha cogido el teléfono habla tres idiomas. ¿Cuántos hablas tú, paleto?”