Merkatua

Merkatua
Aurelia Arkotxak Iparraldeko Hitzan, merkatuan erabiltzen den hizkuntzaz.
Emilio, hizkuntzaren “behardenbezalakotasunarekin” batailan aritzea nago ez ote den gaurko garaietan pilpilean den gaia. Nunbait entzuna dakot Bernardo Atxagari erraiten ez ote giren puristegiak gaur.

Eta bertze nunbait leitua dut (ez niz oroit nun eta ez nork izkiriaturik) inguruko hizkuntzetarik ahal bezenbat urrun girelakoaren erakustea zaukula gaur laket.

Eta zer erranik hirueledunendako aski nabarmenak diren hitz-urruntze/hitz-hurbiltzeak ikusirik. Har ditzagun “huelga” eta “greba”. Hegoaldekoek banderoletan anitzetan “huelga” kentzen dute ordez “greba” ezarriz.

Bertzalde, gazteleratik zuzenean heldu den “topatu” hitza Iparraldean orai usu entzuten da, erromantzetik datorren eta Etxeparek 1545ean erabiltzen duen “kausitu” alde batera utziz. Zergatik bat utz bertzearen hartzeko? Zertako bat har bertzearen uzteko?

Zoin da hitz “garbi”ena? Eta zergatik behar ote du “garbi”a izan hitz batek? Kontua, hitz “eskualdunena”ren erabiltzea ote da? Eta zer erran nahi ote da horrekin? Zergatik beti har “askatasuna”, Etxepareren “libertatia” bazterrera utziz? Zergatik beti har bakarrik “iraultza”, Martin Goihetxek 1852an erabiltzen duen “reboluzionea” ez ikusiz? (“Eta koleran sarthurik, / Edo xarlatanek, aise trunpaturik / Dukenean egiñ reboluzionea…”, Axeriak, uliak eta sagarroia, 1852).

Ez ote litaike erakaspengarria “beharezdenbezalako” hiztegi baten muntatzea? Ez ote litaizke inpertinentzia eta desobedientzia osasun (linguistiko) iturri gaur?

Gabriel Arestik “euskara klaroa”ren erabiltzeko ordez, “garbia” erabili izan balu, zer? Konprenditzekoa da Gabriel Arestik azken urteetan (Joanes) Leizarragaren bideari jarraiki izana. Ez zitaiken soilik ortografia kontuengatik. Eskuara normalizatua delarik administrazionetan, erakaskuntzan, itzulpengintzan, errebelatzea, autore batzu egiten ari diren bezala, ez ote da eskertzekoa?

Uste dut Emilio arras konprenditzen dutala Oihenarten karbariek piku-ondoari egin zakoten gisarako otoitz baten bitartez Berriako zuzentzaile hipotetiko bati hel egitea: “‘Xuxen’ek gorriz emokatu arren, ‘amerrizatu’ hori errespeta ezazu: ez da hiztegian, eta artikulua egiteko erabilliko dut”. Oroit gaitezen, lau karbarietarik hiruk piku-ondoa hitz hauekin hasi zituztela inbokatzen: “O zuhatz orsto-zabala”… Ordea, Emilio, ez gira putzutik ateratzen zeren “inbokatu” dut erabili hemen, “otoiztu” idazteko orde… Edo “hel egin”. Edo “errekeritu”. Eta zergatik ez erabil “inbokatu” Leizarragak darabilarik (“Hire izen-sainduaren publikoki inbokatzeko libertatetik pribatuak baitirade”)?

MerkatuaHitzen piaiak ere interesanteak dira eta piaiarako bazter guziak dira eder izkiriatzen duenarendako. Nahiz bertze kontu batez ari zen, Xarles Bidegaini entzuna izana dakot ardura gure leku hauetan, “lehen” (ez hain aspaldi), ardura behiek bakarrik zutela pentzeetan, edo behitegian, “hausnartzen”. Eta, gure leku hauetan bederen, jendeek “gogoetatzen” zutela bainan ez “hausnartzen” preseski, gaur aldiz jendeek dutela hausnarketa egiten, behiek ez dakigularik, garai latz hauetan, zer duten ja egiten…

Montaignek omen zion merkatuan erabiltzen den hizkuntzarekin dela izkiriatu behar.

Ez adiorik Emilio.

Merkatua Merkatua Merkatua Merkatua Merkatua

azoka, euskara, harremanak, hizkuntza, merkatua, soziolinguistika
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude